Bizkaia Sortzailea 2026

  • Bizkaia Sortzailea 2026

2026an, Bizkaia Sortzailea programaren edizio berriarekin, Bizkaiko Foru Aldundiak indartu egin du kultura eta sormen arloko industriei ematen dien sostengua. Programa horren zuzkidura % 30 areagotu da, 650.000 euroraino, eta nabarmen gehiagotu dira laguntzak jaso ahal izango dituzten sektoreak eta jarduerak. Ikus-entzunezko esparruan, zinema barne hartuta, jarduera hauek sartu dira: gidoigintza eta zinema-zuzendaritza, casting enpresak, azpidazte eta bikoizketa, eszenografia, kokaleku-bilaketa, argiztapena, soinua eta kamerak, jantzien diseinua eta makillajea, eta filmaketa-estazio mugikorren muntaketa.

Zabalkuntza hori bat dator ikus-entzunezkoen Bilbao Bizkaia Estrategiarekin, zeina Bizkaiko Foru Aldundiak eta Udalak aurkeztu berri baitute. Estrategiaren helburua da sektorearen balio-kate osoa indartzea –hasi edukien sorkuntza eta garapenetik eta ekoizpen, postprodukzio, banaketa eta teknologia sortzaile berrien ezarpeneraino– eta lurraldearen nazioarteko posizionamendua kontsolidatzea Punta Zorrotza eta Urduñako azpiegitura eta filmaketa-gune berriekin.

Gainera, Bizkaia Sortzailea programak berariaz hartu ditu barne musikaren arloko eragileak, hala nola sorkuntza eta konposizio musikaleko enpresak, grabazio, nahasketa eta masterizazioko estudioak eta ikuskizun eta ekitaldien ekoizpen teknikoaz arduratzen diren enpresak. Era berean, toki handiagoa egin die bideojokoei, modari eta diseinuari, hainbat alderditan: produktuaren diseinu industriala, diseinu grafikoa, zerbitzuen diseinua eta diseinu estrategikoa.

Eskabideak aurkezteko epea apirilaren 15etik maiatzaren 15era egongo da zabalik. Laguntzak besteak beste bideratu ahal izango dira sormen arloko enpresa berriak sortzera, jarduera dibertsifikatzeko proiektu berritzaileetara, lehiakortasuna hobetzeko ekimenetara –hala nola produktuen edo zerbitzuen estandarizazioa, negozioaren eskalagarritasuna edo merkatu berrietarako irekiera– eta elkarteek, elkargo profesionalek eta klusterrek bultzatutako proiektu sektorialetara.


Laburrean

  • Epea 2026(e)ko Apirilak 15(e)tik 2026(e)ko Maiatzak 15(e)ra
  • EntitateaBizkaiko Foru Aldundia
  • AtalaEkonomia Sustatzeko Saila
  • Deialdi-motaDirulaguntzak
  • SektoreaMusika, Ikus-entzunezkoa, Bestelakoak, Bideo-jokoak, Diseinua
  • JardueraSorkuntza
  • Deialdia OINARRIAK

Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.