Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioko eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko taldeek atzo egindako bileran, Juan Cruz Cigudosa Estatuko idazkaria eta Juan Ignacio Pérez sailburua buru zirela, 640/2021 Errege Dekretua aldatzeko proiektua aztertu zuten.
Bileran egiaztatu zen bi erakundeek bat egiten zutela unibertsitateen kalitatea bermatzeko beharrari buruzko helburuekin, eta adostasun handia lortu zuten helburu hori lortzeko nondik norakoen inguruan.
Bi aldeek konpromisoa hartu zuten datozen egunetan elkarrekin lan egiteko, batik bat lineako ikasketa-eskaintza duten unibertsitateei buruzko eskumen-arloko desadostasunei dagokienez bi erakundeen gogo-asmoak bateratuko dituen formula aurkitzeko.
Bileran egiaztatu zen, halaber, Sailak apirilaren 15ean bidalitako alegazioetako batzuk aintzat hartu direla eta dagozkien aldaketak Errege Dekretuaren erreforma-proiektuaren azken bertsioetan sartu direla.
Era berean, bi aldeek adierazi zuten Sailak proposatutako kalitate-zigiluen markoa bateragarria dela Errege Dekretuaren espirituarekin. Alde horretatik, unibertsitate berriak sortzeko eta lehendik dauden unibertsitateak aintzatesteko proposamenak ebaluatzeko prozesua garatzean, kalitate-agentziek kalitate-zigiluak txertatu ahal izango dituzte, 640/2021 Errege Dekretua aldatzeko proiektuan (4.3 artikulua) ezarritako irizpideen barruan, beren eskumenak eta autonomia baliatuta.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)