- Iñaki Ruizek eskatu du 2028-2034 Urte Anitzeko Finantza Esparruari aurrea hartzeko eta “prest iristeko”, Europako agertoki berrian “lehiakortasuna ez baita tamainan bakarrik neurtuko, baizik eta berritzeko, lankidetzan aritzeko eta proiektu eraldatzaileak gauzatzeko gaitasunean”
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuorde Iñaki Ruizek astelehen honetan nabarmendu du berrikuntza kolaboratiboak berebiziko garrantzia duela euskal enpresa sarearen lehiakortasuna indartzeko: “Hobekien funtzionatzen duten enpresak ez dira bakarrik berritzen dutenak, elkarlanean aritzen direnak, konektatzen direnak eta gaitasunak partekatzen dituztenak baizik”.
Jose Ignacio Arrieta Enpresa eta Gizartea Sarien amaieran Bilbon egindako hitzaldian, Ruizek balioan jarri du enpresak ez direla soilik ekoizpen unitateak, baizik eta “funtsezko” eragileak enplegua, berrikuntza, gizarte kohesioa eta aukerak sortzeko, Euskadiren egungo eta etorkizuneko ongizateari zuzenean lagunduz.
Testuinguru horretan, sailburuordeak berretsi du berrikuntza dela aurrerapen ekonomikoaren oinarria: “Berrikuntzarik gabe ez dago produktibitaterik, produktibitaterik gabe ez dago ez lehiakortasunik ez aurrerapenik, eta aurrerapenik gabe ez dago kalitatezko enplegurik”. Ziurtatu duenez, berritzea ez da proiektu teknologiko handietara mugatu behar, “enpresa guztien egunerokotasunaren parte izan behar du”, batez ere enpresa txiki eta ertainena, “euskal produkzio sarearen oinarria” baitira.
Era berean, Iñaki Ruizek eskatu du aurrea hartzeko eta “prest iristeko”, 2028-2034 Urte Anitzeko Finantza Esparru berria laster negoziatuko delako eta etorkizuneko Lehiakortasun Funtsa garatzeko aukera dagoelako. Sailburuordeak ohartarazi duenez, “aukerak ez dira prestatzen iristen direnean, lehenago prestatzen dira”, Next Generation EU funtsen esperientzia gogora ekarriz. Funts horietan, hobekien prestatutako proiektuek lortu zuten aprobetxamendu handiena.
“Europako agertoki berri horretan, lehiakortasuna ez da tamainan bakarrik neurtuko, baizik eta berritzeko, lankidetzan aritzeko eta proiektu eraldatzaileak gauzatzeko gaitasunean”, defendatu du. Hori dela eta, dagoeneko finkatuta dauden proiektu sendoak, gaitasun teknologikoak eta lankidetza dinamikak garatzeko eskatu dio enpresa sareari.
José Ignacio Arrietaren figura
José Ignacio Arrietaren figura ekarri du gogora, eta gizarte konpromisoaren, ikuspegi estrategikoaren eta erantzukizun publikoaren legatua nabarmendu du Ekonomia sailburuordeak, balio horiek “ekonomia eta ekintza publikoa ulertzeko modu bat” direlako. Eta azpimarratu du haren izena daramaten sarien helburua dela euskal enpresen Gizarte Erantzukizuneko eta Garapen Iraunkorreko Helburuen aldeko jarduerak aitortzea, baita euskal gizartearen garapen sozial eta ekonomikoari eta ongizate, hezkuntza eta kulturari egiten dioten ekarpena aitortzea ere.
Ildo horretan, Iñaki Ruizek zoriondu egin ditu saritutako enpresak —Irisbond eta Global Energy Services (GES)—, “enpresa egitearen” adibide gisa eta eragin sozialarekin, berrikuntza teknologikoarekin eta sektore estrategikoetako lidergoarekin konprometitutako enpresa eredu baten ordezkari gisa. Era berean, deia egin du “gehiago eta hobeto berritzen jarraitzeko”, enpresa eta erakunde handi eta txikiekin batera, Euskadi berritzaileagoa, lehiakorragoa eta inklusiboagoa eraikitzeko”.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)