OTSAILAREN 27a -TRANSPLANTEAREN MUNDU-EGUNA
- 1996ko otsailaren 1ean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak, gibeleko transplanteak egiten eta gibeleko gaixotasun aurreratuak tratatzen EAEn erreferentzia den zentroak, gibeleko lehenengo transplantea egin zuen
- Hiru hamarkada geroago, Osakidetzaren gibeleko transplanteen programak ia 2.000 ebakuntza egin ditu, eta emaitzek Estatuko onenetakoen artean kokatzen dute
- 90eko hamarkadan teknika konplexutzat jotzen zen hura, zeina paziente oso zehatzei baino ez baitzitzaien egiten, gaur egun ohiko tratamendua da eta arrakasta-tasa handiak ditu
- Emate-eredu hori emaileen eta familien eskuzabaltasun ikaragarriari esker lortu da, ezinbestekoa baita haien inplikazioa
Bihar, otsailak 27, ostirala, ospatuko den Transplantearen Munduko Egunarekin bat etorriz, Osakidetzak gaur euskal osasunaren historiarako erabakigarria izan zen mugarri bat gogoratzen du: Euskadin 1996ko otsailaren 1ean Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egindako lehen gibel-transplantea. Gaur egun ia 2.000 interbentzio batzen dituen programa bati hasiera eman zion eta ospitale hori Euskadin erreferentziazko zentro gisa sendotzen du gibel-transplanterako eta gibeleko gaixotasun aurreratuak maneiatzeko.
Hala azaldu dute gaur goizean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Transplanteen Unitateko talde osoaren izenean, Mikel Gastaca Mateok, Hepatobiliar Kirurgia eta Gibeleko Transplanteen Unitateko buru klinikoak, Javier Bustamante Schneiderrek, Hepatologia Unitateko medikuak eta Kepa Esnaola Gangoitik, Gurutzetako Transplanteen koordinatzaileak; transplantatutako bi pazienterekin batera, Ainara Torremocha (transplantea: 2017) eta Zuberoa Bilbao (transplantea: 2009).
Hogeita hamar urte geroago, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea jarduera handiena eta emaitza onenak dituen zentroetako bat da, eta urtean gibeleko transplante gehien egiten dituzten estatuko hiru zentroen artean dago; 70 baino gehiago egiten dira urtean, eta 2016an egin ziren 87 interbentzioak izan ziren maximo historikoa. Bestalde, EAEk organoak emateko eta transplanteak egiteko ekarpen handia egiten duenez, Osakidetza erreferentzia da, eta leku garrantzitsua du nazioartean.
Gibeleko transplanteen programaren bilakaera historikoa eta aurrerapen nagusiak
Hiru hamarkada hauetan, Osakidetzaren gibeleko transplanteen programak etengabeko bilakaera izan du, eta haren ezaugarri izan dira asistentzia-mugarriak, berrikuntza teknologikoak eta aukera terapeutikoak zabaldu eta emaitzak hobetu dituzten irizpide kliniko berriak.
Programaren funtsezko mugarriak
- Gibeleko lehenengo transplantea GIBa zuen pertsona bati.
2003ko irailean, gibeleko transplantea egin zitzaion, lehen aldiz, GIBa zuen pertsona bati. Taldeak estatu mailako ikerketa bat gidatu zuen, eta, AEBko lan baten ildo beretik, frogatu zuen ongi hautatutako GIB(+) pazienteek GIBa ez zuten herritarren pareko emaitzak lortzen zituztela. - Asistolian (geldialdi kardiobaskularrean) organoak emateko programaren hasiera. Urte horretan ekin zitzaion organoak emateko modalitate horri, eta gaur egun zentroko emaileen % 40 baino gehiago dira hala egiten dutenak.
2015ean, halaber, C hepatitisaren birusari aurre egiteko ekintza zuzeneko antibiralak sartu ziren transplantea egin aurretik eta ondoren, eta emaitzak aldatu egin ziren gaixotasun hori zuten pazienteetan. - Irizpideak zabaltzea transplante onkologikoan.
AFP score puntuazioa sartu zen hepatokartzinoma duten pazienteak hautatzeko tresna gisa, zeina lagungarri baita erabakitzeko gibeleko transplantean emaitza hobeak nork izan ditzakeen. - Berrikuntzak organoen babesean eta indikazioak zabaltzea. Organoak ex situ babesteko makinak erabiltzen hasi ziren, eta 48 prozedura egin dira geroztik; hala, mentuen bideragarritasuna hobetu da. Urte horretan bertan, 73 urtera igo zen gibeleko transplante bat jasotzeko hautagai izateko adina.
- Gibel zatituen mentu partzialak erabiltzea.
Mentu partzialak erabiltzen hasi ziren; teknika horrek emate bakoitzaren onura optimizatzen du. - Gibeleko lehen transplantea erauzi ezineko koloneko eta ondesteko kartzinomaren metastasia duten pazienteetan. Urrats garrantzitsua izan da transplante onkologikoaren eremuan, aukera terapeutiko berriak ireki baititu hautatutako kasuetan.
Erronka kirurgikotik arrakasta-tasa handiko tratamendura
Gibeleko transplanteak eraldaketa sakona bizi izan du lehenengo prozedura hartatik. 90eko hamarkadan teknika konplexutzat jotzen zen hura, zeina paziente oso zehatzei baino ez baitzitzaien egiten, gaur egun ohiko tratamendua da eta arrakasta-tasa handiak ditu. Programak azken hamarkadetan izan duen bilakaerak nabarmen aldatu du hartzailearen profila; orain, batez beste 58 urte dituzte, eta % 80 gizonak dira. Gaur egun, komorbilitate handiagoa eta askotariko indikazioak dituzten paziente helduagoei —gehienez, 73 urte— egiten zaie transplantea. Hori organo-ematearen bilakaerari, irudigintza medikoan izan diren aurrerapenei, gailu kirurgiko berriei, anestesian egin diren aurrerapenei, immunoezabatzaileen eraginkortasunari eta ebakuntza osteko zaintza hobetzeari esker lortu da.
EAEn, gibeleko transplanteen indikazio nagusiak zirrosi alkoholikoa duten pazienteak (kasuen % 40), C hepatitisaren birusaren ondorioak dituztenak (% 15) eta, proportzio txikiagoan, birtransplanteak (% 5 inguru) dira. Indikazio kliniko zehatzari dagokionez, gibeleko deskonpentsazioa da arrazoi ohikoena (% 58), eta hepatokartzinomaren ondorioz egiten dira transplanteen % 28.
Gaur egun, hauek dira Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko biziraupen-emaitzak:
- % 96, urtebetera;
- % 91, hiru urtera;
- % 87, transplantea egin eta bost urtera.
Aldaketa sakona emailearen profilean
Emaileen profilak ere bilakaera nabarmena izan du. Duela hiru hamarkada, organo gehienak trafiko-istripuetan edo lan-istripuetan hildako gazteenak ziren; gaur egun, ordea, kasu horiek bakanak dira. Aldaketa horrek hobekuntza sozial nabarmena erakusten du, eta, aldi berean, emate-modalitate berrien garapena, hala nola emaile zaharragoen organoak baliatzea —% 60 inguruk 60 urte baino gehiago ditu, eta % 36k 70 urte baino gehiago—, eta asistoliako ematearen erabilera gero eta handiagoa (geldialdi kardiobaskularra); azken horiek dira, dagoeneko, ospitalean egiten diren transplanteen ia erdia. Aukera horiei esker, transplanteen erritmoari eutsi ahal izan zaio, emaileen ohiko iturri nagusiak behera egin duen arren.
Transplante bakoitzean 100 profesional koordinatzen dira
Gibeleko transplante bakoitzak ehundik gora profesionalen esku-hartze koordinatua eskatzen du, eta diziplina anitzeko prozedura da, zeharkako eragina duena ospitale osoan eta Osakidetza osoan. Asistentzia-nukleoa honako zerbitzu hauek osatzen dute: Kirurgia Hepatikoa, Digestio Aparatua - Hepatologia, Anestesia eta Transplanteen Koordinazioa, Erradiologiarekin eta Erradiologia interbentzionistarekin batera, Gaixotasun infekziosoak, Etxeko Ospitalizazioa, Analisi Klinikoak, Psikiatria, Hematologia, Kardiologia, Nefrologia, Anatomia Patologikoa eta Erizaintza Kirurgikoa eta ospitalizaziokoa, besteak beste. Horrez gain, zerbitzu ugarik parte hartzen dute, kasu bakoitzeko premien arabera —Pneumologia, Neurologia edo Farmazia, adibidez—, bai eta laguntzaileek ere, hala nola zeladoreek, garbitzaileek, segurtasuneko langileek, gidariek eta transplante bakoitza egin ahal izatea bermatzen duten bestelako ekipoek.
Datozen urteei begira, Osakidetzaren gibeleko transplanteen programak aurrera jarraituko du hainbat ildo estrategikotan. Horien artean, nabarmentzekoa da pazienteen hautaketa eta immunoezabatzea egiteko estrategiak optimizatzea, konplikazioak murrizten jarraitzeko eta epe ertain eta luzera biziraupena hobetzeko.
Era berean, lanean jarraitzen da indikazio berrietan transplantea egiteko aukera normalizatzeko, hala nola gibeleko akats akutuan gutxiegitasun kronikoan edo hepatitis alkoholikoan, eta prozeduraren kalitatea eta segurtasuna hobetzeko berrikuntza teknikoak eta medikoak modu arinean txertatzeko.
Etorkizuneko beste ardatz bat izango da pazienteek transplante-prozesu osoan duten zeregina sendotzea, emaitzak eta esperientzia neurtzea bultzatuz eta interbentzioaren aurretik eta ondoren laguntza psikosoziala indartuz.
Euskadi, erreferente organoak ematean eta transplanteetan
Duela ia 40 urtetik, Euskadiko Transplanteen Koordinazioak euskal osasun-sisteman odola emateko eta transplantatzeko jarduera guztia antolatu eta gainbegiratzen du. Egindako lanari, osasun-langileen inplikazioari eta herritarren elkartasunari esker, Euskadi Estatuko dohaintza-tasa handiena duten erkidegoen artean dago, milioi biztanleko 64,3 emailerekin 2025ean.
Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea giltzurrun- eta gibel-transplanteetan buru da, eta 5.000 giltzurrun-transplante eta 2.000 gibel-transplante inguru gainditu dira bi programak hasi zirenetik. Donostia Ospitalea, bestalde, erreferentziazko zentroa da hezur-muina transplantatzeko, eta 3.200 ebakuntza baino gehiago egin dira. Gainera, azken urteotan 1.500 kornea transplantatu dira Osakidetzako ospitale nagusietan.
Osasun Sailak eta Osakidetzak aurrera egiten jarraitu nahi dute transplanterako sarbidea hobetzeko, itxaron-zerrendak arintzeko eta ikerketa sustatzeko, eremu horretako erronka kliniko eta teknologiko berrietara egokituz.
Dohaintza bakoitzak kontatzen du. Familia emaileen eskuzabaltasunari eta osasun-sistemaren ahalegin bateratuari esker, gaur egun Euskadi bizitza, elkartasuna eta bikaintasun medikoaren sinonimo da.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)