— Bernardo Atxagaren Zazpi etxe Frantzian eleberriaren serbierazko itzulpenak bere literatur kalitate bikainagatik jaso du aitortza
— Biljana Isailovi"ek Atxagaren zortzi lan itzuli ditu serbierara, eta Tre"i Trg argitaletxeak haren bost liburu argitaratu ditu, idazlearen lana Serbian ezagutarazten lagunduz
— Euskal literatura irakurle, hizkuntza eta kultura berrietara irits dadin itzultzaile eta argitaletxeek egiten duten ekarpena aitortzen du sariak
Bilbo, 2026eko azaroaren 12a -. Bernardo Atxagaren Zazpi etxe Frantzian eleberriaren serbierazko itzulpenak, 2025. urtean Sedam ku"a u Francuskoj izenburupean argitaratuak, eskuratu du 2026ko Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria. Biljana Isailovi" itzultzaileak eta lana argitaratu zuen Serbiako Tre"i Trg argitaletxeak jaso dute Etxepare Euskal Institutuak eta LABORAL Kutxak elkarlanean antolatzen duten sariaren hamabigarren edizioko aitortza.
Biljana Isailovi" itzultzaileak eta Dejan Mati" Tre"i Trg argitaletxeko editore buruak Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren eta Jokin Gorriti LABORAL Kutxako ordezkariaren eskutik jaso dute saria, gaur goizean Bilboko Bidebarrieta Liburutegian egin den ekitaldian. Bernardo Atxagak, saritutako lanaren egileak, eta Irene Larrazak, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari nagusiak, ere hartu dute parte sari banaketan.
Epaimahaiak bereziki balioetsi du itzulpenaren ebaluazio txostena. Txosten horrek «bikaintzat» jo du itzulpena, eta erabilitako hizkuntza irakurle serbiarrarentzat naturala eta arina dela nabarmendu du. Halaber, itzulpen-lan zaindua dela azpimarratu du, jatorrizko obraren estiloa, tonua eta giroa gordetzen baititu, xede hizkuntzaren ezaugarrietara dotore egokituta.
Itzulpenaren kalitateaz gain, epaimahaiak aintzat hartu du Isailovi"ek literatur itzultzaile gisa duen ibilbide zabala, 55 lan inguru itzuli baititu. Bereziki nabarmendu du Bernardo Atxagaren obra Serbian ezagutarazteko urteetan egin duen ekarpena. Orain arte, idazlearen zortzi liburu itzuli ditu serbierara, eta hiru argitaletxek plazaratu dituzte.
Epaimahaiak Tre"i Trg argitaletxeak Bernardo Atxagaren obrarekiko erakutsi duen konpromisoa ere nabarmendu du. Izan ere, idazlearen bost liburu argitaratu ditu, tartean aurten saritutakoa. Era berean, argitaletxearen sustapen lana balioetsi du, Atxagaren parte hartzea bultzatu baitu Serbiako liburu azoka eta literatura jaialdietan, Biljana Isailovi" itzultzailearekin eta Dejan Mati" editorearekin batera.
Hamabigarren edizio honetan 15 hautagaitza baloratu dira guztira. Honako hauek osatu dute epaimahaia: Jokin Gorriti LABORAL Kutxako ordezkariak; Imanol Otaegi Etxepare Euskal Institutuko Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak; Elizabete Manterola EHUko irakasle eta EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko kideak; eta Mikel Lasa Etxepare Euskal Institutuko Marka eta Komunikazio arduradunak.
Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria
Etxepare Euskal Institutuak eta LABORAL Kutxak 2015ean sortu zuten sari hau, jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatur lanen itzulpena eta argitalpena aitortzeko. Itzulpenen bikaintasuna ez ezik, argitaletxeek lan horiek argitaratzeko eta zabaltzeko egiten duten apustua ere balioesten du. Honenbestez, euskal literatura irakurle, hizkuntza komunitate eta kultura berrietara iristea ahalbidetzen dutenen ekarpena aitortzen du.
Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitezke sarira, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori aurreko urtean zehar argitaratutakoa izatea (2025anan aurtengo edizioaren kasuan).
Sariak 6.000 euroko zuzkidura du, itzulpenaren arduradunak eta argitaletxeak erdibana banatzeko. Saria emateko orduan, itzulpenaren literatur kalitatea eta argitaletxeak obra sustatzeko egindako lana aintzat hartzen dira. Gainera, bi aldeek 3.000 eurora arteko laguntza gehigarria eskura dezakete lana argitaratu den herrialdean zabalkunde ekintzak egiteko, hala nola aurkezpenak, publizitate kanpainak edo bestelako sustapen jarduerak.
Ekimen hau Etxepare Euskal Institutuak euskal literatura nazioartean ezagutarazteko egiten duen lanaren parte da. Lan esparru horren baitan daude itzulpenerako dirulaguntzak, idazleek nazioarteko liburu azoka eta literatura jaialdietan parte hartzeko laguntzak eta euskal literaturak beste herrialde batzuetako literatura zirkuituetan presentzia handiagoa izan dezan sustatzeko bestelako ekintzak.
Bestalde, sari honen bidez, LABORAL Kutxak euskararekin eta euskal kulturarekin duen konpromisoa berresten du, eta euskarazko literatur sorkuntza eta haren nazioarteko zabalkundea balioesten dituen lankidetza sendotzen du.
Biljana Isailovi"
Biljana Isailovi" Serbiako literatur eta ikus-entzunezko itzultzailea da. 1985ean Espainiar Filologian lizentziatu zen Belgradeko Unibertsitatean. Bere ibilbidean, Espainiar eta Hispanoamerikar literaturako hainbat egileren lanak itzuli ditu serbierara, besteak beste Jorge Luis Borges, Gustavo Adolfo Bécquer, Benito Pérez Galdós, Javier Cercas eta Carmen Martín Gaiterenak. Gaztelaniaz idazten zuten euskal idazle batzuen lanak ere itzuli ditu, hala nola Miguel de Unamunorenak eta Pío Barojarenak.
Bernardo Atxagaren obrak leku nabarmena du Isailovi"en ibilbidean. 2009az geroztik, idazlearen zortzi liburu itzuli ditu serbierara, besteak beste Zeru horiek, Soinujolearen semea, Obabakoak eta aurten saritutako Zazpi etxe Frantzian. Atxagaren lanen itzulpenak Utopija, Partizanska knjiga eta Tre"i Trg argitaletxeek plazaratu dituzte.
Isailovi"ek jaso dituen aitortzen artean, Miloš N. "uri" saria nabarmentzen da, atzerriko hizkuntza batetik egindako literatur itzulpen onenari ematen zaiona. Manuel de Fallaren Escritos sobre música y músicos lanaren itzulpenagatik jaso zuen. Radoje Tati" saria ere eskuratu du, gaztelaniatik egindako itzulpen onenari ematen zaiona, Benito Pérez Galdósen eta Gustavo Adolfo Bécquerren lanen itzulpenengatik. Serbiako Literatur Itzultzaileen Elkarteko lehendakariorde izan da bi alditan, eta 2002az geroztik Jugoslaviako Zinematekarekin lankidetzan dihardu ikus-entzunezko itzultzaile gisa.
Tre"i Trg
Tre"i Trg 2004an Belgraden sortutako kultur erakunde eta argitaletxe independentea da, literatura eta kultura garaikidea sustatzea helburu duena. Europako poesia eta narratiban espezializatua dago batez ere, eta Serbiako poesia garaikidearen argitaletxe ezagunenetako bat da. Bere katalogoak 25etik gora herrialdetako egileen 450 liburu baino gehiago biltzen ditu, tartean poema liburuak, eleberriak, ipuinak, saiakerak eta antzezlanak.
Literatur lanak argitaratu eta itzultzeaz gain, topaketak, irakurraldiak eta jaialdiak antolatzen ditu. Arreta berezia eskaintzen dio hain ezagunak ez diren ahots garaikideak ezagutarazteari eta idazle zein itzultzaile belaunaldi berriak sustatzeari. Bere ekimen nagusien artean Belgradeko Europako Poesia Jaialdia dago. Dagoeneko 20 edizio egin ditu, eta Europako 28 herrialde baino gehiagotako 400dik gora egile bildu ditu. Beste literatura topaketa batzuk ere antolatzen ditu, eta Serbiako zein Europako liburu azoketan parte hartzen du.
Argitaletxeak Bernardo Atxagaren bost lan argitaratu ditu serbieraz, eta idazleak Serbiako liburu azoka eta literatura jaialdietan parte har dezan sustatu du, haren lana Serbiako irakurleen artean ezagutarazten lagunduz. Dejan Mati" poeta eta Belgradeko Europako Poesia Jaialdiaren sortzailea da argitaletxeko editore burua. 2013an Miroslav Anti" saria jaso zuen Between Thirty-Three and Death poema-liburuagatik.
Etxepare Euskal Institutua
Etxepare Euskal Institutua Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoa da. Euskara eta euskal kultura eta sorkuntza nazioartean proiektatzeko, eta horien bidez beste eskualde, herrialde eta kultura batzuekin harreman iraunkorrak eraikitzeko egiten du lan. Horretarako, kalitatezko jarduera artistikoak sustatzen ditu, eta kulturaren alorreko sortzaile, artista eta profesionalen mugikortasuna bultzatzen du. Euskal ikasketak ere sustatzen ditu eremu akademikoan. Era berean, nazioarteko eragileekin lankidetza bultzatzen du, bai kulturaren arloan, bai esparru akademikoan.
Aurreko edizioetako sarituak:
2025
Manel Rodriguez Castelló eta Ediciones Contrabando
Glosak / Glossar el món (Tere Irastortza)
Poesia antologia, Katalana
2024
Estibaliz Lizaso eta Pol·len edicions
Kontrako eztarritik (Uxue Alberdi)
Saiakera, Katalana
2023
Amaia Gabantxo eta Parthian Books
Hezurren erretura (Miren Agur Meabe)
Eleberria, Ingelesa
2022
Mariolein Sabarte Belacortu eta Zirimiri Press
Amek ez dute (Katixa Agirre)
Eleberria, Nederlandera
2021
Nami Kaneko eta Shinchosha
Soinujolearen semea (Bernardo Atxaga)
Eleberria, Japoniera
2020
Eider Rodriguez eta Lander Garro eta Literatura Random House
Bihotz handiegia (Eider Rodriguez)
Ipuin bilduma, Gaztelania
2019
Ainara Munt eta Pol·len edicions
Hilda dago poesia? (Joseba Sarrionandia)
Poesia, Katalana
2018
Amaia Gabantxo eta Center for Basque Studies
Harri eta Herri eta Maldan Behera (Gabriel Aresti)
Poesia, Ingelesa
2017
Yaroslav Gubarev eta Anetta Antonenko
Behi euskaldun baten memoriak (Bernado Atxaga)
Eleberria, Ukrainera
2016
Nami Kaneko eta Hakusuisha
Mussche (Kirmen Uribe)
Eleberria, Japoniera
2015
Isaac Xubín eta Kalandraka
Tempo de exilio (Joseba Sarrionandia)
Poesia antologia, Galegoa
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)