Bai Sareak hausnarketa prozesu bat bultzatu du etorkizuneko erronkak identifikatzeko

Argitalpen-data: 

Topaketa_BaiSarea_1.jpg
  • Emakundek sustatutako sareak 80 erakunde baino gehiago biltzen ditu, eta egungo enpresa-testuingurura egokitzeko gogoeta egin du
  • Berdintasunerako Legea eta EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako 2030 Estrategia dira ekimen honen etapa berriaren esparrua

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak Bai Sarea berdintasunaren aldeko enpresa sarearen topaketa berri bat inauguratu du gaur Donostiako The Social Huben. Emakundek sustatutako ekimen hau duela hamarkada bat inguru hasi zen sortzen, eta etorkizuneko erronkak identifikatzeko hausnarketa-prozesu batean murgilduta dago. Gaur egun, 80 euskal erakundek baino gehiagok osatzen dute sarea, eta esperientziak partekatu eta enpresetan berdintasunaren aldeko planek eta ekintzek duten eragina biderkatu nahi dute.

Hiru ekintza-plan egin ondoren, Bai Sareak bere ikuspegia birpentsatzeko beharra antzeman du, egungo lege- eta enpresa-testuingurura hobeto egokituta. Jardunaldiaren hasieran, Emakundeko zuzendariak azpimarratu du sarearen ikuspegi berriak bat etorri behar duela Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearekin, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategiarekin eta Soldata Berdintasunerako Estrategiarekin, "sarearen ibilbideari, urte hauetan antzemandako ikaskuntza eta beharrei eta Euskadiko egungo enpresa-testuinguruari erantzuteko".

Miren Elgarrestak eskerrak eman dizkie "gizartea aldatzen laguntzen duen eta berdintasuna erdigunean jartzen duen" sarea osatzen duten erakunde guztiei. "Berdintasuna ez da justizia sozialeko gai bat bakarrik, ez da eskubide bat bakarrik, erakunde bakoitzarentzat eta gizarte osoarentzat onura bat ere bada", gaineratu du.

Jardunaldian Danele Sarriugarte eta Uxue Alberdi idazleen arteko solasaldia izan da, parte-hartzaileak inspiratzeko, eta Bai Sarearen estrategia berria diseinatzeko ideiak partekatu dituzte.

Topaketan ongietorria eman zaie sarean sartu berri diren bi laguni: Aurrerantz, S. Coop. eta Ardatz Kultur Ekartea (IKA).

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)