Txuspo Poyo artista urteko lehen erakusketa handiaren protagonista da azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaon

  • Txuspo Poyo artista urteko lehen erakusketa handiaren protagonista da azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaon

Datorren otsailaren 19an, Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok, Bilboko Udalaren Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak, Anónima inauguratuko du, Txuspo Poyo artistaren lanari buruz egin den erakusketarik zabalena, sakonena eta esanguratsuena. Izenburuak oinordetzan jasotako herri-jakintzari egiten dio erreferentzia eta 1990eko hamarkadatik gaurdaino egin dituen proiektu artistiko gehienak bilduko ditu.

Álvaro de los Ángeles idazle eta ikertzaileak komisariatuta, artistaren proposamenen hautaketa bat bildu du, unibertso propio eta pertsonal bat sortu baitu, gai historiko eta dokumentalekin duen interesa eta proiektu artistiko gisa nola gauzatu dituen uztartuz. Era berean, erakusketak, Urbegiren laguntzarekin antolatuta, argi jasotzen ditu bere lanen sormen-ibilbidea, eta metodologia eta baliabide materialak, formatuak eta lengoaia garaikideak erabiltzean berrikuntzarako duen gaitasuna.

Txuspo Poyok bere ibilbidean barrena osatu duen corpus artistikoak lengoaia eta baliabide askotarikoak uztartzen ditu, besteak beste, zinema, bideoa, argazkia eta instalazioa. Horien bidez, kulturaren, teknologiaren eta politikaren arteko elkarguneak aztertzen ditu. Bere lanean, askotan, zalantzan jartzen ditu errealitatearen eta fikzioaren, zientziaren eta mitologiaren, iraganaren eta orainaren arteko mugak, eta sortzen duen narratiba bisualak gogoeta piztu nahi du aginpideak, eratorritako kontrol-mekanismoek eta historia garaikideak sortzen dituzten loturei buruz.

Txuspo Poyo

Txuspo Poyo (Altsasu, 1963). Diziplina askoko artista da, Arte Ederretan lizentziaduna Euskal Herriko Unibertsitatean, eta New Yorkeko International Studio and Curatorial Program-en eta New Yorkeko Unibertsitateko Center for Advanced Digital Applications-en trebatua.

Laurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik garatzen duen praktika artistikoa kultura eta belaunaldiko gertakarien muntaketan eta ikerketan oinarrituta dago. Bere lanak batera biltzen ditu zinema, animazioa, arkitektura eta zientzia-fikzioa, eta osatzen dituen kontakizun bisualetan historia, memoria eta imajinario kolektiboa gurutzatzen dira.

Arlo asko arakatu du, film-euskarrietan filmak berreraikitzetik hasi eta Pixel visión kamera eta teknologia ludikoak erabiltzeraino, mendebaldeko ikus-entzunezko kulturan portaera soziala, morala eta generokoa aztertzeko helburuarekin.

Álvaro de los Ángeles

Komisarioa, idazlea eta ikertzailea. Arte Ederretan lizentziaduna da Valentziako Unibertsitate Politeknikoan eta Southampton Institute of Higher Education-en, eta Arte Ederretako Masterra lortu zuen Norwich School of Art and Design-en (Erresuma Batua). 2014 eta 2018 artean, Institut Valencià d’Art Modern-eko Kultura Jardueren eta Programen zuzendariordea izan zen.

2025 zenbakitan

Amaitu berri dugun urteak bisitarien interesa piztu duten erakusketak utzi ditu. Ixone Sádaba artistaren Escala 1:1 erakusketak 15.000 bisita baino gehiago izan ditu bi hilabetean; batez beste, 1.250 bisita izan ditu astean.

Escala 1:1 Lemoizko zentral nuklearraren ondare material, sinboliko eta politikora hurbiltzeko egin zuen argazki-ikerketaren emaitza izan da. Carles Guerrak komisariatutako proiektu artistiko honek gonbit egiten zuen sarbide-politika berri bat irudikatzera, horrela, zentralaren xedea memoriari buruzko eztabaida publiko batera irekitzeko orainalditik.

Urteko bigarren erakusketan Chiharu Shiota artista japoniarra izan zen protagonista. My House is Your House, 71.000 bisita baino gehiagorekin, Zentroaren historiako erakusketarik bisitatuena izan da. Munduko arte garaikideko artista garrantzitsuenetakoa, Shiotaren lehen erakusketa monografikoa izan zen Euskadin.

Tereza de Arruda artearen historialariak komisariatuta, erakusketa honetarako?Chiharu Shiotak etxea kontzeptua landu zuen, etxeko esparrua espazio publikora zabalduz, Bilboko Alondegiaren arkitekturarekin elkarrizketan. My House is Your House hasieratik inoiz erakutsi ez diren instalazioetaraino hartzen zuen.

Urtea itxi duen erakusketa Marisa González. Un modo de hacer generativo izan da, eta 15.000 bisita baino gehiago izan ditu publikoari irekita egon den bitartean. Bilboko artistari eskainitako antologiko handi honek bere lana errepasatzen zuen 2023an Velázquez Saria lortu zuela eta.

Artista aitzindaria da Espainian arte-sorkuntza eta irudiak komunikatzeko eta erreproduzitzeko teknologiak uztartzen. Hirurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik, bere lana ohiko baliabide artistikoetatik aldentzen da, eta makinak — koloretako fotokopiagailuak, termofaxak eta bere garaian puntako teknologia izan diren beste tresna batzuk — erabiltzen ditu kopiatzailea edo erreplikatiboa izan beharrean sortzailea den artea asmatzeko.

Marisa Gonzálezek metodo propio bat sortu du, hizkuntza bat, non berehalakotasunak, zoriak, probak eta erroreak hartzen duten protagonismoa. Violeta Janeiro Alfageme arte historialari eta ikertzaileak komisariatutako antologiko honek bere serie eta proiektu handi asko erakutsi zituen.

 

 


  • DataUrtarrilak 21
  • Gaia Ikusizko arteak