Agindu honen xedea honako hau da: turismo-sektoreko enpresek produktu berriak sortzeko eta merkaturatzeko laguntzak arautzea eta horien deialdia egitea, izaera ekintzailea eta berrikuntzaren kultura sustatzea, eta Euskadi Basque Country marka turistikoaren posizionamendua sendotzen eta ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen duten ekitaldiak bultzatzea.
Hauek dira erakunde onuradunak:
- Zerbitzu turistikoak ematen dituzten mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETEak) edo haien arteko elkarteak; deialdi honetan, berrikuntza gisa, eskatzen da Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan (ETEE) inskribatuta egon daitezela. Baita jarduera turistiko osagarriak egiten dituztenak ere.
- Irabazi-asmorik gabeko elkarte, fundazio eta erakundeak, baldin eta turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko jarduerak badaude haien helburu sozialaren barruan.
Laguntza horren zenbateko ekonomikoa 934.000 €-koa da.
Euskadin egiten diren turismo-produktuak sortu, abiarazi, sustatu eta merkaturatzeko proiektuetarako gehieneko dirulaguntza onartutako gastuaren % 60 izango da, eta gehienez ere 20.000 euro onuradun bakoitzeko. Eremu geografikoa Lurralde Historikoa edo Euskal Autonomia Erkidegoa duten turismo-arloko enpresa-elkarteen kasuan, gehieneko zenbatekoa 40.000 eurokoa izango da.
Euskadin egiten diren eta Espainian eta nazioartean oihartzun mediatikoa duten kultura gastronomia- eta kirol-ekitaldiei laguntzeko proiektuetarako gehieneko dirulaguntza, baldin eta Euskadiren irudia eta turismo-posizionamendua sendotzen eta ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen badute, onartutako gastuaren % 50 izango da, eta, gehienez ere, 7.500 euro onuradun bakoitzeko. Ekitaldiak aurten gutxienez 5. edizioa betetzen badu eta/edo ondoz ondoko hiru egun edo gehiago irauten badu, gehieneko zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da.
Jarduketak, diruz lagun daitezkeen gastuak eta laguntzen zenbatekoa
- Euskadin egiten diren turismo-produktuak sortzen, martxan jartzen, sustatzen eta merkaturatzen laguntzea.
Atal honetan, Euskadin egindako ekimenak babestuko dira, produktu turistiko lehiakorrak, arduratsuak eta jasangarriak gauzatzen eta merkaturatzen laguntzen dutenak, baita izaera ekintzailea eta berrikuntzaren kultura sustatzen ere.
- Euskadin egindako kultura-, gastronomia- eta kirol-ekitaldiei laguntzea, Espainian eta nazioartean proiekzioa badute eta Euskadiren irudia eta turismo-posizionamendua sendotzen laguntzen badute.
Atal honetan, Euskadik bikaintasuneko eta lehiakortasuneko helmuga turistiko gisa duen posizionamendua sendotzen eta ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen duten ekitaldiak babestuko dira.
Agindu hau ekainaren 10ean argitaratuko da aldizkari ofizialean.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)