Torres Lehendakariordeak laneko jazarpen-protokoloen eta arrisku psikosozialen kudeaketaren garrantzia nabarmendu du

Argitalpen-data: 

  • Bere ustez, “kontratua automatikoki azkentzea baino aukera gehiago” egon daitezke, eta lege-birformulazio horrek “onurak” ekarriko lizkieke langileei eta enpresei 

Mikel Torres Lehendakariordeak langileen adimen-osasun eta osasun emozionalaren garrantzia azpimarratu du. Beharrezkotzat jo du ikertzea eta hobekuntzak proposatzea jazarpen-protokoloak egiteko, negoziatzeko eta ezartzeko, bai eta arrisku psikosozialak ebaluatzeko eta kudeatzeko ere. 

Hala adierazi du ostiral honetan Bilbon, Diskriminazioa eta Jazerpen Moralaren Euskal Behatokiaren “Ezgaitasun prestazioak, lanera itzulerak eta zentzuzko egokitzapenak” jardunaldiaren inaugurazioan. Ekitaldi honetan, gainera, Torresek “eredu malgu” baten alde egin du, ezintasun iraunkorra eta enplegua bateragarri egiteko, “egin beharreko lanak moldatuz, prestazioa erabat galdu gabe”. 

Torresen ustez, lanerako “ezintasun iraunkorra deklaratu ostean, kontratua automatikoki azkentzea baino alternatiba gehiago” sor daitezke. Eta lege-birformulazio horrek “langileentzat eta enpresentzat onurak” ekarriko lituzkeela ziurtatu du, “baina soilik, uneoro, pertsonen osasunean pentsatuz egiten bada”. 

Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuaren ustez, betebehar hori “ez dago gure lan-merkatutik kanpo, ezta gure legeriatik ere”; izan ere, lan-arriskuak prebenitzeko indarrean dagoen araudiak jasotzen du lanpostuak langileen gaitasunetara egokitu behar direla, segurtasun- eta osasun-arrazoiengatik. 

“Paradigma-aldaketa horrek eredu inklusiboagoa sustatzen du, baina ziurgabetasunak eta segurtasunik ezak ere sortzen ditu, bai enpresentzat, bai langileentzat”, gehitu du, eta gaineratu du “arazo praktiko batzuk konpondu beharko liratekeela, hala nola pizgarri-falta, enpresa txikien zailtasunak edo sektore publikoaren eta pribatuaren arteko arrazoizko doikuntzak aplikatzeko desberdintasunak”. 

Era berean, Torres lehendakariordeak lanera itzultzeko protokoloak ezartzea proposatu du, iraupen luzeko gaixotasunak izan ostean, hala nola minbizia edo COVID iraunkorra. 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)