- Patricia Valek adierazi du Alokabidek ez duela Udalaren eskaera formalik eta dokumentaturik jaso, eta ez dakiela zer irizpide erabili nahi dituen Eusko Jaurlaritzaren etxebizitzak esleitzeko.
Alokabideko zuzendari nagusi Patricia Valek erantzun dio Donostiako alkateak gaur goizean komunikabideen bidez egindako eskaera publikoari, Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak kudeatzen dituen etxebizitzak erabiltzeko eskatu baitu. Valek zehaztu duenez, Alokabidek ez du horri buruzko eskaera formalik eta dokumentaturik jaso, eta ez ditu ezagutzen Udalak etxebizitza horiek esleitzeko erabili nahi dituen irizpideak.
Valek gogorarazi du Alokabidek Donostian kudeatzen dituen etxebizitzak Euskadiko etxebizitza-azpiegitura publikoaren parte direla, eta batez ere Etxebiden izena emanda dauden Donostiako etxebizitza-eskatzaileei zuzenduta daudela. Hortaz, ez dira Udalak ezarritako prozeduretatik kanpo bere kabuz erabil ditzakeen etxebizitzak.
Gaur egun, Alokabidek 766 etxebizitza kudeatzen ditu Donostian, Eusko Jaurlaritzak eraikitako sustapenetakoak zein Bizigune programaren bidez eskuratutakoak kontuan hartuta. Horietatik 726 donostiar familiei alokatuta daude, eta gainerakoak egokitzeko, esleitzeko edo bertan bizi diren pertsonak beste etxebizitza batera lekualdatzeko prozesuan daude, Etxebideren prozeduren arabera.
Zuzendari nagusiak gogorarazi du etxebizitzak zuzenean esleitzeko irizpideak berdinak direla Euskadiko udalerri guztientzat. Era berean, adierazi du Eusko Jaurlaritzatik kanpo etxebizitzak esleitzeko edozein mekanismo paralelo ezarri nahi izanez gero, dagokion lege-aldaketa egin beharko litzatekeela, eta aldez aurretik aztertu beharko liratekeela erregistratutako etxebizitza-eskatzaileak behin eta berriz beste pertsona batzuekin ordezkatzearen ondorioak, batez ere irizpide horiek azaldu eta dokumentatu gabe daudenean.
Ildo horretan, Valen ustez, «kasu jakin batzuei erantzuteko beste erakunde baten baliabideak agintzea, erakunde horri aldez aurretik kontsultatu ere egin gabe, ez da Donostiak bizi duen etxebizitza-larrialdia bezalako arazo sentikor bat arduraz kudeatzeko modua».
Donostiak etxebizitza-parke publikoa handitu behar du
Patricia Valek adierazi du Alokabidek Donostian kudeatzen dituen 766 etxebizitzak nabarmen gutxiago direla Bilbon kudeatzen dituen 2.289ak eta Gasteizen kudeatzen dituen 4.195ak baino. Alde horrek Donostiako Udala bultzatu beharko luke hirigintza-izapideak eta udal-lursailen lagapena bizkortzera, gaur egun blokeatuta dauden bizitegi-eremuetan. Izan ere, eremu horiek funtsezko zeregina izan dezakete egungo etxebizitza-krisiari aurre egiteko.
Zuzendari nagusiak ohartarazi du etxebizitza-politika serio batek ez lukeela iritsi behar etxebizitza babestuen parke osoa etxebizitza-larrialdiko egoerei erantzutera bideratzea planteatzen den puntura, horrela etxebizitza-eskatzaile gisa aspalditik izena emanda dauden pertsonak baztertuz.
Zaurgarritasun-egoerei arreta zorrotza eta diskretua
Bestalde, Valek gogorarazi du Eusko Jaurlaritza dagoeneko diskrezioz eta zorroztasunez ari dela artatzen Donostiatik eta Euskadiko gainerako udalerrietatik iristen diren ezohiko kasuak, betiere zaurgarritasun-egoerak dagozkien udal-txostenen bidez behar bezala egiaztatuta daudenean. Kasu horietan, Eusko Jaurlaritzak behar diren neurriak hartzen ditu bizitegi-alternatibak eskaintzeko.
Azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak egoera horiei aurre egiten die publizitaterik egin gabe, kaltetutako pertsonen irudia jendaurrean erakutsi gabe eta komunikabideen bidez etxebizitzarik agindu gabe.
Era berean, gogorarazi du beharrezkoa dela erakundeen jardunean koherentziari eustea, zaurgarritasun-egoeran egon daitezkeen maizterren zein jabeen eskubideak defendatzerakoan.
Azkenik, Valek berretsi du Eusko Jaurlaritzatik kanpo etxebizitzak esleitzeko edozein mekanismo alternatibok dagokion lege-babesa izan behar duela, eta Etxebiden izena emanda dauden etxebizitza-eskatzaileentzat izango lituzkeen ondorioak aztertu behar direla, haien eskubideak eta bidezko itxaropenak ere errespetatu behar baitira.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)