Gazte Hitzak literatura-lehiaketak 2026ko edizioko lanak aurkezteko epea ireki du

  • Gazte Hitzak literatura-lehiaketak 2026ko edizioko lanak aurkezteko epea ireki du

Gazte Hitzak ipuin eta nanoipuinen lehiaketak lanak aurkezteko epea ireki du. Aurtengo edizioko baldintzetako bat izango da testuetan ‘azala’ hitza sartzea. 12 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta proposamenak martxoaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dituzte. Lehiaketa Sortzen gazte-sorkuntzako programaren barruan dago, eta Udaleko Kultura eta Gazteria zerbitzuek antolatzen dute, Laboral Kutxaren eta IDarte Euskadiko Arte eta Diseinuko Goi Eskolaren laguntzarekin.

Sonia Díaz de Corcuera Kultura zinegotziak azaldu duenez, “2024-2028 Kulturaren Plan Estrategikoak gazteen kultura-sorkuntza babesteko beharra eta garrantzia jasotzen ditu. Gazte Hitzak sorkuntza hori bultzatzeko adibide garbia da, baina idazketa eta irakurketa (oro har) indartzeko helburua ere badu. Hain zuzen ere, bi diziplina horiek funtsezkoak dira norbanakoaren hazkundean eta pentsamendu kritikoaren garapenean”.

Bestalde, Ana López de Uralde Gazteria zinegotziak parte hartzeko deia egin du, eta honako hau adierazi du: “Gazteria Zerbitzutik Gazte Hitzak egitasmoaren aldeko apustuari eusten diogu, gazteek idazketaren bidez nahi duten hori adierazteko, sortzeko eta beren begiradak partekatzeko gunea delako. Lehiaketa honek literatura arloko sormena bultzatzeaz gain, diziplinen arteko topaketa eta talde-lana ere sustatzen ditu. Aukera bikaina da talentu gazteak ikusgarritasuna irabazteko eta Gasteizko bizitza kulturalaren parte aktibo bihurtzeko”.

Kepa Ortiz de Urbina Laboral Kutxaren Arabako komunikazio-arduradunak adierazi duenez, “Laboral Kutxan garrantzitsua iruditzen zaigu sormenari eta, batez ere, gazteen sormenari balioa ematea. Sorkuntza mundu hobea lortzeko aldaketarako palanka da. Emaitza saritu egiten da, baina hori bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoak dira lehiaketa honek eskaintzen duen sorkuntza-prozesua, eta Sortzen sorkuntza-programan bildutako guztiak”.

Kategoriak eta sariak

Lehiaketa Kultura Plan Estrategikoaren eta Udaleko V. Gazte Planaren parte da, eta adinaren araberako bi kategoria ezartzen ditu. 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako nanoipuinen kategoria bi taldetan banatuko da: 12 eta 15 urte bitartekoak eta 16 eta 18 urte bitartekoak. Testuek ezin izango dituzte 300 karaktere baino gehiago izan (espazioak eta zeinu ortografiko guztiak barne). 18 eta 30 urte bitarteko pertsonei zuzendutako ipuinen kategoria bi talde hauetan egituratutako da: 18-24 urtekoak eta 25-30 urte bitartekoak, eta gutxienez 1.000 eta gehienez 1.500 hitzeko muga egongo da lan bakoitzerako.

Aurkeztutako lan guztietatik 8 idatzi sarituko dira, adin-tarte eta hizkuntza bakoitzeko bana. Hautatutako testu guztiak, gainera, Euskadiko Arte eta Diseinuko Goi Eskolako (IDarte) ikasleek ilustratuko dituzte: “Vitoria-Gasteizko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolak (IDarte) bat egin du Gazte Hitzak egitasmoarekin, literatur sormenari bere alderdi bisuala gehitzeko. Ilustrazio Zikloko ikasleentzat aukera bikaina da lan profesionala entseatzeko”, esan du Aitor Larrañagak, IDarteko Zikloen Oinarrien Saileko buruak.

Irabazleek 100 eta 250 euro arteko saria eta 75 euroko balioa duten txartelak jasoko dituzte, Gasteizko liburu-denda batean trukatzeko. Gainera, ipuinen sailean Oihana Arana idazle eta bertsolariaren eta Mikel Ayllon idazle eta antzerkigilearen mentoretza jasoko dute irabazleek, idazle hauek ere epaimahaia osatuko dutelarik. Era berean, aurtengo berritasun gisa, nanoipuinen ataleko irabazleak Itziar Uriarte idazleak emandako idazketa sortzaileko tailer batera joan ahal izango dira.

Epaimahaiaren erabakia martxoaren 24an jakinaraziko da Udalaren webgunean. Sari-banaketa maiatzaren 30ean, larunbatean, egingo da Montehermoso Kulturunean, eta bertan testu irabazleak, epaimahaiak hautatutakoak eta IDarteko ikasleek egindako ilustrazioak egongo dira ikusgai. Erakusketa hori ekainean Labe Gazte Laborategian inauguratuko den eta irailetik aurrera Ibaiondo, Pilar eta Iparralde gizarte-etxeak bisitatuko dituen erakusketa ibiltariaren parte izango da.

Lanak aurkezteko epea

Parte hartu nahi dutenek martxoaren 1era arte izango dute horretarako aukera eta Udalaren webgunean dauden formularioak erabili beharko dituzte horretarako.

Kartela (PDF)


  • DataUrtarrilak 21
  • Gaia Literatura