Korrontzik "Mundua Dantzan" aurkeztu du, 2027an BECen formatu handiko ekitaldi batekin bukatuko den mundu mailako bira
Korrontzi taldeak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta EITBrekin batera, "Mundua Dantzan" proiektu berria aurkeztu du gaur, herrialde ezberdinetako musika, dantza eta tradizioa uztartuko dituen nazioarteko bira.
"Korrontzi Dantzan" ekimenaren 10. urteurrena dela eta, Agus Barandiaran trikitilariak bultzatutako ekimenak 50 + 1 kontzertu eskainiko ditu Euskal Herrian, penintsulako beste lurralde batzuetan, Frantzian, Kanadan, Malaysian eta Txekiar Errepublikan.
Proiektuak elkarlanaren funtsa mantentzen du, eta emanaldi bakoitzean tokiko dantza taldeak barneratuko ditu. Horri esker, dantzari belaunaldi ezberdinen arteko loturak indartuko ditu eta Korrontziren musika formatu eszeniko berrietara eramango da.
Bira 2027ko martxoan amaituko da, Bilbao Exhibition Center-en (BEC!) egingo den ikuskizun handi batekin. Bertan, 100 dantza-talde eta 1.200 dantzari baino gehiago bilduko dira.
Ekitaldi honetan, musika eta dantzaz gain, artista gonbidatuak ere egongo dira. Bertan, herri-kirolak ere parte hartuko dute haien mugimenduak koreografia bihurtuz ikuspegi artistiko batetik. Beste alde batetik, argiztapen, soinu eta eszenografiaren ekoizpen tekniko bereziak izango dituzte.
Antolatzaileek azpimarratu duten bezala, «euskal folk musika talde batek orain arte bultzatu duen ikuskizunik handiena izango da».
Proiektua garatu eta proiektatu ahal izateko, funtsezkoak izan dira izan ditugun aliantza-sareak. Alde horretatik, nabarmentzekoa da Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza instituzionala, EITBren lankidetza estrategikoa, bazkide mediatiko gisa, eta Laboral Kutxaren laguntza, erakunde laguntzaile gisa.
Prentsaurrekoan Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak, Gorka Garcia EITBko estrategia eta komunikazio korporatiboko zuzendariak eta Agus Barandiaranek hartu dute parte.


