Andoitz Korta, Eusko Jaurlaritzako Industria Sustapenerako sailburuordea, gaur goizean bildu da Vicinay enpresaren Enpresa Batzordeko ordezkariekin, batzordeak berak eskatuta, enpresaren egungo egoera aztertu eta partekatzeko.
Lehenik eta behin, Kortak Enpresa Batzordeko ordezkariei helarazi die Eusko Jaurlaritzaren elkartasuna eta konpromisoa langileekin zein familiekin.
Sailburuordeak Batzordeari azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak bi urte baino gehiago daramatza enpresarekin lanean “modu zuzenean eta diskretuan”, enpresaren itxiera saihesteko xedearekin. Esan duenez, Eusko Jaurlaritza “une bereziki zail eta konplexuetan enpresaren alboan egon gara, eta azken unera arte lagundu diogu”, Vicinayk behar adinako finantzaketa izan zezan. Horretarako, finantza-erakundeekin, energia-hornitzaileekin, lehengaien hornitzaileekin eta inplikatutako gainerako eragileekin harremanetan aritu dira. “Gure konpromisoa da Vicinayk etorkizuneko industria-proiektu bat izatea”, azpimarratu du.
Kortak gogorarazi du zein zen enpresaren egoera duela sei hilabete: konkurtso-prozesu batean zegoen eta itxierara bideratua zegoen. Egoera horretan, konkurtso-administrazioak Dámaso Quintana industria-inbertitzaileak aurkeztutako proiektu aukeratu zuen, bakarra izan zelako Vicinayri irtenbide erreal bat emateko orduan. Ondoren, Eusko Jaurlaritzak eta Ekarpenek —gehiengo pribatua duen inbertsio-funts publiko-pribatua— proiektuarekin bat egin zuten. “Hiru aldeok, ECN All Wind bidez, Vicinayren kapitalean sartu izan ez bagina, enpresa duela hilabete batzuk itxiko zen eta 200 pertsona kaleratuak izango ziren. Inbertsio horri esker, gaur Vicinay existitzen da”.
Dámaso Quintana ibilbide aitortua duen industriala da, eta Euskadiko industriarekiko konpromiso argia du. Egun, industria-inbertsioak ditu Euskadin, eta industria-proiektu berriak aurreikusten ditu gure herrialderako. Vicinayn 60 milioi euroko inbertsioaren buru izan zen eta enpresak zekarren zorra berrantolatu zuen. Horri esker, “Vicinayren proiektu industrialari bigarren aukera bat ematea ahalbidetu du”.
“Guk sinesten dugu ECN All Winden proiektuan; egun, besteak beste, Vicinayren jabe den enpresarena”, nabarmendu du Kortak. Eusko Jaurlaritzaren eta Ekarpenen inbertsioa ECN All Winden egin zen. Velorak sortutako dibisioa da hori, itsasoko energia eolikoan eta elektrizitatea garraiatzeko zein banatzeko sareetan espezializatua dago, hazkunde aukera handiak dituen sektore batean. Eusko Jaurlaritzak 7,5 milioi euroko ekarpen zuzena egin zuen, eta beste 8,7 milioi euroko ekarpen osagarria Ekarpenen bidez.
Vicinayren erosketa, egun ECN All Wind industria-taldearen barruan dagoena, aurreikusita zeuden inbertsio berriak barne hartzen zituen hazkunde-estrategia zabalago baten lehenengo eragiketa izan zen.
Industria-hazkundeko estrategia horren barruan, taldeak duela gutxi iragarri du 100 milioi euroko inbertsioa Araban, eta horrek 100 lanpostu berri sortzea ekarriko du.
Ildo horretan, sailburuordeak Enpresa Batzordeko ordezkariekin partekatu du Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa Vicinayko langileengan EEEak (Enplegu Erregulazio Espedienteak) izango duen eragina arintzeko. “Gure bazkide den ECN All Wind taldeari helarazi diogu, Vicinay gaur egun industria-talde handiago baten parte denez, EEEak eragindako pertsonak birkokatzeko aukerak bilatu ditzala”.
Era berean, Kortak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak errespetatuko dituela “orain arte beti egin bezala”, zuzendaritzaren eta enpresa-batzordearen arteko negoziazioak, eta horiek batzordearen eta zuzendaritzaren artean egin behar direla: “Ez dugu mahai paraleloak sortzearen alde egiten, ezta errealitatearekin bat ez datozen itxaropenak elikatzearen alde ere”.
Sailburuordeak azpimarratu du Eusko Jaurlaritza enpresaren kapitalean sartu izanak ez duela esan nahi Vicinay erakunde publiko bihurtuko denik, eta gogorarazi du enpresa pribatu bakar batek ere ezin duela bermatu inoiz ez dela kaleratzerik izango.
Bukatzeko, sailburuordeak dei egin du “denok batera lan egitera eta alderdi guztien artean elkarrizketa arin, zintzo eta etengabea mantentzera”, eta prozesuaren bilakaeraren jarraipen “estu eta zuzena” egiten jarraitzeko konpromisoa hartu du.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)