Zumarragak irailaren 25etik urriaren 1era ospatuko du Pertsona Nagusien Astea, laugarren edizioan. Zumarragako Pertsona Nagusien Kontseiluak eta Udalak antolatuta, asteak kultur, gizarte eta belaunaldi arteko jarduera ugari eskainiko ditu, Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna (urriaren 1a) ospatzeko.
Astea 80 urtetik gorako pertsonen omenaldiarekin abiatuko da. Aurten, berrikuntza gisa, Udalak bere gain hartu du bazkariaren antolaketa osoa, udalerriko pertsona guztien parte-hartze inklusiboa bermatuz. Ekitaldi honetan 175 lagun baino gehiago elkartuko dira.
Egitarauan, besteak beste, edadismoari buruzko hitzaldiak, belaunaldi arteko jolasak, dantza tradizionalen jaialdia, kontzertuak eta erakusketak jasotzen dira. Horrez gain, dolua eta loaren nahasteak bezalako gai garrantzitsuei buruzko mahai-inguruak eta hitzaldi espezializatuak egingo dira.
Urriaren 1ean, Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunean, herriko haur eta nerabeekin batera ibilaldi bat egingo da, belaunaldi arteko topaketa sustatuz, eta amaieran manifestuaren irakurketa eta antzerki emanaldia izango dira.
Zumarragako Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Arantxa Gonzálezek adierazi duenez, “aste hau benetako festa izatea nahi dugu: eskerrak emateko, partekatzeko eta gogorarazteko gure adineko pertsonek errespetua, inklusioa eta bizitzaz gozatzea merezi dutela”.
Zumarragako Udalak eta Pertsona Nagusien Kontseiluak herritar guztiak gonbidatu dituzte ospakizunetan parte hartzera: “Haiek eman dizkigute sustraiak eta balioak; orain gure txanda da errekonozimendua eta arreta eskaintzeko”.