Bengoetxea lehendakariordeak: «Museoak ez dira soilik eraikinak handituz hazten. Gizartearekin konektatzeko duten gaitasuna handitzen dutenean eta eragin handiagoa dutenean hazten dira»
Bilboko Arte Ederren Museoak bere bilduma berria eta zabalkuntza- eta eraldaketa-prozesuaren ondoren zentroak hartzen dituen espazio berriak aurkeztu ditu gaur. Ekitaldia etapa berri honen lehen aurkezpen publikoa izan da, eta urriaren 5ean Museoaren inaugurazio ofizialarekin amaituko den prozesuari hasiera eman dio.
Lehendakariordeak Patronatua osatzen duten hiru erakundeen —Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala— lana eta konpromisoa eskertu ditu, baita BBKren, proiektuan parte hartu duten profesionalen eta, bereziki, Arango familiaren lankidetza ere.
Lehendakariordeak azpimarratu du Museoaren etapa berria dimentsio arkitektonikotik harago ulertu behar dela, eta eraldaketa honen erdigunean gizartearekin duen harremana kokatu du.
«Museoak ez dira soilik eraikinak handituz hazten. Gizartearekin konektatzeko duten gaitasuna handitzen dutenean eta eragin handiagoa dutenean hazten dira. Eta horixe da gaur Bilboko Arte Ederren Museoak ordezkatzen duena: konexio gehiago eta eragin sozial handiagoa», adierazi du.
Museoaren eraldaketak hazkunde handia dakar, bai espazioetan, bai funtsen aldetik. Zabalkuntzak 6.000 metro koadro gehitzen ditu, baita erakusketarako eta erabilera publikorako espazio berriak ere, Museoaren eraikin historikoak Norman Fosterrek eta Luis María Uriartek diseinatutako bolumen berriarekin integratuz. Espazioen zabalkuntzari bilduma propioak etapa berri honetan hartzen duen protagonismoa gehitzen zaio; bereziki, Plácido Arangoren bildumako 100 obra baino gehiago, 2030. urtearen amaierara arteko iraupen luzeko maileguan Museoari lagatakoak.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)