Administrazioaren eraldaketa "ukaezina" dela defendatu du Ubarretxenak "baita pertsonen zerbitzura eta giza ikuskaritzapean dagoen Adimen Artifizialaren eskutik ere"

Argitalpen-data: 

  • Euskal administrazioek izapideak sinplifikatu dituzte, 2026an ia 32 milioi datu-trukatuz
  • ERAGITEN jardunaldiaren bigarren edizioak administrazio eta enpresetako 200 profesional bildu ditu Bilbon, eraldaketa-esperientziak partekatzeko helburuarekin

Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak ERAGITEN topaketaren bigarren edizioa ireki du gaur Bilboko Euskalduna Jauregian. Topaketa hau, urtero antolatzen du Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailak, Administrazioa eraldatzea helburu duten esperientziak eta ezagutza partekatzeko. Bere hitzaldian, eraldaketa hori “etengabeko lana” dela defendatu du sailburuak eta pertsonak direla eraldaketa horren giltzarria azpimarratu du.

Ubarretxenak gogorarazi du euskal administrazioek urteak daramatzatela zerbitzu publikoak hobetzeko lanean, eta ziurtatu du egindako lana “emaitzak ematen” ari dela. Adibide gisa aipatu du, aurten, esaterako, ia 32 milioi datu trukatu dituztela administrazioek beren artean,  “inork ez du leihatilaz leihatila joan behar izan paper bat eskuan”. Azaldu duenez, hori posible da 1.829 zerbitzu kudeatzen dituen sare komun baten bati esker. Aurten,  47 zerbitzu berri batu dira sarera.

Egokitu, norabidea galdu gabe

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu saileko arduradunak ohartarazi du,  “atzo funtzionatzen zuenak ez du bermatzen bihar ere funtzionatuko duenik”, aldaketak gero eta azkarrago gertatzen direlako. Ubarretxenaren ustez, euskal Administrazio publikoak egokitu egin behar du “norabidea galdu gabe”, teknologia baliatuz, baina “guk erabakiz teknologia zertarako erabili”.

Sailburuak luze hitz egin du Adimen Artifizialaz bere hitzaldian, administrazio publikoaren eguneroko zereginetan oso presente dagoelako.

Adimen artifizial adeitsuaren arriskua

Sailburuak Adimen Artifizialaren potentziala aitortu du, baina berretsi du, “erabilgarria izan arren, tresna bat dela”. Eta hain agerikoa ez den arrisku batez ohartarazi du: “adimen artifizialak arrazoia eman dakiguke, datuek ematen ez digutenean”, Stanfordeko talde batek 2025ean egiaztatu zuen bezala. Horregatik, “gure hipotesiak kontrastatzen, baina ez, bai hala bai, baieztatzen” lagunduko duen teknologia baten alde egin du Ubarretxenak.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailak du euskal administrazioan Adimen Artifizialaren ezarpena gidatzeko ardura. Ubarretxenaren hitzetan, teknologia honen erabilera “ukaezina da” baina pertsonen zerbitzura eta gizakiaren ikuskapen zorrotzaren baitan egon behar du.

Bi printzipio horietan oinarritzen dira Eusko Jaurlaritzaren bi estrategiak: adimen artifizialaren Gobernu estrategia, dagoeneko onartuta dagoena, eta Herri-estrategia, oraindik garapen fasean dagoena, baita ArgIA ere, baliabide propioak eta enpresa teknologikoen zerbitzuak konbinatzen dituen adimen artifizialeko plataforma publikoa.

Esperientzia partekatuak

ERAGITEN programak bi hitzaldi-sorta paralelo izan ditu, aldi berean areto bereizietan egindakoak.

Aretoetako bateko mahai-inguruan barne prozesuen hobekuntzari heldu diote eta hainbat esperientzia partekatu dituzte, hala nola Adimen Artifizialaren erabilera erregistroan edo laguntzen sinplifikazioan.  Aldaketaren lidergoa ere aztergai izan dute,  modernizazio planen edota gobernantza teknologikoko eredu berrien eskutik.

Beste mahai inguruan, herritarrengan izan duen eragina aztertu dute. Landutako gaien artean: arreta, komunikazio argia eta entzute-proiektuak, Administrazioa eraldatzeko aliantzak, datuen babesa eta Europako egiaztagiri digitalak.

Gogoeta horiek, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako eta bere erakundeetako foru-aldundietako eta hainbat udaletako ordezkariek egin dituzte.  eta hainbat udalek egin dituzte. Halaber, Animsak, Nafarroako Udal Informatika Elkarteak eta Asturiasko Printzerriko Gobernuak parte hartu dute, guztiek esperientzia baitute hizpide izan diren gaietan.

Txakolinetik finantzetara

Topaketan, halaber, Administraziotik kanpoko hizlariek bi inspirazio-hitzaldi eskaini dituzte, txakolinetik hasita finantzen mundura pasatuz, "bi mundu desberdin, zerbait amankomunean: eraldatzeko beharra", adierazi du sailburuak.

Garikoitz Riosek, Itsasmendi Upategiko zuzendari teknikoak, eman du lehenengo hitzaldia. Ardoaren munduan duen esperientziatik, adierazi du "tradizioa indargunea da, inoiz ez oztopo bat", eta hausnarketa eremu publikora eraman du: "Administrazioa ezin da gizartetik kanpoko zerbait izan; Pertsona eta sektore profesionalekin elkarlanean aritu behar du ", azpimarratu du.

Amaierako hitzaldia, Nagore Bilbaok, BBVAren Bilboko AI Transformation Hub-eko arduradunak eman du. Hizlariak erakundearen eraldaketa digitalaren prozesua errepasatu du, eta azaldu du ibilbide horretako ikaskuntzek orain adimen artifizialak markatutako etapa berri baterako oinarri gisa balioko dutela.

Gakoen artean, Bilbaok nabarmendu du garrantzitsua dela pertsonak aldaketaren erdigunean jartzea, AAren erabilera erakunde osora zabaltzea eta prozesuak eta lan egiteko moduak birpentsatzea, daukan potentzial guztia aprobetxatzeko. Erronka nagusiei buruz hitz egitean, azpimarratu du benetako eraldaketa ez dela soilik teknologia berriak sartzea, baizik eta lan egiteko eta balioa sortzeko modua aldatzea

ERAGITEN, urte osoan

Sabino San Vicente Administrazio Digitaleko sailburuordeak itxi du aurtengo ERAGITEN edizioa, jardunaldia urte osora zabaltzeko desioarekin “partekatu dezagun urte osoan zehar zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, azkarrago aurrera egiteko aukera izan dezagun”. “Administrazio batek egindakoa baliagarria izan daiteke beste administrazio batentzat, zerotik abiatu behar izan gabe. “Administrazioa eraldatzea herria eraldatzea da”, esanez amaitu du.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)