Adinekoekin Lagunkoiak diren Hiri eta Komunitateen III. Mundu Kongresuaren baitan, “Adinekoekin lagunkoiak diren hiri eta komunitateen etorkizunari buruzko elkarrizketak” izeneko tailerra egin da. Topaketa horren helburua lagunkoitasunaren mugimenduaren etorkizunari buruzko hausnarketa kolektiboa sustatzea eta datozen urteetako erronkak identifikatzea izan da.
Saioan hainbat eragilek hartu dute parte: udal ordezkariek, gizarte-erakundeek, unibertsitateetako kideek, administrazio publikoetako profesionalek, nazioarteko erakundeetako ordezkariek eta adineko pertsonek. Elkarrizketarako eta gogoetarako dinamika parte-hartzaile baten bidez, bertaratutakoek beren esperientziak, ikaskuntzak eta proposamenak partekatu dituzte etorkizuneko hiri eta komunitate lagunkoiak indartzeko helburuarekin.
Parte-hartzaileek nabarmendu dute lagunkoitasunaren markoaren indargune nagusietako bat errealitate eta testuinguru oso desberdinetara egokitzeko duen gaitasuna dela. Era berean, azpimarratu dute herritarren parte-hartzea sustatzeko, lankidetza-sareak ehuntzeko eta udalerrietan etengabeko hobekuntza-prozesuak garatzeko eskaintzen duen balioa.
Hausnarketek agerian utzi dute, halaber, mugimenduak aurrean dituen hainbat erronka. Horien artean aipatu dira ikuspegi gero eta transbertsalagoak eta belaunaldiartekoagoak garatzeko beharra, komunitatearen inplikazioa sendotzea, prozesuen komunikazioa eta ikusgarritasuna hobetzea, eta herritarren, teknikarien eta arduradun politikoen arteko gobernantza partekatua indartzea.
Saioan zehar adierazi da beharrezkoa dela zahartzeari lotutako ikuspegi mugatzaileak gainditzea eta adineko pertsonen aniztasuna, gaitasunak eta ekarpenak aitortuko dituzten planteamenduak sustatzea. Zentzu horretan, parte-hartzaileek azpimarratu dute adineko pertsonak ez direla soilik politiken edo ekimenen hartzaile izan behar, baizik eta komunitatearen eraldaketan protagonista aktibo.
Beste hainbat gai ere jorratu dira, besteak beste, parte-hartze soziala, komunitate-kohesioa, auzoen eta landa-inguruneen biziberritzea, parte-hartze prozesuen irisgarritasuna, lagunkoitasunaren inguruko prestakuntza eta mugimendu hau gaur egungo erronka nagusiekin lotzeko beharra, hala nola osasun komunitarioarekin, etxebizitzarekin, jasangarritasunarekin edo desberdintasunen murrizketarekin.
Tailerraren amaieran, parte-hartzaileek komunitate inklusiboagoak, parte-hartzaileagoak eta kohesionatuagoak eraikitzen jarraitzeko beharra azpimarratu dute. Komunitate horietan, adineko pertsonak eraldaketa sozialaren eragile aktibo izango dira, eta lagunkoitasuna komunitate osoaren ardura partekatu gisa ulertuko da.
Saioan jasotako ekarpenek nazioarteko hausnarketa-prozesuak aberasten lagunduko dute, eta bide emango dute pertsona guztientzat bizitza autonomoa, esanguratsua eta komunitatearekin lotua sustatuko duten hiri eta komunitateak garatzen jarraitzeko.