Osalanek antolatutako «Laneko arriskuen prebentziorako BIM metodologiaren erabilera eraikuntza-obretan» jardunaldia egin zen atzo Bilboko Euskalduna Jauregian, eta eraikuntzaren sektorearekin lotutako profesionalak, enpresak eta erakundeak bildu ziren, digitalizazioak lan-arriskuen prebentzioaren hobekuntzan duen zeregina aztertzeko.
Saioa BIM (Building Information Modeling) metodologiaren inguruko hausnarketarako eta ezagutza trukatzeko gunea izan zen. Tresna horri esker, laneko segurtasuna eta osasuna txertatu ahal izango dira diseinuaren eta plangintzaren hasierako faseetatik obrak egikaritu eta kudeatzeraino. Topaketan agerian jarri zen metodologia horrek arrisku-egoerei aurrea hartzeko, eraikuntza-proiektu batean esku hartzen duten eragileen arteko koordinazioa hobetzeko eta lan-ingurune seguruagoak bultzatzeko duen ahalmena.
Inaugurazioa Lourdes Íscar Osalaneko zuzendari nagusiak egin zuen, eta hainbat esparrutako espezialistek BIMk laneko arriskuen prebentzioan duen aplikazio praktikoari buruzko ezagutzak eta esperientziak partekatu zituzten. Esku-hartzeei esker, erakundeen eta enpresen eremuan garatutako ekimenak ezagutu ahal izan ziren, bai eta prebentzioaren integrazioaren adibideak ere, tresna digitalen eta lankidetza-ereduen bidez.
Jardunaldian, eraikuntza-sektorean eraldaketa digitala gero eta garrantzitsuagoa dela nabarmendu zen, bai eta teknologia berriek prebentzio-kultura indartzeko eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatu behar direla ere. Parte-hartzaileek adierazi zuten datuen erabilerak, plangintza aurreratuak eta taldeen arteko lankidetzak lagundu egiten dutela obretako arriskuak hobeto identifikatzen eta kontrolatzen.
Osalaneko zuzendariorde tekniko Inés Álvarezek amaiera eman zion jardunaldiari. Jardunaldiari esker, jardunbide egokiak, esperientzia berritzaileak eta etorkizuneko ikuspegiak partekatu ahal izan ziren, eraikuntzaren sektorean laneko arriskuen prebentzioa txertatzen jarraitzeko.