- Urriaren 16an ebatziko da 26,7 milioi euroko laguntzen ordainketa, NPBren finantza-ekitaldiko lehen egun baliodunean
- Urrian, kontrol guztiak gainditu dituzten espedienteei dagozkien laguntzen % 75 ordainduko zaie; abenduan, % 90era iritsiko da ordainketa, eta azken likidazioa 2027ko ekainean egingo da
Gasteiz, 2026ko urriaren 15. 2026ko Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) zuzeneko laguntzen aurrerakinak 26.695.093,06 eurokoak izango dira. Urriaren 16an ebatziko da laguntza horien ordainketa, araudiak aurrerakina ordaintzeko aukera ematen duen lehen egun baliodunean.
Laguntza-lerro nagusien artean nabarmentzekoak dira iraunkortasunerako oinarrizko errenta-laguntzaren 12,6 milioi euroak, birbanaketa-laguntzaren 2,7 milioiak eta nekazari gazteentzako osagarriari zuzendutako 766.480 euroak. Halaber, nabarmentzekoak dira haragitarako behi-aziendaren estentsibozaintzarako 2,5 milioi euroak, behi-esnearen ekoizpen jasangarrirako 1,9 milioiak eta larratze estentsiborako 2,4 milioiak.
Proposatutako zenbatekoak ustiategien errentari eusteko laguntza nagusiak, nekazaritza eta abeltzaintza-ekoizpen jakin batzuei lotutako laguntzak eta nekazaritza-praktika jasangarriekin lotutako esku-hartzeak biltzen ditu. Horien artean daude iraunkortasunerako oinarrizko errenta-laguntza, birbanaketa-laguntza eta nekazari gazteentzako osagarria, baita behi, ardi eta ahuntz-azienden haragi eta esne-ekoizpenari lotutako laguntzak ere.
Aurrerakinak landare-proteinen eta azukre-erremolatxaren ekoizpen jasangarrirako laguntzak ere hartzen ditu barne, bai eta ingurumen-arloko nekazaritza-neurriak ere. Azken horien artean daude larratze estentsiboa, sega jasangarria, larreetako biodibertsitatea, ereite zuzena, espezie hobetzaileak erabiltzen dituzten labore-txandaketa, landare-estalkiak eta biodibertsitate-eremuak, besteak beste.
Laguntza-lerro horien multzoak ustiategien hainbat beharri erantzuteko aukera ematen du: batetik, errentari eusteko laguntzen bidez, eta, bestetik, ekoizpen-sektore jakin batzuei eta ingurumenarentzat onuragarriak diren nekazaritza-praktikei lotutako neurrien bidez.
Ordainketen egutegia
Urriaren 16an ebatziko da ezarritako kontrol guztiak gainditu dituzten espedienteen ordainketa, dagokien laguntzaren %75eko aurrerakinarekin.
Abenduko lehen hamabostaldian, kontrolak gainditu dituzten espedienteei dagokien laguntzaren %90eraino ordaintzea aurreikusten da. Urrian aurrerakina jaso dutenentzat, horrek %15eko ordainketa gehigarria ekarriko du. Urrian atxikita geratu diren eta abenduko ordainketan sartu ahal diren espedienteek, berriz, laguntzaren %90a batera jasoko dute orduan.
Gainerako %10a 2027ko ekainean ordainduko da, Nekazaritza Ministerioak maiatzean argitaratuko dituen unitateko zenbatekoak ezagutu ondoren.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)