Bilboko eta Gasteizko Zuzeneaneko egoitzak modernizatu egingo dira, arreta arinagoa eta hurbilagoa eskaintzeko

Argitalpen-data: 

Arca_barrualdea.jpg
  • Irailetik aurrea, Bilboko bulegoko sarbide eta espazioak berrantolatu eta berrituko dira; sarreran orientazio puntua izango da, autozerbitzu gidatua eskainiko da eta herritarrak mahaietan artatuko dira
  • Arka eraikinak hartuko ditu Zuzeneaneko etorkizuneko bulegoak, baita hainbat lurralde-ordezkaritza ere

Zuzenean, herritarren arretarako Bilboko eta Gasteizko egoitzak berritu egingo dira. Bilboren kasuan, berehala hasiko dira lanak eta Arka eraikina eraberritzeko lanak aldiz luzeago joko dute.  Bi jarduera horiek Jaurlaritza sustatzen ari den arreta-eredu berriaren baitan kokatzen dira: sarreran orientazio-puntuak izango dira, autozerbitzu gidatua eskainiko da eta herritarrak mahaietan artatuko dira, arreta arinagoa, hurbilagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko helburuarekin.

Bilbo, lehen urratsa

Bizkaiko hiriburuko Kale Nagusiko 85. zenbakian dauden bulegoak guztiz eraberrituko dira irailetik aurrera.  Barruko antolaketa erabat aldatuko da eta sarbideak ere bai. Obrak Montegui enpresari esleitu zaizkio, 1,3 milioi euroko aurrekontuarekin (BEZ kanpo) eta bederatzi hilabete izango dituzte lanak aurrera eramateko.

Sarrerak aldaketa nabarmena izango du. Bertan, harrera-espazioa sortuko da hasiera hasieratik herritarrak gidatu eta behar duten laguntza eskaintzeko. Herritarrak artatzeko mahaiak jarriko dira, eta beraz, arreta eserita eskainiko da. Zuzenean zerbitzuko profesional bakoitzak, gainera, kokapen bat izango du, pribatutasun handiagoa izateko. Tramite sinpleak egiteko, autozerbitzuko guneak izango dira, zalantzak argitzeko eta laguntzeko prest dauden langileekin.

Lanek dirauten bitartean, arreta zerbitzua eraikinaren lehen solairuan eskainiko da eta abuztuaren 17tik aurrera, aurretiko hitzorduarekin soilik artatuko dira herritarrak.

Gasteiz, prozesu luzeagoa

Gasteizko Zuzenean bulegoa eraberrituko da ondoren, prozesua, baina, luzeagoa izango da. Gobernu Kontseiluak ekainean onartu zuen Arka birmoldatzeko lizitazioa hastea. Eraikin berezi hori Fernando Chueca Goitia arkitektoak egin zuen, hiriaren erdigunean. Proiektuak 15,7 milioi euroko aurrekontua du eta irailean esleituko  dira eraikina eraberritzeko lanak, obrak urri amaieran edo azaroan hasteko. Lanek 24 hilabeteko iraupena izango dute.

Arcak 5.874,18 metro koadroko azalera du, sestra gaineko sei solairutan eta bi sototan banatuta, San Prudentzio eta Arka kaleen izkinan. Zuzenean zerbitzuaren egoitza hartzeaz gain, eraikinak hainbat lurralde-ordezkaritza hartuko ditu– Mugikortasun jasangarria; Etxebizitza eta Hiri Agenda; Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna; Ekonomia, Lana eta Enplegua; Eustat; Hezkuntza; Habe; Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa eta Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoa-, eta, horri esker, gaur egun hiriburuan sakabanatuta dauden zerbitzuak toki bakar batean kontzentratuko dira, herritarren esperientzia eta zerbitzu publikoen eraginkortasuna hobetzeko.

Erosotasuna, teknologia eta irisgarritasuna

Orientazio guneak, autozerbitzu gidaturako guneak eta mahaian eskainitako arretarako guneak sortuko dira, intimitate handiagoa izateko espazio erdi pribatuekin. Birmoldaketak eraikinaren egitura eta eraginkortasun energetikoa hobetuko ditu, barrualde zabalago, argitsuago eta ergonomikoago batekin. Espazioaren antolaketa berriak kudeaketa arinduko du eta itxaronaldiak murriztuko ditu. Irtenbide teknologikoek, bestalde, arreta azkarragoa eta pertsonalizatuagoa ahalbidetuko dute. Diseinuak kolektibo guztientzako irisgarritasun unibertsala bermatuko du.

Zuzenean bulegoak eraberritzeko egitasmoak arreta eredu berriari erantzuten dio. Eredu horrek aurrez aurreko kanalak, telefono bidezkoak eta digitalak uztartzen ditu, erantzun eraginkorragoa emateko. Erabiltzaileek soilik behin eman beharko dituzte beren datuak edota izapideari buruzko azalpenak edozein dela ere erabilitako kanala.

Aurrez aurreko arreta datuak 3 lurraldeetan

2025ean, Zuzenean zerbitzuak 411.491 pertsona artatu zituen aurrez aurre, 2024an baino %16,52 gehiago (353.159) eta 2023an baino %34,8 gehiago (305.258). Datuek erakusten dute aurrez aurreko arretak gero eta pisu eta garrantzia handiagoa duela. Kanal digitalak hedatu badira ere, aurrez aurreko arreta da erabiliena.

Lurralde bakoitzari erreparatuz gero, Bizkaiak lidergoari eusten dio. Bilboko egoitzak 206.251 kontsulta eta izapide ebatzi zituen 2025ean (%50,1), Gasteizkoak 121.696 (%29,6) eta Donostiakoak 83.544 (%20,3).

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)