Gerediaga Elkartea eta Valerie Miles idazlea, BBK Gutun Zuria Bilbao 2026 sariak

  • Gerediaga Elkartea eta Valerie Miles idazlea, BBK Gutun Zuria Bilbao 2026 sariak

Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok, Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak, Gutun Zuria. Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiaren 19. edizioa ospatuko du otsailaren 24tik 28ra. Hitzaren inguruko diziplina anitzeko sorkuntzaren erreferente bihurtuta, literatura garaikideko hogei bat egile elkartuko dira. 
 
Aurten, BBK-k eta Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok BBK Gutun Zuria Bilbao Ohorezko Saria emango diote Gerediaga Elkarteari, bere 60. urteurrena ospatzeko, euskal kulturaren eta literaturaren funtsezko eragile gisa egindako lana eta Durangaldeko eta, oro har, Euskadiko ondare historiko eta kulturala zaintzeko, ikertzeko eta zabaltzeko konpromisoarekin markatutako ibilbide eredugarria aitortzeko. 

Era berean, aurten BBK Gutun Zuria Bilbao saria eman zaio Valerie Milesi (New York, 1963), nazioarteko literatura-edizio garaikideko figura nabarmenetako bati, bere ibilbide profesionalagatik, non sormen-, adimen- eta kultura-bitartekaritzako lana nabarmentzen den. 


Gerediaga Elkartea: proiektu bizia eta euskal kulturarekin konprometitua
1965ean sortua, Gerediaga Elkartea Bizkaian erregistratutako lehen kultur elkartea izan zen. Premia batetik jaio zen: eskualdearen kalitatea aldarrikatzea eta desagertzeko arriskuan zegoen hurbileko ondare historiko eta kulturala zaintzea. Ordutik, Durangaldeko bizitza kulturala egituratu du, benetako eragile soziala, kulturala eta sortzailea, bereziki adierazgarria diktaduraren urteetan. 

Bere historian zehar, Gerediagak euskal kultura garaikidearentzat funtsezkoak diren proiektuak bultzatu edo lagundu ditu, horien artean Durangoko Azoka nabarmentzen delarik, Euskadiko kultur ekitaldi nagusietako bat. Garai hartako Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren helburua euskarazko kultur ekoizpenari ikusgarritasuna ematea zen, diktadura frankistak euskara eta euskal kultura mugatuta eta baztertuta zituen testuinguru batean. Ordutik, erresistentzia kulturalerako, sorkuntzarako eta ospakizunerako gunea izan da, eta literatura, musika, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak eta euskarazko sormen-adierazpen berriak uztartzen ditu.  

Gaur, 60 urte geroago, Durangoko Azoka euskal kulturaren urteroko topagune handia da, eta kultur trukea, ahots berrien aurkikuntza eta belaunaldien arteko kulturaren transmisioa bultzatzen ditu. Euskal kultura etorkizunera begira zaindu, bultzatu eta proiektatzen duen espazio bizia.  

BBK Gutun Zuria 2026 sariak, historia eredugarria ez ezik, gure literaturaren eta kulturaren iragana, oraina eta etorkizuna ulertzeko proiektu bizia, konprometitua eta funtsezkoa ere aitortzen du.  


Valerie Miles: edizio garaikidearen erreferentea

Valerie Miles literatura konparatuan doktorea, idazlea eta editorea da. Granta en español sortu zuen 2003an, eta argitalpenaren zuzendaria da harrezkeroztik. Arteen Funts Nazionalaren eta Rockefeller Fundazioaren bekak jaso ditu, baita Southwest Review Essay Prize eta PEN Saria ere. Dublin Literary Award-eko finalista izan zen. Literatura-aholkularia da Escribir el Prado-n, batzordeburua eta fikziozko bildumaren editorea. The New Yorker, The New York Times eta The Paris Review-ekin kolaboratzen du.   

Granta en español argitalpenetik, Harkaitz Cano, Eider Rodríguez, Karmele Jaio eta Uxue Alberdiren gaztelaniazko eta ingelesezko itzulpenak bultzatu ditu. Roberto Bolañoren artxiboan ikerketak egin zituen, eta hil osteko argitalpenak atera, eta Bartzelonako CCCBrekin egindako Archivo Bolaño, 1977-2003 erakusketaren kuradorea izan zen. Bere bibliografiak barne hartzen ditu Mil bosques en una bellota, itzulpengintzako hainbat liburu —horien artean J. M. Coetzee Nobel saridunarekin egindako proiektu bat— eta Granta en español argitalpenaren 27 zenbaki.       


Sormen-lanaren aintzatespena

BBK-k eta Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok 2022tik ematen dute ohorezko sari hau, euskal literaturaren eta nazioarteko literaturaren funtsezko eragileen sorkuntza-lana aintzatesteko, haien ibilbideagatik, lan jakin batengatik edo kultura-proiektu garrantzitsu bat egiteagatik.  

Ekimen hau bi erakundeek duten lankidetza harremanaren barruan kokatzen da. Zentroa inauguratu zenetik, BBK-k Mediateka BBK babesten du eta Letren Nazioarteko Jaialdiaren kolaboratzaile nagusia da. Fundazioak eta Azkuna Zentroak - Alhóndiga Bilbaok kulturaren, literaturaren, hiriaren eta gizartearen misio inklusibo, parte-hartzaile eta kritikoa partekatzen dute. Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok proiektu artistikoak bultzatzen ditu, laguntza, konplizitatea eta elkarreiko itzuleraren bidez. Sorkuntzarako pizgarria, BBKren gizarte-lanarekin bat datorrena, eta arteei oro har eta literaturari bereziki etengabe laguntzen diona.  

Saria ohorezko makila ematean gauzatzen da. Euskal makila tradizionala da, eta pertsona batenganako errespetua eta aintzatespena erakusten ditu. Sariak, halaber, gutun zuri bat eskaintzen die saridunei, hurrengo ediziorako interesekoa duten proiektu baten sinboloa.  

Gerediaga Elkarteak eta Valerie Milesek bat egin dute saria jaso duten idazle ospetsuen zerrendarekin: Miren Agur Meabe eta Theodor Kallifatides (2022), Anjel Lertxundi eta Cristina Rivera Garza (2023), Mariasun Landa eta Juan Mayorga (2024) eta Itxaro Borda eta Leila Guerriero (2025).  


Hitza, Gutun Zuria Bilbaoren ardatz

Gutun Zuria Bilbao, hirian antzinakoena den nazioarteko jaialdiak, urtero, zubi-lana egiten du idazten eta irakurtzen duenaren artean, eta bizipen komun bihurtzen ditu normalean esperientzia intimoak izaten diren irakurketa eta literatura.    

2026ko edizioan literatur eta argitalpen esparruko hogeita hamar bat sortzailek parte hartuko dute. Programazio osoa datozen egunetan emango da ezagutzera. 

Jaialdiak irauten duen bitartean, Azkuna Zentroan hainbat formatutako jarduerak egiten dira egun osoan zehar. Goizetan, programak publiko gazteenaren eta narrazio molde berrien arteko topaketa bultzatzen du. Liburuaren etorkizunari eta ekoizpen editorialari buruzko eztabaida profesionalerako unea ere bada. Arratsaldean, idazleekin hitz egiten da eta solasaldiak izaten dira sorkuntza literarioa gainerako diziplina artistikoekin lotzeko. Jaialdiko egun bakoitza hitz mintzatua, hitz ozena, hitz fisikoa, hitz idatzia eta hitz eszenikoa azaleratzen diren proposamenekin itxiko da. 


  • DataUrtarrilak 29
  • Gaia Literatura