Bidaia ahalik eta gehien aprobetxatzeko, garrantzitsua da trenbide garraioaren erabiltzaile gisa dituzun eskubideen berri izatea. Horrela ezustekoren bat gertatzen bada, zure eskubideei buruzko informazioa baduzu eta horrelako egoeretan zer egin behar duzun baldin badakizu eramangarriagoa izango da egoera. Txartela erosten duzun unetik, helmugara iritsi arte, zure eskubideak zurekin bidaiatzen dute. Horregatik, funtsezkoa da honako hauek kontuan hartzea:
Bidaiaren aldaketei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea duzu bai bidaia aurretik baita bidaian zehar ere. Zerbitzuan etenaldi edo atzerapenei buruzko abisuen berri eman behar dizute (aurreikusita daudenak zein denbora errealean gertatzen direnak).
Atzerapen eta ezeztatzeen aurrean zure eskubideak:
60 minutu baino gehiagoko atzerapena aurreikusten denean, honako aukeren artean bat hautatu ahalko duzu:
- Txartelaren prezioaren zenbateko osoa itzultzea (egin gabeko bidaiaren zatiari edo zatiei, eta dagoeneko egindakoari edo egindako zatiei dagokiena) Nolanahi ere, abiapuntura eramateko eskubidea ere baduzu.
- Bidaiarekin jarraitzea edo beste bide batetik bidaiatzen jarraitzea antzeko ezaugarriak dituen garraiobide batean ahalik eta lasterren.
- Bidaiarekin jarraitzea edo beste bide batetik jarraitzea, bidaiariari komeni zaion ondorengo data batean.
Hautatutako aukera bidaiatzen jarraitzea bada, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea duzu:
- Atzerapena 60 minututik beherakoa bada, ez dago kalte-ordainik
- 60-119 minutu arteko atzerapenengatik, txartelaren prezioaren %25ekoa izango da kalte-ordaina.
- Atzerapena 120 minututik gorakoa bada, txartelaren prezioaren %50 izango da kalte-ordaina.
- Bidaia bertan behera utzi badute, txartelaren kostua itzultzeko eskubidea duzu. Bidaiak tren-aldaketa badu eta ibilbideetako bat bertan behera utzi badute, osorik (bidaiak ez badu zentzurik) edo zati bat itzultzeko eska dezakezu. Nolanahi ere, abiapuntura eramateko eskubidea ere baduzu.
Laguntza jasotzeko eskubidea
Atzerapena 60 minututik gorakoa bada, honako hauek izateko eskubidea duzu: behar adina janari eta edari, itxaronaldiari dagokion neurrian, ostatua gaua igaro behar izanez gero, gertuen dagoen ostatura eta/edo geltokira eramateko eskubidea.
Berehala bidaiarekin jarraitzea ezinezkoa denetan, helmugara iristeko ordezko garraiobidea eskaini behar du konpainiak ahalik eta lasterren.
Eta atzerapena salbuespenezko egoera batek eragin badu?
Hala ere, tren konpainiak frogatzen badu atzerapena ezohiko baldintzek eragin dutela, (muturreko baldintza meteorologikoak edo zerbitzuaren funtzionamendu segurua arriskuan jartzen duten hondamendi natural larriak) ez daude derrigortuta eragindako bidaiarien legezko konpentsazioa ordaintzera.
Non erreklamatu dezaket enpresarekin akordiorik lortzen ez badut?
Zure eskubideak errespetatu ez direla uste baduzu tren-konpaiari erreklamatu beharko diozu. Konpainiaren erantzunak asetzen ez bazaitu erreklamazio zure lurralde historikoari dagokion Garraio Arbitraje Batzordean aurkeztu behar duzu (Arabako Garraio Arbitraje Batzordean, Bizkaiko Garraio Arbitraje Batzordean edo Gipuzkoako Garraio Arbitraje Batzordean).
Horiek orientabide orokorrak dira. Konpainiek ezarritako aldaketei eta ezeztapenei buruzko arauak kontsultatu behar dituzu beti. Zenbait kasutan, tren-konpainiak puntualtasun-konpromisoa eskaintzen du, eta, trena garaiz iritsi ezean, kalte-ordainak eskatzeko aukera ematen dizu; Europako araudian ezarritakoak baino onuragarriagoak dira, gainera, kalte-ordain horiek. Halaber, baliteke berandutzea eragin duten arrazoiak edozein direla ere konpainiak dirua itzultzea bermatzea.
Gogoratu!, Irten aurretik informazioa bildu eta bidaiatu babestuta zaudela jakinda, lasaitasunez.
