Mikel Chillida, Chillida Lekuko zuzendari berria
Chillida Lekuk, Eduardo Chillida artistak eta bere emazte Pilar Belzuncek 2000. urtean sortutako museo eta eskultura-parkeak, Mikel Chillida izendatu du museoko zuzendari berri, datorren apirilaren 1etik aurrera.
Mikel Chillida, artistaren biloba, 2019tik Chillida Lekuren Garapeneko zuzendari gisa aritu da, eta berebiziko garrantziaizan du museoaren hazkunde instituzionalerako, aliantza estrategikoak garatzeko eta nazioartean proiekzioa bultzatzeko. Bestalde, Mireia Massaguék erakundeari lotuta jarraituko du aholkularitza-lanetan.
"Chillida familiak ziurtasun osoa du Mikelek Eduardo Chillidaren ondare artistikoari buruz duen ezagutza sakonak eta museoko misioarekiko duen konpromiso sendoak posizio ezin hobean jartzen dutela Chillida Leku hurrengo etapan gidatzeko", adierazi du Luis Chillida familiako bozeramaileak. "Ziur gaude, bere zuzendaritzapean, museoak azken urteetan lortutako lorpen garrantzitsuak sendotzen jarraituko duela, eta, aldi berean, bide berriak irekiko dituela Eduardo Chillidaren lanaren kontserbazioa eta hedapena belaunaldi berriei indartzeko".
"Mireia Massaguéri ere eskerrak eman nahi dizkiogu azken zazpi urteetan erakutsitako lidergo bikainagatik; hemendik aurrera ere bere ekarpenaz gozatzen jarraituko dugu aholkulari gisa beteko duen paper berrian", azpimarratu du Luis Chillidak.
Nazioarteko finkapen eta tokiko sendotze etapa bat
Chillida Leku erreferentziazko erakundea da XX. mendeko artista garrantzitsuenetako bat izan zen Eduardo Chillidaren ondarea zaindu, ikertu eta zabaltzeko lanetan. 2019an ateak berriz ireki zituenetik, museoak bere posizioa finkatu du kultur panoraman, bai nazio mailan, bai nazioartean.
"Chillida Leku zuzentzea nire ibilbide profesionalaren ohore handienetako bat izan da", dio Mireia Massaguék. "Aparteko talde batekin batera, museoa funtsezko kultur eragile gisa finkatu dugu, bai maila lokalean, bai nazioartean. Biziki pozten nau Mikelek orain zuzendaritza bere gain hartzeak eta erakunde berezi honi lotuta jarraitzea espero dut".
Etapa honetan, Chillida Lekuk garapen nabarmena bizi izan du: nazioarteko proiekzioa indartu du, aliantza estrategikoak bultzatu ditu tokiko eta estatuko sarearekin, erakusketa-programa anbiziotsuak jarri ditu martxan eta publikoarentzako jarduera-egitarau dinamikoa egonkortu du. Aldi berean, museoak apustu sendoa egin du hezkuntza-proiektuen, bitartekaritzaren, inklusioaren eta ikerketaren alde, eta museoak urtero jasotzen dituen bisitarien kopurua eta ikusgarritasuna nabarmen handitu dira.
Ildo horretan, museoak hainbat sari jaso ditu azken urteetan. Esaterako, 2023an, Chillida Lekuk Harrera, Inklusioa eta Partaidetzako Portimão Museo Saria jaso zuen European Museum Forum-en eskutik, EMYA sari prestigiotsuen barruan. 2024an, Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrenarekin batera, Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina jaso zuen Kultura Ministerioaren eskutik.
Oraina elkarrizketan duen museoa, etorkizunera begira
"Benetako pribilegioa da ardura hau hartzea eta Chillida Lekuren etorkizuna zehazten laguntzea, leku honek esanahi pertsonal sakona baitu Eduardo Chillidarentzat",adierazi du Mikel Chillidak. "Nire konpromisoa artistak museoarentzat zuen ikuspegiari jarraipena ematea da. Gure misioak bere horretan jarraitzen du: bere lan aparta zaindu, ikertu eta publiko zabalagoekin partekatzea, orainarekin eta etorkizunarekin elkarrizketa aktiboa mantenduz".


