Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Maria Ubarretxena bozeramaileak adierazpen instituzionala irakurri du, Eusko Jaurlaritzak irmoki gaitzesten dituena atzo Bilbon izandako indarkeriazko ekintza larriak, hala nola saltokietan kalteak eta lapurretak, ibilgailuak eta hiri-altzariak erretzea, kalean zeuden pertsonei eraso egitea eta Ertzaintzako eta Udaltzaingoko agenteen aurkako erasoak. Era berean, elkartasuna adierazten die eragindako bizilagunei, merkatariei eta profesionalei, eta azpimarratzen du ez dagoela indarkeriaren erabilera justifikatzen duen kausa, ideologia edo aldarrikapenik.
Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzaren lana babesten du, eta gertaerak amaierara arte ikertu behar direla defendatzen du, arduradunek justiziaren aurrean erantzun dezaten. Gainera, gazteek gorroto- eta larderia-dinamiketan duten inplikazioaren larritasunaz ohartarazten du, eta indar politikoei, gizarte-eragileei eta euskal gizarte osoari dei egiten die indarkeria baztertzeko eta bizikidetza demokratikoa babesteko.
Euskadiko 2027ko Aurrekontu Orokorren Proiektua: 17.629 milioi euro
Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko 2027ko Aurrekontu Orokorren Proiektua onartu du gaur. Aurrekontu publikoak 17.629 milioi eurokoak izango dira (2026an baino +% 7,6 gehiago), eta zerbitzu publikoak indartzea, herritarren kezka nagusiei erantzutea eta Euskadi datozen urteetako erronka ekonomiko, sozial eta demografikoei bermez aurre egiteko prestatzea dute helburu nagusi.
2027ko Aurrekontuek kalitatezko zerbitzu publikoekiko konpromisoa sendotzen dute, eskuragarriak eta gizarte gero eta zorrotzagoaren eskaerei erantzuteko ahalmena izango dutenak. Osasuna eta Hezkuntza dira oraindik ere ahalegin horren oinarri nagusiak; biek aurrekontuetako baliabideen % 56 kontzentratzen dute, pertsonak ekintza publikoaren erdigunean jartzen baitira.
Era berean, inbertsioaren aldeko apustua indartzen dute aurrekontuek, Euskadiren etorkizuna eraikitzeko tresna izan dadin. Eusko Jaurlaritzak % 7,9 handitu ditu inbertsio publikora bideratutako baliabide propioak 1.865 milioi eurora iritsi arte; I+G+b alorreko inbertsioa, berriz, 772 milioira hazi da. Helburua da lehiakortasun ekonomikoari, trantsizio energetikoari, digitalizazioari, berrikuntzari eta aldaketa demografikoari lotutako erronkei berme osoz aurre egiteko beharrezkoak diren eraldaketak bultzatzea.
Noël d'Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan nabarmendu duenez, “2027ko Aurrekontu Proiektuak Euskadi kohesionatuago, berritzaileago, seguruago eta datorren hamarkadako erronkei aurre egiteko prestatuago baten aldeko apustua adierazten du. Egonkortasuna eta anbizioa, zerbitzu publikoak indartzea eta inbertsio eraldatzailea uztartzen dituzten aurrekontuak dira, eta helburu argia dute: herritarren bizi-kalitatea hobetzea eta guztiontzako aukera gehiago izango dituen herria eraikitzen jarraitzea”.
120 milioi euro klimatizazio jasangarria eta autokontsumoa sustatzeko
Gobernu Kontseiluak onartutako beste puntu bat Eguzki Hotz ekimena izan da. 120 milioi euroko aurreikuspen globala du, Euskadin klimatizazio jasangarriko sistemen ezarpena bultzatzeko. Helburua da eraikinak gero eta ohikoagoak diren tenperatura altuetara eta bero-boladetara egokitzea, energia-mendekotasuna eta faktura elektrikoa handitu gabe.
Laguntza hauek jaso ahal izango dituzte industriak, etxeek, osasun- eta hezkuntza-zentroek, zerbitzu-enpresek eta saltoki txiki eta ertainek, bai eta herritarren zerbitzurako ekipamenduek ere, hala nola ertzain-etxeek eta anbulatorioek.
Eguzki Hotzen eskabideak azaroaren 5etik aurrekontua agortu arte aurkeztu ahal izango dira, eta, gehienez ere, 2028ko irailaren 29ra arte. Jarduketek 18 hilabete izango dituzte justifikatzeko, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Nolanahi ere, epemuga 2029ko urriaren 31 izango da.
Mikel Jauregi Industria eta Energia Trantsizioko sailburuak azaldu duenez, “Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen duen eta Europan aitzindaria den Eguzki Hotz ekimenak autokontsumorako laguntzen ikuspegia zabaltzen du. Batera bultzatuko ditu energia berriztagarrien bidezko sorkuntza elektriko berriztagarria, biltegiratzea eta bero- eta hotz-sistemen elektrifikazioa”.
1,8 milioi euro nekazaritzako elikagaien eta arrantzaren sektoreko ikertzaileak eta teknologoak prestatzeko
Gobernu Kontseiluak 2026ko ekitaldirako IKERTALENT laguntza-programaren deialdia onartu du, Euskadiko nekazaritzaren, arrantzaren eta elikaduraren sektoreko esparru zientifiko-teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaileak eta teknologoak prestatzeko.
Deialdiak 1.840.900 euroko aurrekontua du. Laguntza horien helburua da doktoregoa duten profesionalen gabezia dagoen nekazaritzaren, arrantzaren eta elikaduraren sektoreko ikerketa-arloetan doktorego aurreko ikertzaileen prestakuntza sustatzea, eta profesional horiek Euskadiko egitura zientifiko-teknologikoan txertatzea bultzatzea. Era berean, teknologoak prestatu nahi dira, etorkizunean sektoreko enpresa eta elkarteetan edo jarduera zientifiko-teknologikoan lan egin ahal izan dezaten.
Proiektuak Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), NEIKER Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundean, AZTI Fundazioan eta LEARTIKER zentro teknologikoan garatuko dira.
900.000 euro Atenea superkonputagailua sustatzeko
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Donostia International Physics Center Fundazioari (DIPC) 900.000 euroko laguntza ematea onartu du, Atenea superordenagailua abian jartzeko eta Euskadiko Superkonputazio Zentroaren gaitasunak indartzeko.
2019tik, Superkonputazio Zentroa Euskadiko azpiegitura ireki gisa ari da lanean, eta errendimendu handiko konputazio-baliabideak eskaintzen dizkie Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) erakunde guztiei. Sare horrek Euskadiko ikerketa-zentroak eta zentro teknologikoak biltzen ditu, baita irabazi-asmorik gabeko beste euskal erakunde zientifiko batzuk ere.
“Atenea superordenagailu berria instalatzea beharrezkoa da Euskadin superkonputazioa indartzen jarraitzeko, ikertzaileen komunitatearen gero eta eskaera handiagoari erantzuteko eta konputazio klasikoaren eta kuantikoaren arteko integrazioa bultzatzeko. Horretarako, IBM Quantum System Two ordenagailu kuantikoarekiko konexio zuzena baliatuko da” Maria Ubarretxena bozeramaileak azaldu duenez.
Lankidetza-hitzarmenak Eustaten eta INEren artean, familia-gastuari eta ospitaleetako erikortasunari buruzko estatistikak hobetzeko
Gobernu Kontseiluak Eustat – Euskal Estatistika Erakundearen eta Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) arteko bi lankidetza hitzarmen izenpetzeko baimena eman du; hain zuzen ere, Euskadiko Ospitaleetako Erikortasunaren Inkestari eta aurrekontuei eta familia- astuari buruzko inkestak egiteko.
Lehenengo hitzarmenaren helburua da Estatistikako Institutu Nazionalak egiten duen Familia Aurrekontuen Inkesta eta Eustaten Familia Gastuaren Inkesta bateratzea, bai eta haien mikrodatuak integratzea ere. Lankidetza horri esker, emaitza homogeneoak lortuko dira bi inkestek modu independentean erabiltzen dutena lagina bikoiztuko baita. Horrela, INEk bere zenbatespenak hobetu ahal izango ditu eta Eustatek desagregazio geografiko handiagoko informazioa argitaratu ahal izango du.
Bigarren hitzarmenak Eustaten eta INEren arteko lankidetza arautzen du, Euskadiko Ospitaleetako Erikortasunaren Inkesta ikerketa estatistiko bakar baten bidez egiteko. Akordio horri esker, estatistika planen helburuak beteko dira, bikoiztasunak saihestuko dira eta baliabide publikoen erabilera optimizatuko da.
Bi hitzarmenek lau urteko indarraldia izango dute, eta beste lau urtez luzatu ahal izango dira, alderdiek berariaz hala adostuz gero.
Dirulaguntza Gurutze Gorriari Lemoan arreta eta akonpainamendu soziala indartzeko
Azkenik, Gobernu Kontseiluak 62.865 euroko zuzeneko dirulaguntza onartu du Espainiako Gurutze Gorriarentzat, Lemoako (Bizkaia) Agarre auzoko etxebizitzen egoerak eragindako pertsonen arreta eta gizarte-laguntza indartzeko.
Laguntzari esker, 32 etxebizitza dituzten lau eraikinen inguruan garatutako esku-hartze sozialari estaldura eman ahal izango zaio, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei laguntza tekniko espezializatua emanez eta artatutako pertsonei laguntza indibidualizatua emanez.
Jarduketan, halaber, behin-behineko ostatu-baliabide bat aurreikusten da, hamar pertsonarentzako edukiera duena, bai eta kasu bakoitzaren premietara eta inguruabar pertsonaletara egokitutako gizarteratze-ibilbide indibidualizatuen diseinua ere.
Helburua da arreta integrala ematea, aldi baterako bizitoki-premiak eta gizarte-laguntza uztartuko dituena, autonomia pertsonala, inklusioa eta bizi-proiektuen garapena bultzatuz.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)