- Azterlan bateratu bat egingo dute aztertzeko goi-horniduran eta saneamenduan bete beharreko behar bakoitzerako zein den irtenbiderik onena ikuspuntu tekniko, ekonomiko, edota operatiboa aintzat hartuta; baita ingurumenean zeinek duen aztarnarik txikiena ere hausnartzeko
- Lau erakundeek 150.000 euro inbertituko dituzte Arabako 270.000 biztanlerentzako hornidura eta saneamendu soluziorik onenak aztertzeko
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 11. Arabako Foru Aldundiak, URA-Uraren Euskal Agentziak, AMVISA-Gasteizko Udal Urek eta URBIDE-Arabako Ur-partzuergoak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Zadorrako Unitate Hidrologikoaren barruan dauden Arabako udalerrietako hornidura- eta saneamendu-azpiegituren alternatiben azterketa egiteko.
Azterlanaren helburua izango da goi-horniduraren eta saneamenduaren arloan bete beharreko behar bakoitzerako irtenbiderik onena teknikoki, ekonomikoki, operatiboki eta ingurumenaren aldetik aztertzea, beharrezko azpiegituren bizi-ziklo osoa kontuan hartuta. Halaber, arreta berezia eskainiko dio AMVISAren azpiegiturek arroko beste udalerri batzuei zerbitzua emateko duten ahalmenari, sinergiak eta baliabideak optimizatzeko aukerak identifikatuz.
Hitzarmenari esker, plangintza bateratua eta koordinatua egin ahal izango da, eta etorkizunean planifikatu ahal izango diren inbertsioak zehaztu ahal izango dira: ur-horniduraren segurtasuna eta kalitatea bermatzeko, saneamendu-sistemak hobetzeko eta klima-aldaketak eta uraren arloko Europako eta Estatuko araudiak ezarritako erronka berriei erantzuteko.
Halaber, izenpetutako konpromisoak zedarritutakoari jarraiki, lehendik dauden azpiegiturak optimizatzea eta beharrezkoak diren azpiegitura berrietarako arroko udalerrien artean sinergia posibleak aztertzearen alde egingo dute erakundeek.
Zadorraren arroak udalerri hauek hartzen ditu: Agurain, Dulantzi, Legutio, Zuia, Zigoitia, Arratzua-Ubarrundia, Iruña Oka eta Iruraiz-Gauna, eta baita Gasteiz ere, guztira 270.128 biztanle baitituzte, hau da, Arabako biztanleriaren % 81 baino gehiago.
Erakunde sinatzaileek lurraldeko biztanleen % 90i baino gehiagori ematen diete zerbitzua gaur egun. Hortaz, funtsezko elementu bihurtzen du haien arteko koordinazioa uraren ziklo integralaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko.
Saray Zárate Garapen eta Jasangarritasun diputatuak azaldu duenez "ezinbestekoa da zorroztasunez planifikatzea, erakundeen arteko jarduerak koordinatzea eta uraren kudeaketak planteatzen dituen erronkei aurrea hartzea. Gaur hornidurari eta saneamenduari buruz hartuko ditugun erabakiek datozen hamarkadetako bizi-kalitatea baldintzatuko dute. Foru Aldundiak lanean jarraitzen du Arabarako baliabide estrategiko baten kudeaketa arduratsu eta iraunkorra bermatzeko".
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikitako URA-Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Asier López Etxebarriaren arabera "hitzarmen honek erraztuko du Arabako eremu jendetsuenean uraren hiri-zikloaren irtenbide integratuak zehaztea. Hartara, Arabako eremu jendetsuenean uraren hiri-zikloaren konponbideak definitzeko. Nolanahi ere, epe luzerako eskala-ekonomia, klima-aldaketarekiko erresilientzia, eta gure ur-masentzako babes handiagoaren irizpideak uztartuz”.
AMVISAko presidente Pascual Borjak adierazi duenez, "azterlan honi esker, arroko udalerriekin lankidetza handiagoa eta hobea nola egin dezakegun identifikatu ahal izango da, hornidura segurua eta araubidearen eskakizun berriekin bat datorren saneamendua bermatuz. Baterako plangintza hori baliabideak optimizatzeko eta sistemaren eraginkortasuna hobetzeko aukera bat da. Urrats garrantzitsua da eredu koordinatu eta iraunkorrago baterantz ".
URBIDE Ur Partzuergoko presidente Julen Ibarrolak azpimarratu duenez, "Arabako landa-eremuan, tokiko erakundeek ahalmen tekniko eta finantzario mugatua dute, sakabanatutako gune txikietan pixkana murrizten ari den biztanleria baita. Hala ere, uraren kudeaketa iraunkorrari buruzko erabakiak hartzeko eskumena duten administrazioak dira. Plangintza hidrologikoa funtsezko tresna da eskura dagoen baliabidea modu ordenatu eta seguruan kudeatzeko, giza kontsumoa bermatuz eta ingurumena babestuz. Gida hori gabe, ezinezkoa litzateke ondasun mugatu hori modu zuzen eta eraginkorrean banatzea. Esparru horretan, funtsezkoa da erakunde publikoen arteko lankidetza, batera masa kritiko nahikoa lortzeko, eta, horrela, oinarrizko eta nahitaezko diren hornidura- eta saneamendu-zerbitzuak bideragarri egiteko".
Erakundeen arteko lankidetza-esparru horren oinarri dira: batetik, hiriko hondakin-urei eta kontsumorako uraren kalitateari buruz Europako araudiak ezarritako betebehar berriak zorrotz bete nahia; bestetik, baita azpiegiturak hobeto prestatzea, klima-aldaketak eragindako ur-baliabideen gaineko presio handiagoko egoeretara egokitzeko.
Azterlanak 150.000 euroko aurrekontua izango du gehienez, eta parte hartzen duten lau erakundeek modu ekitatiboan finantzatuko dute. Amaitutakoan, inbertsioen ibilbide-orri bat adosteko oinarria izango da, Zadorraren arro osorako uraren kudeaketa-eredu eraginkorrago, jasangarriago, erresilienteago eta koordinatuago baterantz aurrera egiteko.
Azterlana idazteko lanen jarraipenerako, zuzendaritza-batzorde tekniko bat eratuko da. Batzorde horrek lau ordezkari izango ditu, hitzarmena sinatzen duen erakunde bakoitzeko bana.
Arabako Foru Aldundiaren, URAren, AMVISAren eta URBIDEren arteko lankidetzak indartu egingo du erakundeek uraren kudeaketa integrala egiteko konpromisoa: plangintzan, administrazioen arteko lankidetzan eta irtenbide partekatuak bilatzean oinarrituta; herritarrei zerbitzu hobea emateko eta lurraldeko ur-baliabideak babestea xede.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)