Zumarragak elkartasuna sustatuko du elkarteen azokaren eta boluntariotzari buruzko kartel-lehiaketaren bidez

Argitalpen-data: 

Zumarragako Udalak, Elkartasun Sarearekin elkarlanean, herritarren parte-hartzea eta auzolana indartzeko bi ekimen antolatu ditu: Gizarte Elkarteen Azokaren hirugarren edizioa eta Boluntarioaren Nazioarteko Eguna (abenduaren 5a) ospatzeko kartel-lehiaketa.

Ezagutzeko eta partekatzeko gunea

Azoka irailaren 12an egingo da, 9:00etatik 14:00etara, Azokako Arkupetan (Udaletxearen aurrean). Egun horretan, Zumarragako gizarte-elkarteek beren jarduerak aurkeztuko dituzte, herritarrak gerturatzeko eta parte hartzera gonbidatzeko.
Ekimenak belaunaldien arteko topagunea sortuko du, batxilergoko ikasleak, EPAko ikasleak eta udalerriko eguneko zentroetako erabiltzaileak tartean izango direlarik. Jarduera, tailer eta ekitaldi ugariren bidez, esperientziak partekatzeko eta elkarrengandik ikasteko aukera izango da.

Kartel-lehiaketa: sormenaren bidez boluntariotza ikusgai

Azokarekin batera, kartel-lehiaketa abian jarri da, herritar guztiei irekia. Helburua boluntariotza balioan jartzea eta haren garrantzia irudien bidez erakustea da. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahal izango ditu, kolore bizi eta irudi deigarriekin kultura-aniztasuna eta pertsona guztien eskubideak islatuz.

Lanak urriaren 24a baino lehen aurkeztu beharko dira Zelai Arizti Kultur Etxean. Epaimahaiaren erabakia azaroaren 14an emango da jakitera leku berean. Sariak honakoak izango dira: 280 euroko sari nagusia eta 100 euroko Bitartean bonua.

Lagunkoitasunaren isla

Euskadi Lagunkoiarentzat, bi ekimen hauek parte-hartze sozialaren eta boluntariotzaren bitartez komunitatea indartzeko adibide argiak dira. Adinekoek aukera dute bai azokaren bidez, bai kartel-lehiaketan, beren esperientzia eta sormena eskaintzeko eta herriko bizitzan eragile aktibo izaten jarraitzeko.

Azoka eta lehiaketa, azken batean, elkartasuna belaunaldien artean sendotzeko gonbita dira; boluntariotza aldaketarako motor gisa balioesteko eta gizarte lagunkoiago eta inklusiboago bat eraikitzen jarraitzeko aukera.