Baratzezaintza eta auzolana protagonista Lekeition

Argitalpen-data: 

Baratzezaintza eta auzolana protagonista Lekeition

Lekeitiok herritarren parte-hartzea, jasangarritasuna eta auzolana uztartzen dituen ekimen berri bat hartuko du ekainaren 6an. Alde batetik, baratzezaintza jasangarriari buruzko prestakuntza-saio berri bat egingo da, eta, bestetik, Usotegi parkean dagoen Herrittarron Ortuko kartel berria aurkeztuko da.

Ikastaroa Gabino Murua adituak emango du berriro ere. Bi orduko saio teorikoan, ohiko eta sasoiko landareez gain, gutxiago ezagutzen diren laborantzak ere jorratuko dira, hala nola meloia, sandia, zainzuria edo orburuak. Ondoren, parte-hartzaileak Usotegiko Herrittarron Ortura joango dira, ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan dezaten.

Ekimenak harrera oso ona izan du eskualdean, eta dagoeneko pertsona ugari izena emanda dauden arren, azken plaza batzuk libre daude oraindik. Izena emateko epea ekainaren 4an amaituko da.

Auzolanaren balioa agerian

Ikastaroa amaitu ondoren, 12:30ean, Usotegi parkean, Herrittarron Ortuko kartel berriaren inaugurazio-ekitaldia egingo da. Bertan, kartelaren aurkezpenarekin batera, taldeari ongietorria ematen dion horma-irudiaren esanahia ere azalduko da.

Kartela eta horma-pintaketa Mari Tala pintura taldeko kideek eta Lekeitio Bedarra taldeko lagunek auzolanean sortu dituzte. Gainera, kartela estalita egongo da Kakorratz taldeak egindako estalki berezi batekin, eta bi talde sortzaileek izango dute estalkia kentzeko ohorea.

Ekitaldira Lekeitioko Lagunkoia taldea, herriko auzolan taldeak eta udaleko ordezkariak gonbidatu dituzte. Jarduera xume baina esanguratsu honen bidez, komunitatearen lankidetza, herritarren konpromisoa eta auzolanaren balioa nabarmendu nahi dira.