- ‘Diasporako Ahotsak’ egitasmoan 106 euskaldunen testigantzak bildu dituzte AEBn, hainbat belaunalditakoak, haien bizitza-historiak eta euskararekin duten harremana ezagutzeko. Ikusi bidaiaren laburpen-bideoa.
Ahotsak egitasmoan bi hamarkada baino gehiago daramatzate Euskal Herriko ahozko ondarea eta euskalkiak batu, zaindu eta zabaltzen. Orain, ‘Diasporako Ahotsak’ proiektuarekin, Badihardugu euskara elkarteak beste urrats bat eman du, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Proiektu honi esker Euskal Herriko Ahotsei euskal diasporako ahotsak batu zaizkie. Hala, euskara kultur nortasunaren erdigunean ipini dute, muga geografiko guztien gainetik.
‘Euskal Diasporaren Ahotsak’ egitasmoaren helburu nagusia euskal diasporako euskaldunen testigantzak batzea da, belaunaldiz belaunaldi diaspora osatu dutenena: haien bizipenak, euskararekin duten harremana eta Euskal herriarekin duten lotura. Elkarrizketa sakonak eginez, emigrazioak, euskararen transmisioak eta nortasun hibridoen eraikuntzak baldintzatutako bizitza-historiak jasotzea da asmoa, euskal herritarren oroimen kolektiboa sendotzeko.
Euskal Herrian hasi ziren elkarrizketekin, euskal diasporan bizi izan direnak eta bisitan datozenak elkarrizketatzen. Alabaina, landa-lan handiena Ameriketako Estatu Batuetan egin dute: 100 grabazio-ordu baino gehiago batu dituzte, euskal diasporako 106 pertsonaren testigantzak eta bizitza-ibilbideak. Idoia Etxeberria eta Itziar Sapsootham Badihardugu elkarteko kideek hilabete eta erdiko bidaia egin dute, bost estatutan zehar: Idaho (31 elkarrizketa), Oregón (1), Utah (6), Nevada (29) y California (39); guztira 37 emakume eta 69 gizonezko elkarrizketatu dituzte. Bildutako ikus-entzunezko materiala oso baliotsua da, jaioterritik urrun dauden testuinguruetan euskarari nola eutsi dioten eta euskara nola eta transmititu den ezagutzeko.
Aldi berean, webgune berri bat argitaratu dute (https://diaspora.ahotsak.eus) eta jada proiektuko lehenengo edukiak kontsultatu daitezke bertan: elkarrizketatuen biografiak eta bilketa-lanaren oinarrizko datuak. 2026an zehar 50 grabazio-ordu landuko dituzte eta elkarrizketatutako pertsona askoren bideo-pasarteak sarean ikusgai ipini. Webgunearen bidez Ahotsak egitasmoan hain oinarrizkoak diren hedapen-lana eta lan pedagogikoa ahalbidetuko dira, ondare hori herritarren, ikertzaileen eta belaunaldi berrien esku jarriko delako.
Badiharguko kideek azaldu dute AEBra egindako bidaia "maratoi bat" izan dela, "nekagarria baina oso esperientzia ederra". Euskal komunitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute eta oso aberasgarria izan da. "Toki guztietan beso zabalik hartu gaituzte eta oso eskertuta gaude izandako harrerarekin". Egon diren toki guztietan izan dituzte laguntzaileak elkarrizketak lotzeko eta, azkenean, aurreikusitakoa baino elkarrizketa gehiago egin dituzte.
Bestalde, Ziortza Olanok, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak, euskal diasporako ahotsak Euskadira ekartzearen garrantzia azpimarratu du, euskara AEBn bizirik mantendu delako: “Ozeanoa zeharkatu zuten migratzaileekin iritsi zen hara eta bertan egonkortu, inguru anglofono hartan, jatorrizko ezaugarriak galdu gabe. Hizkuntzak komunitatearen kohesioa eta kultur transmisioa posible egin ditu, euskal ohiturak eta mundu-ikuskera bizirik mantentzea”. Olanoren arabera, “egokitzapen eta jarraipen prozesu bat da: kultur nortasuna garatu egiten da eta testuinguru berrietan integratu, desagertu gabe. Estatu Batuetan euskara ez da ikur estatiko bat, baizik eta bizirik mantendu duten eta belaunaldiz belaunaldi harrotasunez zabaldu duten ondare bizia".
Ahotsak proiektua Deba ibarrean sortu zen 2000. urtean, Euskal Herriko ahozko oroimena bildu eta babesteko egitasmo sozial eta kultural gisa, eta pixkanaka-pixkanaka zabaltzen joan da. Gaur egun Eusko Jaurlaritzaren babesa eta laguntza ekonomikoa dauzka, elkarrizketak egiteko, lantzeko eta artxibategi hori bizirik mantentzeko, euskara eta herri-historia bultzatzeko. ‘Diasporako Ahotsak’ proiektuarekin biek ala biek euskararen biziraupena, hizkuntza-aniztasuna eta diasporaren memoria zaintzeko konpromisoa hartzen dute, Euskal Herriko historiaren eta nortasunaren ezinbesteko osagaiak direlako.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)