60 ordezkaritik gora izango dira Bidasoako Basque Segurtasun Foroan

Argitalpen-data: 

BSF_Forms.jpg
  • Irungo eta Hondarribiko ordezkariek parte hartuko dute segurtasun-foroaren 17. bileran
  • Basque Segurtasun Foroak orain arte 600 pertsona baino gehiago elkartu ditu segurtasun integralari buruzko 40 ordu inguruko eztabaidan

Basque Segurtasun Foroak 17. bilera egingo du bihar, otsailak 18, Irunen. Bileran Irungo eta Hondarribiko 60 bat eragile instituzional, sozial eta ekonomiko bilduko dira. Bihar egingo duen bilerarekin, Basque Segurtasun Foroak bide erdia eginda izango du.

Foroa 2025eko ekainaren 30ean inauguratu zen ofizialki Bilboko Euskalduna Jauregian, Lehendakaria eta lurralde-agintariak, tokiko agintariak eta nazioarteko adituak bertan zirela, eta hilabete hauetan Euskadiko hainbat eskualdetan saioak eginez garatzen ari den prozesu bat jarri zen abian. Inaugurazio-saioaren ondoren, bilerak egin dira Goierrin, Debagoienan, Meatzaldean, Arabako Errioxan eta Mendialdean, Oarsoaldean, Bilbon, Aiaraldean, Urola Kostan, Lea-Artibain, Ezkerraldean, Debabarrenan, Enkarterrin, Araban, Gipuzkoan eta Mungialdean.

Basque Segurtasun Foroa hausnarketa estrategikorako prozesu parte-hartzaile bat da, eta helburua du Euskadin segurtasun integralaren kontzeptua eztabaidatzea eta berriz definitzea, hiru elementuk osatutako lan-dinamika batekin:  

  • Segurtasunaren arloko funtsezko gaiei buruz (emakumeen aurkako indarkeria, zibersegurtasuna, larrialdien kudeaketa, klima-aldaketa, herritarren bizikidetza, droga-trafikoa, desinformazioa) eztabaidatzeko antolatutako lan mahaiak eta talde dinamikak.
  • Parte-hartzaileen proposamenak eta hausnarketak biltzea Euskadiko Segurtasun Integraleko Plan Orokorrari begira estrategiak formulatzeko ideia-banku bat elikatzeko (galdetegia proiektuaren webgunean eta proposamen irekia Irekia.eus-en).
  • Zeharkako parte-hartzea, segurtasun arazoek bereziki eragindako taldeen ahotsa (emakumeen elkarteak, erretiratuak, ikastetxeak, tokiko enpresak) integratuz.

Orain arte egin diren 16 saioetan parte-hartze handia eta heterogeneoa izan da. Guztira 535 pertsonak parte hartu dute, eta horiei batu behar zaizkie 2025eko uztaileko inaugurazio-ekitaldian parte hartu zuten beste ehun bat pertsona. Topaketetan parte hartu dutenen artean honako hauek daude:

  • Erakundeen ordezkariak: Eusko Jaurlaritzako sailak, udalak, foru-aldundiak.
  • Polizia eta larrialdi-zerbitzuak: Ertzaintza, udaltzaingoak, suhiltzaileak, babes zibila.
  • Gizarte- eta osasun-zerbitzuak: Osakidetza, Gurutze Gorria, DYA…
  • Entitate ekonomiko eta sektorialak: tokiko merkataritza, ostalaritza, enpresak, garapen-agentziak…
  • Elkarteak eta kolektiboak: emakumeen eta erretiratuen elkarteak, kirol-elkarteak, ikastetxeak…

Guztira eragileen arteko 40 ordutik gorako eztabaidak egin dira, eta eztabaidatutako proposamenak jasotzen jarraituko dute Euskadiko Segurtasun Integraleko Plan Orokorrari begira.   

Gainera, 400 pertsonak baino gehiagok erantzun diote bileretarako gonbidapenarekin batera bidalitako galdetegiari. Euskadiko segurtasunari buruzko galdetegia parte hartu nahi duten herritar guztiei irekita dago. Parte hartu nahi dutenek, galderei modu anonimoan erantzun diezaiekete honako estekan: Basque Segurtasun Foroa Inkesta.

Orain arte inkestan parte hartu duten pertsonentzat, 10 urtean gehiago haz daitezkeela uste duten segurtasun kolektiborako hiru arriskuak honako hauek dira:

  • Zibermehatxuak, desinformazioa eta buloak
  • Denboraleak, uholdeak, lehorteak, muturreko bero- edo hotz-boladak klima-aldaketaren ondorioz...
  • Gizarte-gatazkak eta istiluak

Segurtasun Integraleko Plana

Euskadin barrena egindako saioetan bildutako ekarpenak 2026-2030 aldirako Segurtasun Integraleko Planean sartuko dira. Orain arte egin diren saioetan, lehentasunezko hainbat lan-ildo identifikatu dira:

  • Herritarren segurtasunaren ikuspegi integrala, prebentzioa, gizarte-babesa, zaurgarritasunaren aurkako borroka, bizikidetza eta mehatxu berrien aurkako babesa.  
  • Erakundeen eta tokiko eragileen arteko lankidetza indartzeko beharra, herritarren segurtasunik ezari eta larrialdi klimatikoei erantzuteko.
  • Ziberdelinkuentziaren eta desinformazioaren aurkako estrategiak garatzea, segurtasun digitalaren eta sozialaren eredu zabalago baten parte gisa.
  • Genero-indarkeriaren, droga-trafikoaren eta eremu publikoetako segurtasunik ezaren aurkako neurri inklusiboak sustatzea.
  • Balioetan oinarritutako hezkuntza eta agintaritzarekiko zein gainerako herritarrekiko errespetua indartzeko beharra.

Basque Segurtasun Foroak 2026ko udara arte jarraituko du bere ibilbidea Euskadin barrena, gainerako eskualdeetan programatuta dauden saioekin. Hurrengo hitzordua Irunen izango du, bihar, eta bertan Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak eta Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusiak parte hartuko dute.

BASQUE SEGURTASUN FOROA-BIDASOA

18:00h Palmera Montero Gunea (Leandro Agirretxe Plazatxoa, Irun)

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)