Bingen Zupiriak Eusko Legebiltzarrean eskatu du eremu batzuetan arma zuriak eramateari buruzko arauak gogortzeko

Argitalpen-data: 

Bingen_Zupiria__2_.JPG

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak Euskadin arma zuriak konfiskatzeari buruzko datuak eman ditu gaur Eusko Legebiltzarrean.

Segurtasun Sailaren “Arma Zurien aurkako Ekintza Plana” orain dela hiru urte, 2023ko otsailean, jarri zen indarrean, arma zuriak eta objektu arriskutsuak detektatu eta kentzean polizien ahaleginak koordinatzeko eta eraginkortasuna handitzeko. Ezarri zenetik, Ertzaintzak eta udaltzaingoek jarduera ugari egin dituzte hiri-esparruetan eta aisialdi-eremuetan, prebentzioan eta zuzeneko esku-hartzean oinarrituta.

Ordutik, 2023ko otsailetik 2026ko urtarrilera bitartean, Ertzaintzak 5.171 arma zuri eta 1.821 objektu arriskutsu konfiskatu ditu. Gainera, 3.222 arau-hauste penal eta 3.032 erruztatze zenbatu ditu. Denbora-tarte horretan, Ertzaintzak 4.120 salaketa administratibo erregistratu ditu Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa urratu izanagatik.

(2025eko datuak hemen).  

Segurtasuneko sailburuak Eusko Legebiltzarrean azpimarratu duenez, “Plana izateak eta ezartzeak ahalbidetu du kaleetan arma zuriak eta objektu arriskutsuak detektatzean eta erretiratzean eraginkorragoak izatea. Jarduketa nagusiak batez ere hiri-ingurune gatazkatsuetan eta aisialdi-eremuetan gauzatu dira, eta prebentzioan nahiz zuzeneko esku-hartzean oinarritu dira. Egin diren ikuskapen-lanei esker, eramaileak kontrolatu ahal izan dira eta eremu publikoan arma zurien presentzia murriztu ahal izan da, bai eta horiekin egindako delituak ere”. Gainera, Zupiriak nabarmendu du planaren balorazioa positiboa dela, eta zenbakiek islatzen dutela “Ertzaintzaren konpromiso etengabea elkarbizitza hobetzeko eta eremu publikoan arma zurien okerreko erabilerak eragindako arriskua murrizteko”.  

Eusko Legebiltzarreko Kontroleko Osoko Bilkuran egindako adierazpeneten, Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak eskatu du arma zuriak eramateari buruzko arauak gogortzeko. “Jarduteko aukerak Rajoyren gobernuak 2015ean onartu zuen Herritarren Segurtasuna Babesteko Legeak zehazten eta mugatzen ditu”.  

Herritarren Segurtasuna Babesteko Legearen 36.10 artikuluak arau-hauste larritzat jotzen du “Debekatutako armak eramatea, erakustea edo erabiltzea, eta armak axolagabeki eramatea, erakustea edo erabiltzea”. Era berean, sailburuak gogoratu du 1993ko Armen Araudiak 4. artikuluan debekatu egiten dituela “bastoi-estokeak, edozein eratako sastakaiak eta labana automatikoak eta 11 zentimetrotik gorako xafla dutenak”.  

Zupiriak azpimarratu duenez, “ez da nahikoa, eta Espainiako Gobernuari bi arauak aldatzea proposatuko diogu, erabat debekatu dadin edozein arma zuri eramatea gaueko aisialdiko eremuetan, garraiobideetan eta horien sarbideetan edo pertsonak pilatzen diren eremu publikoetan eta jai-eremuetan”.  

Arma Zurien aurkako Ekintza Planari buruzko datu zehatzagoak erantsitako dokumentuan.  

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)