Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Ikasenpresa Azoka inauguratu du Eibarren, Lanbide Heziketako 3.000 ikasle baino gehiagorekin

Argitalpen-data: 

  • Ikasleek gaur egungo behar sozial, teknologiko eta produktiboei erantzuten dieten ideia ekintzaileak aurkezten dituzte.
  • Ikasenpresa Hezkuntza Sailak bultzatutako programa da, Lanbide Heziketan kultura ekintzailea sustatzeko, elkarlaneko ikaskuntza-eredu batean txertatua.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak XV. Ikasenpresa Azoka inauguratu du gaur goizean Eibarren. Azoka hau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatu du, eta gaur egun Euskadiko Lanbide Heziketako gazteen talentuaren erakusleiho handia da. Jardunaldian zehar, 3.000 ikasle baino gehiagok, Euskadiko Lanbide Heziketako 61 ikastetxetako 190 irakaslerekin batera, Ikasenpresa programaren barruan garatutako 622 proiektu ekintzaile aurkeztu dituzte.

Sailburuaren hitzetan, “azoka hau Euskadirentzat nahi dugun Lanbide Heziketaren irudi oso indartsua da: errealitatearekin, aldaketa teknologikoekin eta behar sozial oso zehatzekin konektatutako Lanbide Heziketa bat, gazteengan konfiantza duena eta bidea irekitzeko tresnak ematen dizkiena”.

Azokan egin duen ibilbidean, sailburuak bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu ikasleek bultzatutako zenbait ekimen, parte hartu duten taldeekin hitz egin ahal izan du, eta ikasgelan landutako ideiak aplikazio errealeko produktu eta zerbitzu nola bihurtzen diren egiaztatu ahal izan du. Bisitan izan dira, halaber, Jon Iraola Eibarko alkatea, Inge Gorostiaga Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Transformazio Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria eta Ergiña Urzelai Ikasenpresa proiektuaren arduraduna.

EKINTZAILETZA, IKASKUNTZAREN PARTE GISA

Azoka ikasturtean zehar Ikasenpresaren esparruan egindako lanaren une gorena da. Ikasenpresa Hezkuntza Sailaren ekimen bat da, Lanbide Heziketan kultura ekintzailea sustatzen duena erronketan oinarritutako ikaskuntza-eredu baten bidez. Helburu hezitzaileak dituen enpresa-simulazio bat izan arren, gaur erakusten diren proiektuak sektore profesional jakin batzuei lotutako diseinu-, plangintza- eta garapen-prozesuen emaitza dira.

Proposamenek industria eta fabrikazio aurreratua, digitalizazioa eta konektibitatea, merkataritza eta mugikortasuna edo ongizatea bezalako esparruak barne hartzen dituzte, euskal Lanbide Heziketaren espezialitateen aniztasuna islatuz. Aurten, hirian zehar banatutako lau gune tematikotan antolatuko da azoka, eta proiektuak eremu profesional handien arabera multzokatu dira.

Sailburuak Ikasenpresa Lanbide Heziketako Euskadi 2030 Estrategiaren barruan kokatu du. Estrategia horren bidez, Sailak indartu egiten du Lanbide Heziketaren zeregin estrategikoa eta pertsonekiko eta eraldaketa teknologiko eta sozialarekiko lotura. Testuinguru horretan, Pedrosak nabarmendu duenez, “Ikasenpresak erakusten du hezkuntzaren eta enpresaren arteko lotura, eta nola ikastetxeetan ikasten denak benetako beharrei erantzuten dien, bai gizartearen beharrei, bai ehun produktiboaren beharrei. Lotura hori indartzen denean, aukerak zabaltzen dira pertsonentzat eta baita herrialdearentzat ere”, eta azpimarratu du “Lanbide Heziketa gaur egun Euskadiren indargune handienetako bat dela talentua, aukerak eta etorkizuna sortzeko”.

Egunean zehar, Ikasenpresa Azokak bere guneak ireki dizkie herritarrei, enpresa-sareari eta hezkuntza-eragileei, hurbiletik ezagut ditzaten ikasleen lana eta Euskadiko Lanbide Heziketaren potentzial eraldatzailea.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)