2.444 pertsonak hasi dute gaur BECen Euskadiko Udaltzaingoetan bitarteko gisa lan egiteko lehiaketa-oposizioa

Argitalpen-data: 

2026_03_14_OPE_Udaltzaingoak__1_.jpeg
  • Deialdiaren bidez enplegu-poltsa bat osatuko da, udaltzaingoetako plantillen aldi baterako beharrak estaltzeko, udalerrien arteko mugikortasunaren ondorioz eta une jakin batzuetan sortzen diren jarduera-gorakadengatik, hala nola udako garaian gune turistikoetan.

Euskadiko Udaltzaingoetan bitarteko gisa lan egiteko hautaketa-prozesuan izena eman zuten 3.003 lagunetatik 2.444 pertsonak gaur goizean lehen faseko probak egin dituzte (test psikoteknikoak eta ezagutza-proba), BECeko 2. pabiloian. Deialdi honen helburua enplegu-poltsa bat eratzea da, udaltzaingoetako plantillen aldi baterako beharrak estaltzeko; beharrizan horiek udalerrien arteko mugikortasunak sortzen ditu, bai eta egoera jakin batzuek ere, hala nola udako garaian gune turistikoetan jarduerak izaten duen gorakadak.

Joan den abenduan deitutako prozesuak 3.003 pertsonaren interesa piztu zuen. Gaur egindako probetan 2.444 hautagaik parte hartu dute, hau da, izena eman zutenen %81,38k. Horietatik 1.522 gizonezkoak dira (%62) eta 918 emakumeak (%38). Gehienak Euskadikoak dira (Araba 269, Bizkaia 1.621 eta Gipuzkoa 455), eta adinari dagokionez, gehienek 18 eta 30 urte artean dituzte (1.691 pertsona, %69,2). Halaber, 31 eta 38 urte arteko 677 parte-hartzaile izan dira, eta 38 urtetik gorako 75.

Gaur egindako probak datorren astelehenean zuzenduko dira, eta asteartean emango dira ezagutzera emaitzak. Fase hau gainditzen dutenek ikastaro teoriko online bat egin beharko dute Arkampus plataformaren bidez; ikastaroaren edukiak kanporatzailea izango den azterketa baten bidez ebaluatuko dira. Fase hori gainditzen dutenek aurrez aurreko ikastaro bat egingo dute Arkauten dagoen Euskal Polizia eta Larrialdietako Akademian; bertan, parte-hartzaileen profila lan polizialerako egokia den baloratuko da, baita talde-dinamika desberdinetan duten jarduna ere.

Fase guztiak gainditu ondoren, hautagaiak bitartekoen lan poltsa batean sartuko dira, prozesuan lortutako kalifikazioen arabera ordenatuta. Poltsa horretatik hornituko dira Euskadiko udaltzaingoetako plantillak, aldi baterako beharrak estaltzeko.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)