Ubarretxenak espero du urtarrilaren 16an akordioa hitzez-hitz betetzea

Argitalpen-data: 

Elkarrizketa_Euskadi_Irratia.jpeg
  • Sailburuak Euskadi Irratian eskainitako elkarrizketan, Transferentzien Batzorde Mistoaren atzerapena atsekabez hartu zutela adierazi du
  • “Negoziaketa eta akordio dinamika generaman eta atzera pausua eman da, baina urtarrilean bost eskumen hauen espiritua bermatuta izango dugula espero dugu” adierazi du Ubarretxenak

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenak, Euskadi Irratiari elkarrizketa eskaini dio gaur. Bertan, “uztailean Estatuko presidentearekin adostutakoa, urtarrilaren 16an hitzez hitz betetzea espero dugu,. Erantzukizuna eskatzen dugu, bost eskumen hauen espiritua bermatuta egon behar duelako” adierazi du sailburuak.

Azken astean, Transferentzien Batzorde Mistoaren bileraren atzerapena “sorpresaz eta atsekabez hartu dugu, negoziaketa eta akordio dinamika generaman eta atzera pausua eman dugu” esan du Ubarretxenak. Era berean, Estatuko idazkarien jarrera ere salatu du “azken momentuko interesak edo beldurrak azaleratu dituzte adostutako akordioan oztopoak jarriz.”

Sailburuak gogorarazi du eskualdatzeke dauden beste eskumenak “paraleloan lantzen jarraitzen ditugu. Urriaren 8an aurkeztu genituen hamar proposamen, aireportuak edo portuak esaterako barne, eta horien inguruan deskantsurik gabe lanean jarraitzen dugu, gure helburua berdina izaten jarraitzen du; 46 urtez bete ez den legea, behingoz bete ahal izatea”.

Gaurko Enplegu publikoaren egoera ere balioetsi du sailburuak “buelta handia eman zaio bitartekotasun tasari, ahalegin handia izan da, eta momentu honetan %11a inguruan gaude. %8ra iristeko pausuak ematen ari gara, horien artean 2025eko Lan Eskaintza Publiko berriak onartu ditugu, eta datorren urtean martxan jarriko ditugu 4.700 plaza baino gehiagorekin”. Eta langile publikoen soldataren inguruan “prozesuak atzetik lan ikaragarria du, ez da egun batetik bestera egiten den gai bat. Urtarrilean, Gobernu Kontseiluan onarpenaren ondoren, ordainketa etorriko da” azaldu du sailburuak.

Azkenik, euskararen egoerari buruz ere galdetuta, sailburuak gogoratu du “momentu honetan euskarak behar duena guztion babesa da, gizarte-sektore guztiena, eta euskararen inguruan jende berria erakartzea, inoiz baino gehiago adostasun zabalena behar du euskarak”.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)