Bilboko Udalak "Zure hiria, zure kultura" urteko kultur agenda aurkeztu du

  • Bilboko Udalak

Argitalpen honetan, aisia eta kulturako mila hitzordu eta proposamen baino gehiago eskaintzen dira, Udalak eta hirian kultura-arloan lanean aritzen diren beste erakunde publiko zein pribatu batzuek antolatutakoak

Aurten, "Zure hiria, zure kultura" leloa aukeratu da, eta horrek Udalak Hirian kultura indartzeko duen nahia islatzen du, kohesio eta eraldaketa sozialerako elementu gisa, eta herritar guztiengana hurbiltzeko duen asmoa ere bai, askotariko programazioarekin eta programazio inklusiboarekin, adin eta gustu desberdinentzako proposamenak izango baitira Bilboko Barruti eta auzo guztietan

Bilboko Udalak Hiriko urteko Kultur Programa aurkeztu du 2026. urte honetarako, "Zure hiria, zure kultura" lelopean. Agendan, mila ekitaldi eta proposamen baino gehiago biltzen dira, eta Bilboko auzo ezberdinetan garatuko dira, publiko orori zuzenduta eta pertsona guztientzako irisgarritasun-neurri eta neurri inklusiboekin.

Programazioaren barruan, Udalak antolatutako hainbat jarduera daude; hala nola, jaialdiak -Fant, Musika-Música, Bilboko Kalealdia, Bilbaopoesía, Zinebi, BAD, Gutun Zuria, Gau Zuria-, Bilbao Izan, Aste Nagusia, Olentzeroren eta Mari Domingiren Kalejira bezalako programak edo Bilbao Basque Fest; era berean, beste hainbat jarduera egongo dira; antzerkia, zinema, musika, kontzertuak, literatura, erakusketak, hitzaldiak, ikastaroak, tailerrak eta lehiaketak; Arriaga Antzokiaren programazioa,  Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbao edo Bilbao Arte Fundazioarena, museoena eta Bilbon kultura-jarduera duten beste erakunde publiko eta pribatu batzuena.

Bilboko kulturaren eskaintza jasotzen duen urteko liburuxka honen edukia honako 10 jarduera-multzo hauetan antolatu da:

  • Arte Eszenikoak
  • Museoak
  • Arte Bisualak
  • Diseinua eta Sormen-industriak
  • Literatura eta Ezagutza
  • Ikus-entzunezkoak
  • Musika
  • Ondarea eta Identitatea
  • Aisia Kulturala
  • Hurbileko Kultura

Guztira, honako hauei buruzko informazio orokorra bildu da:

  • Arte eszenikoen 23 espazio, erakunde eta jaialdi
  • 11 museo
  • Arte bisualen 7 erakunde, espazio eta jaialdi
  • Diseinu eta sormen-industrien 7 espazio eta jaialdi
  • Literatura eta ezagutzako 19 erakunde, jaialdi, jarduera, erakusketa eta azoka
  • Ikus-entzunezkoen 24 jaialdi, jarduera eta erakunde
  • Musika-arloko 22 erakunde, espazio eta jaialdi
  • Euskal ondareari, folkloreari eta kulturari buruzko 18 erakunde, espazio eta jaialdi
  • Aisiako 9 ekitaldi
  • 26 programa Hiriko auzo eta barrutietan

Bilboko kultur programazioaren helburuak dira agenda kultural egonkorra, kalitatezkoa eta askotarikoa eskaintzea, hiriko barruti eta auzoetara hurbiltzea, bizilagun guztientzako proposamenak izatea eta euskararen erabilera ere bultzatzea. Era berean, 2026ko Urteko Kultur Agendarekin, aniztasun funtzionala duten pertsonen parte-hartzea eta kultur programaziorako sarbidea sustatu nahi ditu Udalak, Bilboko 2023-2033 Kultura Plan Estrategikoaren ildoetako bati jarraituz.

Jarraitu irakurtzen


  • DataOtsailak 23
  • Gaia Sektore anitz