- Gobernantzaren, Berrikuntza Publikoaren eta Gobernu Digitalaren Plan Estrategikoa, Ardatz 2030, EAEko administrazioa modernizatzeko eta eraldatzeko ibilbide-orria da
- Planaren tarteko ebaluazioak aurrerapen garrantzitsuak egiaztatu ditu; dokumentuan jasotako 309 adierazleetatik ia erdiak beteta edo oso garatuta daude, eta Gobernu Planarekin lotutako adierazleen %60 osatuta edo oso aurreratuta daude
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenak Eusko Jaurlaritzaren Gobernantzaren, Berrikuntza Publikoaren eta Gobernu Digitalaren Plan Estrategikoaren, Ardatz 2030 planaren, tarteko ebaluazioaren berri eman du gaurko Gobernu Kontseiluan.
Plan honek sektore publikoa modernizatzeko eta Administrazioa eraldatzeko ibilbide-orria finkatzen du, herritarrak ardatz dituen Administrazio irekiago, arinago, gardenago, parte-hartzaileago eta eraginkorrago baterantz aurrera egiteko; etorkizuneko administrazioak modu egokiagoan erantzun diezaien erronka sozial eta teknologiko berriei, kalitatezko zerbitzu eskuragarriago, seguruago, eraginkorragoen eskutik.
Planak euskal administrazioaren eraldaketa hainbat eremu estrategiko eta ardatzen baitan oinarritzen du:
- Gobernu zuzena, berdinzalea eta elebiduna: kudeaketaren eta antolaketaren kultura, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta euskara, zerbitzu-eta lan-hizkuntza dira eremu honetako ardatzak.
- Gobernu berritzailea eta etengabeko ikaskuntzan diharduena: araudiaren, pertsonen, antolaketaren eta azpiegituren ardatzak biltzen ditu.
- Herritarrak ardatz dituen gobernu digitala: herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa ematea eta zerbitzu digitalak ardatzak daude eremu honetan.
- Datuetan oinarritutako Gobernua, kontuak ematen dituena: datuen eta informazioaren gobernantzako, plangintzako, ebaluazio eta kontu-emateko eta maila anitzeko gobernantzako ardatzak biltzen ditu.
- Gobernu Irekia: eremu honen baitan daude ondorengo ardatzak: komunikazio publikoa, gardentasuna eta herritarren parte-hartzea eta lankidetza.
Bost eremu horien eta planean jasotako ardatzen bitartez ari da Eusko Jaurlaritza prozesuak sinplifikatzen; administrazioaren digitalizazioa bultzatzen; administrazioaren eta herritarren arteko harremana hobetzen; gardentasuna eta gobernantzaren kultura berria indartzen eta datuen eta teknologiaren aprobetxamendua bultzatzen, zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko.
Aurrerapen esanguratsuak
Planaren tarteko ebaluazioak, estrategiaren hedapenean, aurrerapen nabarmenak izan direla egiaztatu du.
Ardatz 2030 planean jasotako 309 adierazleetatik 71 beteta daude dagoeneko, eta beste 56k garapen-maila oso altua dute; horrek esan nahi du aurreikusitako ekimenen ia erdiak dutela betetze-maila altua.
Gobernu Programari lotutako adierazleei dagokienez, adierazleen ia %60 osatuta edo oso aurreratuta daude. Zehazki, % 38 daude osatuta, % 21 oso aurreratuta eta % 31 nahiko aurreratuta.
Datu horiek agerian uzten dute Ardatz 2030 estrategiak, plana gauzatzeko epe erdia igarota, betetze maila altua duela eta ezarritako helburuak betetzen ari direla: administrazio modernoagoa, digitalagoa, hurbilagoa, berritzaileagoa eraikitzea, egungo zein etorkizuneko erronkei erantzuteko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)