AZTIk Waste Lab Bizkaia saria jaso du, arrantza-sektorean ekonomia zirkularra bultzatuz sektorearen ingurumen-inpaktua murrizten eta lehiakortasuna hobetzen laguntzeagatik

Argitalpen-data: 

wastelab_sariak_azti.jpeg
  • Sariak aitortza egiten dio AZTIk arrantza-aparailuak bizitza erabilgarriaren amaierara iristean sortzen diren hondakinak murrizteko konponbideak garatzen duen esperientziari. Europako SEARCULAR proiektuaren gidaritzapean, AZTIk arrantza-flota, fabrikatzaileak, portuak, birziklatze-enpresak eta administrazioak elkartu zituen, erabiltzeari utzitako sare eta aparailuei beste erabilera bat emateko eta arrantzak sortzen dituen hondakinak gutxitzeko
  • SEARCULAR proiektua Europar Batasuneko Horizonte Europa programak, UK Research and Innovation erakundeak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu zuten

AZTIk Ezagutza Kudeatzen duten Erakundeen kategoriako saria jaso du Waste Lab Bizkaia Sarien lehen edizioan. Oihane C. Basurkok, AZTIko itsas zaborretan aditu eta SEARCULAR proiektuaren koordinatzaileak, azaroaren 12an, ostegunez, jaso zuen saria, Miribillako Bilbao Arenan.

Sarien bidez, Bizkaian ekonomia zirkularra sustatzen dutenen lana ezagutarazi nahi da, dela hondakinen sorrera prebenituz, dela materialak berrerabiliz edo birziklatuz. Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu du ekimena Garbikerren bidez, Aclima Euskadiko ingurumen-klusterraren eta EIDE Euskal Diseinuaren Elkartearen parte-hartzearekin.

Atunontziko saretik arraste-arrantzarako sokara

Atunontzi batek portuan utzitako inguraketa-sarea berriz itsasora daiteke, arrasteontzi baten sarea higaduratik babesteko soka bihurtuta. Horretarako, jakin behar da zer material berreskura daitezkeen, nola eraldatu eta zer ezaugarri behar dituen sokak tripulazioaren beharrei erantzuteko. SEARCULAR proiektuan, AZTIk prozesu osoan parte hartu zutenen lana koordinatu zuen, sarea portuan entregatu zenetik soka berria itsasoan probatu zen arte.

AZTIk eta Bermeoko Saretu Recycling enpresak koordinatu zuten soka horien garapena, erabiltzeari utzitako atun-sareak lehengai hartuta. Lau arrasteontzik 429 sarealditan probatu zituzten sokak. Probetan, soka birziklatuek harizpien % 1,2 galdu zuten, eta ohiko sokek, berriz, % 8,3. Probek agerian utzi zuten zer hobetu behar zen flotaren beharrei erantzuteko ere: sokek malguagoak izan behar dute, tripulazioak bizkarrean errazago erabili ahal izan ditzan.

Portuetan bilketa antolatzeko datuak

Erabiltzeari utzitako sareak eta aparailuak biltzen hasi nahi duen portuak erabaki behar du zenbat toki gorde, materialak nola bereizi eta garraioa nola antolatu. SEARCULAR proiektuan, GAIKERrek gidatu zuen Smart Blue Point bilketa- eta sailkapen-ereduaren garapena. Lantaldeak Euskal Herriko lau portutatik ekarritako 13,7 tona arrantza-aparailu erabili zituen eredua baliozkotzeko. Esperientzia horrek datuak eman dizkie portuei, enpresa kudeatzaileei eta administrazioei, bilketarako zenbateko ahalmena behar duten kalkulatzeko eta material bakoitzari zer irtenbide eman erabakitzeko.

Hamaika erakundek osatu zuten partzuergoa, eta AZTIk hiru urtez koordinatu zuen. Proben emaitzetatik abiatuta, partzuergoak gomendioak egin zizkien arrantza-sektoreari eta administrazioei. Besteak beste, portuetan bilketa-puntuak jartzea eta aparailu bakoitza zer materialez egina dagoen identifikatzea gomendatu zuen, material horiek errazago berreskuratzeko. Cabezas Basurkok SEARCULARen emaitzak aurkeztean adierazi zuenez, "orain, erronka da industriak eta araudiak batera aurrera egitea, irtenbide horiek zabalago erabil daitezen". Europar Batasuneko Horizonte Europa programak, UK Research and Innovation erakundeak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu zuten proiektua.

Lehen edizio honetan, Biscay Eco Aggregates ere saritu zuten Enpresen eta Profesionalen kategorian, eta Bilboko Udala, berriz, Erakunde Publikoen kategorian, materia organikoa biltzeko Bilborganik ekimenagatik. José Ignacio Zudaire Aranak Ibilbidearen Sari Berezia jaso zuen.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)