"Azken milia" proiektuaren aurkezpena Arabako Lautadan

Argitalpen-data: 

Gaur, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila, Euskaldendak Merkatarien Elkartea, Lautada Bizirik – ACICSA eta Arabako Lautadako Kuadrilla eskualdeko merkataritza sektorearekin elkartu dira, “Azken milia” proiektu estrategikoa aurkezteko. Proiektu horren helburua da desertizazio komertzialari eta kontsumoko ohitura berriei aurre egitea, sektorea indartzeko eta lehiakortasuna hobetzeko.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak finantzatutako proiektuak 200.000 €-ko zenbatekoa du, eta tokiko merkataritza txikia biziberritzea eta Arabako Lautadako landa-guneetako hurbileko produktuetarako sarbidea ziurtatzea du helburu, honako jarduera hauen bidez:

  • Banaketa Sistema eta Kontsigna Adimendunak (Eskura): Logistika jasangarriko zerbitzua (ibilgailu elektrikoekin), tokiko saltokiei eta ekoizleei egindako erosketak zuzenean etxeetara edo puntu estrategikoetan kokatutako armairu adimendunetara eramango dituena.
  • NIRE Plataforma Digitala: "Bozgorailu" digitala eta erakusleiho autogestionatua, non saltoki bakoitzak bere eskaintzak, produktuak eta zerbitzuak zuzenean eta erraz ezagutarazi ahal izango dizkien herritarrei.

Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Jakes Aguirrezabalen ustez, proiektu honek “udalerri txikiei beren merkataritza-sarea suspertzen laguntzeko dugun borondatea islatzen du, hurbileko merkataritzak jarduera ekonomikoa sortzeaz gain, gure herriak sozialki kohesionatzen dituela ulertuta”.

Ildo horretan, sailburuordeak nabarmendu duenez, “aurrerapauso bat ematen dugu Arabako Lautadako tokiko saltokien lehiakortasuna, ikusgarritasuna eta jasangarritasuna hobetuko duten jarduera zehatzak bultzatzeko”.

“Gure herriak leku biziak, dinamikoak eta aukerak dituztenak izaten jarraitzea nahi dugu. Horregatik, proiektu honek, merkatariei laguntzeaz gain, komunitate osoa indartzen du, sinergiak sortuta eta saltokiak merkatuaren erronka berrietara egokituta.”

“Azken batean, etorkizunean inbertitzea da: enpleguan, tokiko identitatean eta lurraldearen orekan. Lanean jarraituko dugu udalerri bakar bat ere, txikia izan arren, ez dadin geratu garatzeko aukeretatik kanpo.”

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)