Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Javier Hurtadok erantzun dio Aroa Jilete legebiltzarkide sozialistak egindako galderari, eta turismo arduratsu eta jasangarriarekin duen konpromisoa berretsi du. Sektorearen lehiakortasuna hobetzeko neurri eta programa nagusiak nabarmendu ditu, garapen orekatuari uko egin gabe.
"Turismoa industria estrategiko gisa finkatu da Euskadin, BPGren % 7 inguruko pisuarekin eta 111.000 enplegu zuzen baino gehiagorekin, merkataritza, garraioa edo kultura bezalako esparruetan duen eraginaz gain", adierazi du. Testuinguru horretan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eredu turistiko propio bat garatu du, kalitatea lehenesten duena kantitatearen aldean, eta desestazionalizazioaren, deszentralizazioaren eta egonaldia luzatzearen aldeko apustua egiten du.
Eredu hori funtsezko hiru zutabetan oinarritzen da. Lehenengoa Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa da, NBE Turismoak bermatutako ekimen aitzindaria, asmo-adierazpen batetik haratago doana. Bat egiteak prestakuntza, ebaluazioa, auditoretza eta etengabeko laguntza-prozesua eskatzen ditu. Gaur egun, 820 enpresa eta profesional baino gehiago turismo arduratsu, etiko eta jasangarri batekiko konpromiso horren parte dira.
Bigarren zutabea Helmuga Turistiko Adimendunen (DTI) garapena da, gobernantza, berrikuntza, jasangarritasuna, irisgarritasuna eta teknologia biltzen dituen eredua, Euskadi bisitatzen dutenen esperientzia nahiz bertan bizi direnen bizi-kalitatea hobetzeko. Gainera, Euskadi aitzindaria izan da ziurtagiri hori udalerrietara ez ezik eskualdeetara ere zabaltzen, gaur egun beste lurralde batzuetarako erreferentzia gisa balio duen metodologia sendotuz. Gaur egun, EAEko helmugen % 70 inguruk egiaztapen hori dauka.
Hirugarren ardatza Turismo Enpresa Adimenduna (IZT) programa bultzatzea da, eraldaketa digitalean eta enpresa-kudeaketaren hobekuntzan oinarritua. Ekimen hau sortu berria da, eta dagoeneko 21 enpresa aintzatetsi ditu, eredu berritzaileagoak eta lehiakorragoak lortzeko bidean.
Sailburuak nabarmendu duenez, "politika horiek Euskadi turismo-estrategien abangoardian jartzen dute, eta balio ekonomikoa eta soziala sortuko duen hazkundearen aldeko apustua egiten dute, inpaktu negatiboak minimizatzearekin batera". Helburua da helmuga iraunkorra, orekatua eta errespetuzkoa finkatzea, bai bisitarientzat, bai bertan bizi direnentzat.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)