- Azaroaren 19tik 21era, Anoeta estadioan egingo den kongresuaren laugarren edizioan, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak parte hartuko du
- Hiru eguneko jardunaldi honetan, administrazio publikoetako eta enpresa pribatuetako ordezkariek eta estatuko zein nazioarteko adituek BIM metodologiak, adimen artifizialak, industrializazioak eta teknologia berriek eraikuntza eraldatzen eta egungo gizarteko etxebizitzen eta hirien erronkei erantzuten nola lagun dezaketen aztertuko dute
Azaroaren 19, 20 eta 21ean Berrilan Basque Tech Summit (BBTS26) Donostiara itzuliko da. Laugarren edizio honetan, arkitekturaren, ingeniaritzaren, eraikuntzaren eta aktiboen kudeaketaren (AECO) sektoreko berrikuntzaren, eraldaketa digitalaren eta industrializazioaren aldeko apustua sendotuko du topaketak.
‘Berritu eta industrializatu. Etxebizitzen, hirien eta pertsonen etorkizuna’ lelopean, kongresuak 400 profesional baino gehiago eta sektoreko empresa eta erakunde publikoetako ordezkariak bilduko ditu Anoeta estadioan. Hiru eguneko egitarauan hitzaldiak, eztabaida-mahaiak, esperientzia praktikoak, tailer espezializatuak eta harremanak lantzeko guneak uztartuko dira.
Aholkularitza estrategikoan eta zerbitzuetan espezializatuta dagoen eta eraikuntzaren eraldaketa digitalean eta teknologia aurreratuen aplikazioan eta optimizazioan jarduten duen Berrilan enpresak antolatzen du kongresua; eta eraikuntzaren eta eraldaketa digitalaren ekosistemarekin lotutako erakunde eta antolakundeen babesa du, besteak beste ADEGI-ASCONGIrena, buildingSMART Spainena, eta sektoreko beste eragile batzuena, baita Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren gisako erakunde publikoena ere.
Aurtengoan, hain zuzen ere, etxebizitza izango da ardatz nagusietako bat. Etxebizitza-eskaintza handitzeko, eraikuntza-prozesuak hobetzeko eta eredu eraginkorrago eta jasangarriagoetarantz aurrera egiteko beharrak markatutako testuinguruan, BBTS26k berrikuntza teknologikoak, industrializazioak eta administrazioen eta enpresen arteko lankidetzak nola lagun dezaketen erronka horiei aurre egiten aztertuko du.
Etxebizitza eta industrializazioa, eztabaidaren erdigunean
Eraikuntzaren sektorea eraldatzea tresna digital berriak txertatzea baino askoz gehiago da. Eraldaketa hori, eraikinak nola proiektatzen diren, obrak nola kudeatzen diren, baliabideak nola optimizatzen diren eta eraikitako ondarea bizitza baliagarri osoan nola mantentzen den bezalako prozesuekin ematen da. Testuinguru horretan, BBTS26k hainbat gai jorratuko ditu: etxebizitza publikoaren eraikuntza industrializatua, eraikitako parkearen birgaitzea eta leheneratzea, eraikuntza-prozesuen automatizazioa eta produktibitatea hobetzeko, eraginkortasunik ezak murrizteko eta eraikinen kudeaketa jasangarriagoa errazteko teknologia berrien aplikazioa.
Kongresuak arreta berezia eskainiko dio BIM (Building Information Modeling) metodologiari. Metodologia horri esker, proiektuen informazioa modu kolaboratiboan integratu eta kudea daitekeelako, diseinutik hasi eta eraikuntza, ustiapen eta mantentze-lanetaraino. Adimen artifizialak, biki digitalek, errealitatearen kapturak, plataformen arteko elkarreragingarritasunak eta aktibo publiko zein pribatuen kudeaketa adimendunak ere protagonismo handia izango dute. Helburua, teknologia horiek egoera errealetara eramatea, administrazioen, eraikuntza-enpresen, ingeniaritza-enpresen, enpresa teknologikoen eta profesional espezializatuen esperientziak partekatzea da.
Presentzia instituzional nabarmena
Kongresuaren jardunaldi nagusia azaroaren 20an, ostirala, izango da. Hasierako ekitaldi instituzionalean Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak parte hartuko du, Txema Muñoz ASCONGIko presidentearekin, María Benítez Balseiro buildingSMART Spaineko presidentearekin eta topaketaren antolatzaileekin batera. Ordezkaritza instituzional horrek agerian uzten du lankidetza publiko-pribatua indartzearen garrantzia, eraikuntzaren modernizazioan aurrera egiteko eta etxebizitzari, birgaitzeari eta hiri-plangintzari lotutako erronkei erantzuteko.
Kongresuan zehar, administrazio publikoetan BIM metodologia ezartzearekin lotutako esperientziak aurkeztuko dira; besteak beste, Euskadiko BIM Plana, hirigintza-lizentzien automatizaziorako ekimenak eta eraikinen eta azpiegituren kudeaketa digitalizatzeko proiektuak.
Hiru egun esperientziak partekatzeko eta sektorearen erronkei heltzeko
Egitaraua, azaroaren 19an, osteguna, hasiko da, Administrazio Publikoen BIM-TECH Mahaiaren bigarren edizioarekin. Erakundeetako ordezkarien eta profesional espezializatuen arteko lan-topaketa horretan, kontratazio publikoan eta aktiboen kudeaketan BIM ezartzeko erronkak aztertuko dira. Saioak, lizitazioetako BIM eskakizunei, elkarreragingarritasunari, eredu digitalen gainbegiratzeari eta informazioaren gobernantzari buruzko esperientziak trukatzeko, bai eta sektore publikoan digitalizazioa zabaltzeko oztopoak eta aukerak identifikatzeko ere aukera emango du.
Azaroaren 20an, ostirala, Anoeta estadioan egingo da kongresuaren jardunaldi nagusia. Sei gai-bloketan egituratuta egongo da, eta eraikinen eta azpiegituren bizi-zikloaren fase desberdinak jorratuko ditu. Saioetan administrazioen estrategia eta gobernantza digitaletik hasi eta ingeniaritza aurreratua, diseinuaren eta eraikuntzaren automatizazioa, etxebizitza industrializatua, birgaitzea eta aktiboen kudeaketa adimenduna landuko dira.
Aurkeztuko diren esperientzien artean, honako hauek nabarmenduko dira: Euskadiko BIM Planaren aurrerapenak, BIM eta adimen artifizialaren bidezko hirigintza-lizentzien automatizazioa, birgaitze-prozesuen digitalizazioa, errealitatearen kaptura eta informazioa konektatzeko eta eraikitako ondarearen kudeaketa errazteko openBIM ekosistemen erabilera. Jardunaldia osatzeko, profesionalen arteko topaketak, erakustaldi teknologikoak eta afari ofiziala izango dira. Afarian Basque Tech Summit Sariak banatuko dira, sektoreko berrikuntza teknologikoan, ekintzailetzan eta eraldaketa sozialean nabarmendutako ekimenak aitortzeko.
Azkenik, azaroaren 21ean, larunbatean, tailer espezializatuen bitartez prestakuntzari eta teknologia berrien aplikazio praktikoari tartea egingo zaie. Saioetan Revit bezalako tresnetan Adimen artifiziala nola erabiltzen diren sakonduko da, baita zeregin teknikoak automatizatzen eta erakundeen eraldaketa digitalean eta hizkuntza naturalaren bidez irtenbide digital berriak garatzen.
Euskadi, eraikuntzako berrikuntzaren topagune
Laugarren edizio honekin, Berrilan Basque Tech Summitek etxebizitzen, eraikinen, hirien eta azpiegituren garapenean parte hartzen duten eragileak konektatzeko bokazioa indartzen du. Kongresuak ezagutza trukatzeko eta lankidetzarako gune bat sendotu nahi du, berrikuntza enpresen eta administrazioen errealitatera eramateko, garapen teknologikorako aukera berriak sustatzeko eta Euskadi AECO sektorearen eraldaketan erreferentziazko lurralde gisa kokatzen laguntzeko.
Eztabaida teknologikotik harago, BBTS26k eraldaketa horiek gizartean izan dezaketen eraginaz gogoeta egin nahi du: nola eraiki hobeto, nola kudeatu gure baliabideak modu eraginkorragoan eta nola baliatu berrikuntza pertsonen beharrei erantzungo dieten etxebizitzak eta hiriak garatzeko.
KONGRESUAREN INFORMAZIOA
Berrilan Basque Tech Summit 2026 – IV. edizioa
Datak: 2026ko azaroaren 19a, 20a eta 21a
Egoitza nagusia: Anoeta estadioa, Donostia
Antolatzailea: Berrilan
Webgunea eta egitaraua: https://basquetechsummit.com/
Prentsarako harremana:
BBTS26ko Idazkaritza Teknikoa
secretariatecnica.bbts@berrilan.com
Informazio gehiago eta egitarau osoa:
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)