Arabako Mendialdeko asfalto naturalen meatze-paisaien interpretazio-zentroa, Asfaltokia, irekiko da Ataurin

Argitalpen-data: 

atauri.jpeg
  • Vasco-Navarro trenbidearen geltoki zaharra eraberritu da, eta eskualdeko ondare natural eta industrialaren erreferentziazko espazio berezi bihurtu
  • Asfaltokia interpretazio-zentroa abuztuaren 1etik aurrera asteburuetan irekita egongo da jendearentzat. Larunbatetan 10:00etatik 18:00etara, eta igande eta jaiegunetan 10:00etatik 14:30era

Vasco-Navarro trenbidearen Atauriko geltoki zaharrak ateak zabalduko ditu berriro, baina jatorrizko helburua aldatuta, Arabako Mendialdeko Asfalto Naturalen Interpretazio Zentro bihurtuko baita, Asfaltokia. Urtebetez eraikina eraberritzen eta lehengoratzen aritu ondoren, asteburu honetan zabalduko ditu ateak. Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, Ramiro González ahaldun nagusiak, Arraia-Maeztuko alkateak, Arabako Mendialdeko Kuadrillako presidenteak eta Atauriko Administrazio Batzarreko ordezkari batek eraikinaren hiru solairuak bisitatu dituzte.

 “Asfaltokia interpretazio-zentroa irekitzearekin Arabako Foru Aldundiak bultzatutako asfalto naturalen ondarea balorizatzeko estrategia sendotzen da. Ekipamendu honek Arabako Mendialdeko paisaia eta historia modelatu duen ondare berezia interpretatu eta hedatzen du, eta Lucia meategian eta Asfalto Naturalen Ibilbidean garatutako jarduerak osatzen ditu” adierazi du Ramiro Gonzalezek.

 “Proposamen berritzaile eta jasangarria da, eta aukera berriak sortzen ditu, bai ingurunea errespetatzen duten esperientzia desberdinak, originalak eta jasangarriak bilatzen dituen publikoarentzat, bai eskualdearentzat berarentzat, garapen ekonomikoa bultzatuko duen elementua den aldetik. Proiektu honek eskualdearen nortasuna indartzen duen ondarea gordetzen du, etorkizuna gure berezitasunetatik abiatuta eraiki dadin”.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak aditzera eman duenez, “Euskadik turismorako 105 milioi jaso ditu Europako funtsetatik; horietako asko helmugako turismo-jasangarritasuneko planak garatzera bideratu dira eta 2021etik 2023ra baliatu ditugu. Meatze-paisaien planak 2,1 milioi jaso ditu, eta Arabako Mendialdeko asfalto naturalen meatze-paisaien interpretazio-zentroa da, hain zuzen, gure udalerriek eta eskualdeek bultzatzen dituzten eta gure turismo-sektorearen lehiakortasuna hobetzen duten 34 proiektu baino gehiagoren eta ehunka jarduketen erakusgarri”.

Mendeurrena betetzen duen eraikineko espazioa hiru solairutan banatuta dago. Beheko solairuan harrera egingo zaio bisitariari, eta bertan harmonian uztartzen dira tradizioa eta modernitatea. Errealitate birtualeko gune bat nabarmentzen da, eskualdea, meategiak, fabrika zaharrak eta Maeztuko diapiroaren gainetik hegan egiteko aukera ematen duena.

Lehen solairuak eduki teknikoa hartzen du, “asfalto naturalari buruzko liburu irekia” da. Bisitariari askotariko informazioa ematen zaio meatzaritzako paisaien geologiari, asfaltoaren erabilerei, bitxikeriei, Arabako Mendialdean zeuden fabrikei eta jarduera horren hasieratik gaur egunera arteko kronologiari buruz. Kanpora begira dauden hiru begiratokik Izkiko parke naturala, Vasco-Navarro trenbidearen bide berdea, meatzaritza-gunea eta Lucia meategia identifikatzeko aukera ematen dute.

Meatzaritza-gune hori Alejandro Mendizabal ingeniaria eskaintzen zaio, Vasco-Navarro trenbideko Old English estiloko eraikinen arduradunari. Erabilera anitzeko espazioa da, hitzaldiak eta ekitaldiak hartzeko pentsatua. Geltokiaren, trenbideen eta asfaltozko panelen zuri-beltzeko irudi bat du.

Asfaltokia interpretazio-zentroa abuztuaren 1etik aurrera asteburuetan irekita egongo da jendearentzat. Larunbatetan 10:00etatik 18:00etara, eta igande eta jaiegunetan 10:00etatik 14:30era

Geltokiaren mendeurrenarekin bat, eta higiezin eraberritua berriro zabaltzeko, Asfaltokia interpretazio-zentroak hartzen duen aldi baterako lehen erakusketak eraikinaren bilakaerari, haren urte oparoei, jarduera bertan behera geratu izanari eta eskualdearentzat erreferentzia-puntu bihurtzeko eraberritze-prozesuari buruzko ikuspegia eskainiko du.

Proiektua egikaritzeko guztira 2,1 milioi euroko inbertsioa egin da. Zenbateko hori Asfalto Naturalen helmugako turismo-jasangarritasuneko planetatik datoz, betiere Europar Batasunak (NextGeneration EU) finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan finantzatuta.

Proiektu honekin, Foru Aldundiak azken urteotan Arabako Mendialdean garatu dituen esku-hartzeak osatuko ditu, bai Vasco-Navarro trenbidearen bide berdean, bai asfalto naturalen meatze-paisaietan.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)