
«Aurrera Begira 2025. Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak» izeneko txosten berria (PDF, 9 MB) aurkeztu du Haur, Nerabe eta Gazteen Euskal Behatokiak.
Aurrera Begira 2025 Haur, Nerabe eta Gazteen Euskal Behatokiak urtero egiten duen ikerketaren 13. zenbakia da. Ikerketa honek Euskadiko gazteek beren errealitatearen pertzepzioa eta etorkizunari begira dituzten aurreikuspenak ezagutzen laguntzen digu.
Hamar adierazleren bidez, ikerketak gazteentzat garrantzitsuak diren gaiak jorratzen ditu, hala nola, ongizate pertsonala, enplegu aurreikuspenak edota emantzipaziorako oztopoak.
Ikerketaren ondorioen artean honako hauek nabarmentzen dira:
- Ongizate pertsonalaren pertzepzioak gora egin du; hirugarren urtez jarraian hobetu da, eta 73 puntura iritsi da (0-100 eskalan).
- Langabezian dauden gazteen artean, urtebeteko epean lana aurkitzeko konfiantzak gora egin du (% 79), bai eta, ikasleen artean, ikasketak amaitzen dituztenean beren prestakuntzarekin bat datorren enplegua lortzeko aurreikuspenak ere (% 82).
- Emantzipazioa da, oraindik ere, gainditu gabeko ikasgaia: % 45ek ez du uste 2026an bere kabuz bizi ahal izango denik, nahi izan arren.
- Etorkizunarekiko konfiantza mailarik baxueneraino jaitsi da: 53 puntu (0-100 eskalan).

