Abadiñok herri lagunkoiago baten aldeko bidea sendotzen jarraitzen du

Argitalpen-data: 

Abadiñok herri lagunkoiago baten aldeko bidea sendotzen jarraitzen du

Duela hamar urte, Abadiñoko hainbat herritarrek, adinekoen ekimenez, helburu argi bati heldu zioten: udalerria bizigarriagoa, irisgarriagoa eta auzoen arteko lotura sendoagoak izango zituen herria bihurtzea. Hausnarketa partekatu hartatik sortu zen Abadiño Lagunkoia, herritarren parte-hartzea eta etorkizuneko herri-ereduaren inguruko gogoeta sustatzen dituen egitasmoa.

Ekimenak bultzada berezia jaso zuen Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) sustatutako Hiri eta Komunitate Lagunkoien eredua ezagutu ondoren. Esperientzia horretan oinarrituta, hainbat herritarrek Bizkaiko beste udalerri batzuetako ekimenak ezagutu zituzten eta proposamena Udalari helarazi zioten. Horren ondorioz, Abadiño 2017an batu zen Euskadi Lagunkoia Berria sarearen bidez OMEren Hiri eta Komunitate Lagunkoien Mundu Sarera.

Lehen urratsa diagnostiko parte-hartzaile bat egitea izan zen. Prozesu hartan herritarrek 182 proposamen aurkeztu zituzten, eta horien artean behin eta berriz agertu ziren kale eta eraikinen irisgarritasuna hobetzea, oinezkoen pasabideetako segurtasuna indartzea, garraioaren hobekuntzak eta udaleko laguntza eta zerbitzuei buruzko informazio argiagoa eskaintzea.

Diagnostiko haren emaitzetatik abiatuta lehen Ekintza Plana diseinatu zen. Pandemiak aurreikusitako egutegia baldintzatu bazuen ere, hainbat ekintza gauzatu ahal izan ziren, besteak beste, komun publikoak jartzea, baratze sozialak sortzea, argiteria hobetzea, espaloiak egokitzea eta parkeetan hobekuntzak egitea.

Gaur egun, talde eragile batek ematen dio jarraipena proiektuari. Astero biltzen dira udalerrian sortzen diren proposamen eta beharrei erantzuteko, eta mugikortasunari, irisgarritasunari, belaunaldien arteko harremanei eta auzoen arteko loturei buruzko gogoeta egiten dute. Helburuetako bat da Abadiño osotasun gisa indartzea, Zelaieta, Traña-Matiena, Muntsaratz, Astola eta Gerediaga bezalako auzoen arteko kohesioa sendotuz.

Ekimeneko kideek azpimarratzen dute adineko pertsonak ez direla mendekotasun-egoeran dauden herritarrak soilik. Haien ustez, adinak ez du oztopo izan behar bizitza komunitarioan parte hartzeko edo udalerriaren etorkizunari buruzko erabakietan ekarpenak egiteko. Esperientzia, ezagutza eta konpromisoa komunitatearen zerbitzura jartzea da Abadiño Lagunkoiaren oinarrietako bat.

Une honetan, egitasmoa 2029ra begirako bigarren Ekintza Plana prestatzen ari da. Horretarako, herritarrekin egindako hainbat saioren bidez 140 proposamen bildu dira. Orain, ekarpen horiek ekintza zehatz, neurgarri eta bideragarri bihurtzeko lanean ari dira, aurrekontuak eta egutegiak zehaztuz eta udal teknikariekin kontrastatuz. Helburua da herritarren proposamenak udalerriaren etorkizunerako konpromiso erreal bihurtzea.

Abadiñoko esperientziak berriro erakusten du Euskadi Lagunkoia Berria programaren balio nagusietako bat: herritarren parte-hartzea, eta bereziki adineko pertsonena, funtsezkoa dela herri lagunkoiagoak, inklusiboagoak eta pertsona guztientzat egokiagoak eraikitzeko.