- Europar araudi berriak kontsumoaren beherakadari, soberakinen pilaketari eta prezioen gaineko presioari aurre egiteko tresnak indartzen ditu
- “Arduraz jokatu behar dugu: balio erantsi handieneko mahastiak babestu, merkatuaren presioa arindu eta Arabako Errioxaren etorkizuna bermatu”, adierazi du Amaia Barredo sailburuak
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2 milioi euroko krisi-laguntza aktibatuko du martxoan ardogintzaren sektorearentzat, Uzta Berdearen neurriaren bidez 900 eta 1.000 hektarea artean ekoizpena kentzeko helburuarekin.
Europako erreformak Ardoaren Sektoreko Esku-hartzearen (ISV) oinarri juridikoa aldatzen du Nekazaritza Politika Bateratuaren barruan, eta aitortzen du sektorea egoera estruktural konplexuan dagoela Europa osoan: kontsumoaren beherakada, soberakinen metaketa, prezioen gaineko presioa eta klima-aldaketaren ondorio gero eta handiagoak.
Uzta Berdean laguntzak merkatura iritsi aurretik ekoizpena kentzea ahalbidetuko du, hurrengo kanpainari begira prezioen gaineko presioa arintzen lagunduz. Neurri zuzena da upategiei eta mahastizainei arnasa emateko, errentagarritasuna estututa dagoen testuinguru batean.
Azken urteotan hainbat tresna koiuntural aktibatu dira, baina sektorearen oreka estrukturala ez da behar den neurrian lortu. Horregatik, Europako esparru berriak aukera ematen du orain ISVren barruan mahastiaren erauzketa tresna estruktural gisa aztertzeko; eztabaida hori Sailak jada hasi du sektoreko erakundeekin.
Azterketa honek ez du azalera murrizketa bereizi gabea planteatzen, baizik eta esku-hartze selektibo eta teknikoa: kalitate handiko ekoizpenetara bideratuta ez dauden mahastiak, ekoizpen-bideragarritasun txikiko lursailak, abandonatutako azalera edo bestelako laborantza bideragarriak dituzten eremuak. Helburua da ekoizpen-gaitasuna merkatuaren errealitatera egokitzea, balio erantsi handieneko mahastiak babestea eta sektorearen batez besteko errentagarritasuna indartzea.
“Egoera ez da urteko adabaki hutsekin konpontzen. Premiazko neurriak eta erabaki estrategikoak uztartu behar ditugu, mahastizainen familientzat diru-sarrera duinak eta gure upategientzat egonkortasuna bermatzeko”, adierazi du Amaia Barredo sailburuak.
Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du ardoa ez dela jarduera ekonomiko hutsa, baizik eta Arabako Errioxaren paisaiaren, enpleguaren eta nortasunaren funtsezko elementua. Europako esparru berriak tresnak eskaintzen ditu; orain, lidergoz, elkarrizketaz eta arduraz aplikatzea dagokigu, sektorearen etorkizuna eta landa-garapenerako egiten duen ekarpena bermatuko dituen trantsizio ordenatua ziurtatzeko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)