Arrakastaz amaitu da Elgoibarko Olasogain auzoko Sigmako 56 etxebizitzaren birgaitze integrala

Argitalpen-data: 

  • Hiri-berroneratzeko jarduketa honek (auzo-festa bat batekin ospatu da) 4,1 milioi euroko inbertsioa ekarri du, Eusko Jaurlaritzak (3 milioi baino gehiagorekin), Udalak (306.000 eurorekin) eta bizilagunek (740.000 eurorekin) batera parte hartuta
  • Proiektuak eskualdeko enplegu-plan bat ere barne hartu du, ‘Debabarrena berritzen’, eta haren bidez kalteberatasun-egoeran dauden 24 gazte prestatu dira birgaitze-tekniketan, hala nola kanpo-isolamendu termikoko sisteman edo estaldura arinetan, eta auzoko jarduketa zehatzetan parte hartu dute
  • Denis Itxaso sailburuak esku-hartze hauen osagai soziala nabarmendu du, eta azaldu du “birgaitzea ere kohesio sozialerako tresna bat dela, aukera ematen baitigu bermatzeko inork ez duela bere betiko auzoa utzi behar izango irisgarritasun-arazoengatik edo etxebizitzan baldintza egokirik ez izateagatik”

Arrakastaz amaitu da Sigmako etxebizitzak izenez ezagunak diren Olasogain auzoko 56 etxebizitzen birgaitze integrala. Horri esker, udalerriaren sarreran kokatutako ingurune hori sakonki eraldatu da eta bai bertako egoiliarren bizi-kalitatea, bai Elgoibarko hiri-irudia nabarmen hobetu dira. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak eraikin birgaituak bisitatu dituzte ostiral honetan, bizilagunen harrera bikaina izan duen esku-hartze honen azken emaitza ezagutzeko.

Izan ere, duela egun batzuk, auzotarrek beraiek festa bat antolatu zuten obren amaiera ospatzeko, eta topaketa horretan parte hartu zuten Juan Carlos Abascal Lurralde Plangintzako eta Hiri Agendako sailburuordeak, Ana Telleria Auzoak Berroneratzeko eta Hiri Agendako zuzendariak, udal-ordezkariek eta Debegesako arduradunek, gaur ere izan diren proiektuan inplikatutako beste eragile batzuen artean.

Jarduketak 4.141.457,93 euroko inbertsioa ekarri du guztira, batez ere Eusko Jaurlaritzak finantzatuta —3.094.758,70 euro—, Elgoibarko Udalaren —306.510,53 euro— eta jabeen komunitateen beraien ekarpenekin batera —horiek 740.188,70 euroko ekarpena egin dute—.Proiektua hiri-berroneratze integraleko estrategia baten barruan kokatzen da, eta uztartu egiten ditu eraikinen birgaitzea, ingurunearen berrurbanizazioa, herritarrentzako arreta soziala eta teknikoa, digitalizazioa eta hiri-paisaiaren arloko jarduketak.

Era berean, nabarmendu behar da gaur egun Eusko Jaurlaritza lanean ari dela hemeretzi euskal udalerritako 23 auzo kaltebera hobetzeko, eta dagoeneko 3 Opengela – Kudeaketa Eta Hurbiltasun Bulego Tekniko berri jarri dituela abian Mendelun (Hondarribian), Osintxun (Bergaran) eta Zurbaran-Arabellan (Bilbon). Elgoibarren, Eibarren, Ermuan eta Soraluzen Debabarreneko LJE (Lehentasunezko Jarduera Eremua) proiektuak ere aktibatu dira. Horretarako, Sailak 160 milioi euroko aurrekontua du. Horietatik 130 funts propioak dira, eta gainerako 30 milioiak EBko Next Generation funtsetatik datoz.

 “Auzoa ez ezik, herria ere egin dugu”

Bisitan, Denis Itxaso sailburuak esku-hartzearen eragin globala nabarmendu du, eta, baieztatu duenez, “Elgoibarko sarreran bertan kokatutako jarduera honek lagundu egin du, bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeaz gain —gaur egun eraikin irisgarriak eta erosotasun-maila askoz handiagoko etxebizitzak dituzte eta—, udalerriaren irudia eraldatzen”. “Lehen, Elgoibar zeharkatzen zutenek auzo hondatu bat ikusten zuten; gaur egun, ingurune moderno bat hautematen dute. Auzoa ez ezik, herria ere egin dugu”, gaineratu du.

Itxasok, era berean, Euskadin birgaitzeak duen garrantzia testuinguruan kokatu du, eta, gogorarazi duenez, “Europako hegoaldeko etxebizitza-parke zaharrenetako bat dugu, 60 urte ingurukoa, batez beste”. Horregatik, azaldu duenez, “honelako jarduerak funtsezkoak dira emisioak murrizteko, bizi-baldintzak duintzeko eta gure auzoak bizitza osorako leku bihurtzeko”. Ildo beretik, esku-hartze hauen osagai soziala nabarmendu du, eta azaldu du “birgaitzea ere kohesio sozialerako tresna bat dela, aukera ematen baitigu bermatzeko inork ez duela bere betiko auzoa utzi behar izango irisgarritasun-arazoengatik edo etxebizitzan baldintza egokirik ez izateagatik”.

Era berean, Itxasok etxebizitzen barruko hobekuntzei balioa eman die, eta, azaldu duenez, “balkoietako esku-hartzeak erabat eraldatu du haien erabilera. Gela bat irabazteaz gain, espazio argitsu eta bizigarriak bihurtu dira. Adineko pertsona askorentzat kanpoaldearekin duten lotura dira balkoi horiek; poztasun handia eman diete”, aitortu du.

Bestalde, Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak azpimarratu du Sigmako etxebizitzen birgaitzea instituzioen, eskualdeko eragileen eta bizilagunen beraien arteko lankidetza eredugarriaren emaitza dela. Eta nabarmendu du lankidetza estu horri esker konplexutasun handiko esku-hartze bati ekin ahal izan zaiola, eta alderdi bakoitzak zeregin erabakigarria izan duen proiektu kolektibo bihurtu dela.

Azpimarratu duenez, “koordinazio horrek erakusten du hiri-berroneratzea ez dela soilik gai tekniko bat, baizik eta kohesioa indartzen eta bizi-kalitatea hobetzen duen gizarte-prozesu bat ere”. Alkateak nabarmendu du “elkarrekin lan egitea funtsezkoa dela udalerri jasangarriago, irisgarriago eta duinago baterantz aurrera egiteko, inor atzean geratuko ez den udalerri baterantz”.

Hasierako planteamenduak bederatzi komunitatetan esku hartzea aurreikusten zuen (Eulogio Estarta 1etik 9ra), baina, azkenean, zazpik egin dute bat proiektuarekin —1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 9 atariak—. Horri esker, 56 etxebizitzatan jardun ahal izan da, atari bakoitzeko zortzitan. 7 eta 8 blokeak kanpoan geratu ziren beren komunitatearen erabakiz. Gainera, proiektuak osagai sozial garrantzitsua txertatu du: 268.000 euro bideratu dira 25 etxebizitzentzako laguntza gehigarrietara, kalteberatasun-irizpideei erreparatuz.

Etorkizunari begira dagoen auzo historiaduna

Jarduketa-esparrua Olasogain auzoan dago, Elgoibarko hirigunearen hegoaldean, finkatutako hiri-bilbetik kanpo. Bizitegi multzo hau 60ko hamarkadan sustatu zuen Sigma enpresak bere langileei ostatu emateko, eta 19 eraikinetan banatutako 152 etxebizitzako auzo bat sortu zuen, eliza, frontoia eta eskola zaharrak bezalako ekipamenduekin.

Eraikinek beheko solairua eta hiru altuera dituzte, mehelinen artean antolatuta daude, kota desberdinetan. Fatxada nagusiaren orientazioa N-634 errepiderantz dutenez, kokagune hau udalerrira sartzeko ate nagusietako bat da. Orain birgaitutako fasean, atariak hiru mailatan banatzen dira: 1etik 4ra kota baxuenean, 5a eta 6a maila ertainean, eta 9 ataria zati garaienean.

Birgaitze integrala: irisgarritasuna, efizientzia eta konforta

Jarduketa nagusia eraikinen birgaitze sakona izan da, irisgarritasun unibertsala bermatzeko eta energia-efizientzia hobetzeko helburuarekin. Igogailuak jarri dira atari guztietan, eta, etxebizitzetarako ez ezik, espazio batzuetarako sarbidea ere ahalbidetu da, hala nola elkarte gastronomikorako eta erdisotoetan dauden aldageletarako. Era berean, eskailerak birdiseinatu dira eta atal bakarrekoak izatera igaro dira, funtzionalagoak egiteko.

Energiaren arloan, inguratzaile termiko osoan esku hartu da: fatxadak 10 zentimetroko kanpo-isolamendu termikoko sistemen bidez isolatzea, estalkiak eta forjaketak isolatzea eta arotzeria eta galdara zaharrak efizientzia handiko sistemekin ordeztea. Neurri horiei esker, nabarmen murriztu da eraikinen energia-kontsumoa. Gainera, zubi termikoak ezabatu dira balkoiak eta forjatuak tratatuta, patio eta eroanbideetan amiantoa zuten elementuak kendu dira eta fatxadetan zeuden patologiak zuzendu dira.

Bizilagunek gehien baloratu duten aldaketetako bat bizigarritasuna hobetzea izan da: metro bateko balkoi zaharrak 1,5 metroraino handitu dira eta, balkoirik ez zegoen kasuetan, dimentsio bereko espazio berriak eraiki dira. Beheko solairuetan beira-itxiturak sartu dira, hautemandako segurtasuna hobetzeko. Gaur egun, fase honetan sartutako zazpi eraikinak erabat birgaituta daude. Horretarako, 3.328.789,14 euro bideratu dira, honela banatuta: Eusko Jaurlaritzaren 2,5 milioi, bizilagunenen 740.188,70 euro eta Udalaren 70.000 euro.

Proiektuaren funtsezko elementu bat Kudeaketa eta Hurbiltasun Bulego Teknikoa (Opengela) izan da. Auzoko eskola zaharretan dago eta 2023ko martxotik ematen du zerbitzua. Debegesak kudeatutako espazio horrek 142.210,82 euroko inbertsioa ekarri du Eusko Jaurlaritzarentzat, eta arreta pertsonalizatua eskaini du astean bi egunetan. Gainera, laguntza integrala eman die bizilagunei birgaitze-prozesu osoan, alderdi administratiboak, teknikoak, juridikoak eta finantzarioak barne hartuta. Oraingoz, Opengelak irekita jarraituko du ostegunetan, 12:30etik 16:00etara.

Proiektuak hiri-ingurunearen irisgarritasuna hobetzera eta igogailuak instala daitezen erraztera bideratutako berrurbanizazio-jarduketak ere jaso ditu, lehen airetik igarotzen ziren azpiegiturak lurperatzeko jarduketaz gain. Esku-hartze hauek 630.847,62 euroko ordainketa ekarri dute (Eusko Jaurlaritzaren 394.337,09 eurokoa eta Udalaren 236.510,53 eurokoa), eta hiri-paisaiaren kalitatea nabarmen hobetzea, batez ere eraikinetara sartzeko espazioetan eta auzoaren pertzepzioan Elgoibarrerako sarbide nagusitik.

Aldi berean, monitorizazio energetikoko sistema bat txertatu da etxebizitzen % 10etan (guztira seitan). Sistema horrek aukera emango du hiru urtez haien portaera analizatzeko. 9.610,35 euro bidera dira horretara. Era berean, auzoko gizarte-ekipamenduan —eskola zaharretan— 30.000 euroko esku-hartzeak egin dira haren energia-efizientzia hobetzeko, hiri-berroneratzeari lotutako enplegu-programa baten esparruan.

Eragin soziala eta hobekuntza nabarmena egunerokoan

Proiektuak eskualdeko enplegu-plan bat ere barne hartu du, ‘Debabarrena berritzen’, eta haren bidez kalteberatasun-egoeran dauden 24 gazte prestatu dira birgaitze-tekniketan, hala nola kanpo-isolamendu termikoko sisteman edo estaldura arinetan, eta auzoko jarduketa zehatzetan parte hartu dute. Esku-hartzearen emaitzak dagoeneko hautemangarriak dira eguneroko bizitzan. Joan den osteguneko bizilagunen topaketan agerian geratu zenez, etxebizitzetan hezetasun-arazoak desagertzea izan da aldaketa nabarietako bat: lehen usaina sumatzen zen lekuetan, gaur egun erabat desagertu da.

Hala, Olasogainen birgaitzea hiri-berroneratze integralaren adibide gisa finkatu da, hobekuntza fisikoa, gizarte-kohesioa eta lagun-egite teknikoa konbinatzen dituen hiri-berroneratzearen adibide gisa, eta Opengela ereduaren oinarriak ezarri ditu.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)