Salberdingo alokairuko 91 Babes Ofizialeko Etxebizitzen lanak 2026ko martxoan amaituko dira eta urteko bigarren seihilekoan zehar entregatuko dira etxebizitzak

Argitalpen-data: 

Sustapen horretan 20,3 milioi euro inbertitu dira, eta Next Generation EU funtsek kofinantzatu dute, Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioarekin egindako hitzarmenaren bidez, 4 milioi inguruko ekarpenaren bidez

Salberdingo alokairuko 91 Babes Ofizialeko Etxebizitzen lanak 2026ko martxoan amaituko dira eta urteko bigarren seihilekoan zehar entregatuko dira etxebizitzak

Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, David Lucas Etxebizitza eta Hiri Agendako Estatu idazkariak eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak Visesak Zarauzko Salberdin eremuko R-9 lursailean abian duen alokairuko babes ofizialeko 91 etxebizitza (aBOE) sustatzeko lanak bisitatu dituzte astelehen honetan, zehazki, Bizkaia kaleko 34 eta 36 zenbakietan.

Ekitaldian zehar, erakundeetako ordezkariak hiru etxebizitzaren barrura sartu dira, bakoitza tipologia desberdinekoa, eta bertatik bertara egiaztatu ahal izan dute lanek aurrera egin dutela; 2026ko martxorako amaituta egongo dira. Hala, Eusko Jaurlaritzak aurreikusi du etxebizitza horiek 2026ko bigarren seihilekoan emango zaizkiela esleipendunei.

Sustapen horren proiektua Cooperactiva Arquitectos enpresak idatzi du, eta Amenabar enpresak eraikiko du. Obraren aurrekontua (eraikuntza + lotutako urbanizazioa) 12.849.701 eurokoa izan da, baina inbertsioa, orotara, 20.386.905 eurokoa da, lurzoruaren kostua, zeharkako gastuez, egiturazkoez, finantzakoez eta zergez gain. Proiektua Next Generation EU funtsek kofinantzatzen dute, Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioarekin egindako hitzarmenaren bidez. Lau milioi euro inguru eman ditu (kostuaren % 20), eta Eusko Jaurlaritzak gainerako % 80a hartu du gain.

Sustapen efiziente eta jasangarria, bainugela industrializatuekin

Eraikuntza berria “L” formako etxadi irekiko tipologiaren arabera diseinatu da; sektorean aurreikusitako hirigintza-antolamendura egokitzen da, eta helburua du soluzio trinko eta ortogonala ematea eta ondo orientatuta egotea. Sartzeko bi atari izango ditu, eta 91 etxebizitza izango dira, zortzi solairutan banatuta: 7 gela bakarrekoak (45 m² inguruko azalera erabilgarria), 75 bi gelakoak (65 m²) —horietatik 2 mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta egongo dira— eta 9 hiru gelakoak (85 m²), hauek ere 2 etxebizitza egokituekin.

Sustapenean, gainera, 134 garaje-plaza egingo dira —91 etxebizitzenak eta 43 libreak—, hiru garaje independentetan banatuta, eta horietara arrapala bakar batetik sartuko da. Trastelekuak -1 eta -2 sotoetan kokatuko dira.

Diseinu arkitektonikoan, hegoaldera, ekialdera eta mendebaldera orientatu dira egongela-sukaldea-jangela, argi naturala errazago sar dadin. Barruko espazioak uniformeki daude banatuta, eta atari eta eremu komunetan ibilbide argiak, ikusgarriak eta seguruak lehenetsi dira, zokoak eta ikusgaitasunik ez duten puntuak saihestuta. Irekiera-sentsazio hori indartzeko, igogailu eta atondo-ate guztietan beirak jarriko dira, espazioen arteko ikusgaitasuna bermatzeko. Azpimarratzekoa da promozioak Indushouse enpresa arabarrak egindako bainu industrializatuak dituela, garai eta lan modu berrietara egokitzen diren espazioak; beraz, efizienteagoak dira eta akabera hobea dute.

Instalazioei dagokienez, arreta berezia eskaini zaie eraikuntza-soluzioei, lehen mailako energia-kontsumoa ahalik eta gehien murrizteko xedearekin. Estalkiak autokontsumorako panel fotovoltaikoak izango ditu, eta, horri esker, eraikinak A energia-ziurtagiria lortuko du. Era berean, irisgarritasun unibertsala bermatzen da, bai atarietan, bai espazio komunetan. Gainera, eraikuntza modu efiziente eta jasangarrian integratuko da bere hiri-ingurunean.

Testuingurua

2021eko abenduan, Eusko Jaurlaritzak R-9 lursaila erosi zion Zarauzko Udalari —1,9 milioi euroren truke (+ BEZ) —, eta udalak urbanizazio-kostuak eta lurzoruaren deskontaminazioa bere gain hartu zituen. Baita eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren (EIOZ) % 95eko gehieneko hobaria aplikatu zuen, interes bereziko jarduera zelako.

Esleipendunek etxebizitza babestua eskuratzeko baldintza orokorrak bete behar dituzte, eta Zarautzen gutxienez urtebete egon behar dute erroldatuta, etenik gabe, edo hiru urte, txandaka, azken bost urteetan.