Bizkaian azaroan egingo da Atzerritartasun Zuzenbidearen II. Kongresua

Argitalpen-data: 

CARTEL_HORIZONTAL_EUSKERA_II_CONGRESO_EXTRANJERIA_2026.png
  • Topaketaren ardatza enpleguak gizartean duen integrazio-eginkizuna izango da, eta, bereziki, Ministro Kontseiluak apirilaren 14an onartutako ezohiko erregularizazio-prozesua
  • II. kongresu hori Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzak eta Bizkaiko Abokatuen Elkargoak antolatu dute

 

Bilbo, 2026ko apirilaren 21a.- Bizkaian azaroaren 5ean eta 6an antolatuko da, Atzerritartasun Zuzenbidearen II. Kongresua, eta hitzordu hori erreferentzia-foro gisa finkatu nahi da, gaur egungo migrazio-erronken azterketa juridikoa, soziala eta instituzionala egin dadin.

Iazko azaroan arrakasta handia izan zuen Bizkaiko Abokatuen Elkargoak eta haren Praktika Juridikoko Eskolak, Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiak, Lan eta Enplegu Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailak egindako lehen edizioak; eta horren ondoren, berriro ere bilduko dira eremu juridikoko profesionalak, ordezkari instituzionalak, administrazio publikoetako teknikariak, magistraturako ordezkariak, akademia eta erakunde sozialak, Atzerritartasun Zuzenbidearen aplikazioari eta horrek gizarte-kohesioan duen eraginari buruz hausnar dezaten, ikuspuntu zorrotz eta praktiko batetik.

Lehenengo edizioan argi geratu zen migrazio-fenomenoa araudiz harago doala eta bete-betean kokatzen dela Bizkaiak eraiki nahi duen gizarte-ereduan: gizarte irekia, anitza, kohesionatua eta giza eskubideekin konprometitua. Esparru horretan, kongresua topagune gisa finkatu zen esperientziak trukatzeko, indarrean dagoen araudia modu kritikoan aztertzeko eta giza mugikortasunaren egungo eta etorkizuneko erronkei buruz eztabaidatzeko.

Atzerritartasun Zuzenbidearen II. Kongresuan lan-ildo horietan sakonduko dute parte-hartzaileek, eta arreta berezia jarriko diete bai enpleguak gizartean integratzeko betetzen duen zereginari —bereziki, Ministro Kontseiluak apirilaren 14an onartutako ezohiko erregularizazio-prozesuari—, bai administrazio-kudeaketaren erronkei, bai migratzaileak politika publikoen erdigunean kokatzeko beharrari. Hori guztia ikuspegi juridikotik aztertuko da, baina baita ikuspegi sozial eta etikotik ere, jakina baita immigrazioa egiturazko fenomenoa izateaz gain, Bizkaiko garapen demografiko, ekonomiko eta sozialerako ezinbesteko errealitatea dela.

Programaren barruan hitzaldi espezializatuak, mahai-inguruak eta eztabaidarako guneak egongo dira, izaera praktiko eta pedagogiko nabarmena izango dutenak, eta arlo horretan egunero lan egiten dutenei tresna erabilgarriak eskaintzeko asmoz antolatu direnak.

Datozen asteetan behin betiko programaren, hizlarien eta inskripzioari buruzko xehetasunen berri emango da.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)