Aktibatu Legazpi ekimenaren baitan, Igerilekuaren Erronka abiarazi da martxoaren 2tik 30era Bikuña Kiroldegian. Ekimen ludiko eta osasungarri honek herritarrak igeriketa egunerokoan txertatzera eta bakoitzak bere erronka pertsonala gainditzera animatu nahi ditu, osasuna eta ongizatea ardatz hartuta.
Erronka ia martxo osoan zehar garatzen ari da (martxoaren 2tik 30era), eta parte-hartzaileek igerian egindako distantziak pilatzen joango dira. Parte hartzea oso erraza da: nahikoa da sorosleari izena ematea eta egunero egindako distantzia jakinaraztea; markak arbelean ikusgai egongo dira, komunitatearen parte-hartzea eta motibazioa indartuz. Erronkan sartzeko, gutxienez 8 egunetan igeri egitea eskatzen da, eta parte-hartzaileen artean sariak zozkatuko dira. Dagoeneko 210 herritar daude erronkan murgilduta!
“Besakada bana osasunaren alde!” lelopean, ekimen honek bizi-estilo aktiboa sustatu eta Legazpiko komunitatea uretan batzea du helburu.