Mikel Torresek nabarmendu du Lanbidek ezinbesteko zeregina duela belaunaldi aldaketa betean dauden pertsonen eta enpresen arteko orientazioan, formakuntzan eta loturan.
Gaur, Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburu eta lehendakariorde Mikel Torresek inauguratu du Lanbideren bulego berria, Bilboko San Inazio auzoan, Zarandoa etorbideko 13. zenbakian kokatua. Zentro berri horren irekiera beste aurrerapauso bat da Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren bulego-sarearen modernizazio-prozesuan, eta Lanbide Hobetzen arreta-ereduaren ezarpenean, zeinak zerbitzu arinagoa, pertsonalizatuagoa eta hurbilagoa eskaintzea duen helburu.
Bulego horrek arreta eskainiko die Bilboko 1. barrutiko bizilagunei (Deustu, Ibarrekolanda, Arangoiti eta San Inazio-Elorrieta), baita Txorierri eskualdeko herrietako pertsonei ere (Sondika, Derio, Zamudio, Loiu, Larrabetzu eta Lezama), hauek izango baitute erreferentziazko bulego gisa. Zonalde horietan bizi direnen artean, guztira 11.000 pertsona inguruk (10.922) jasotzen dituzte Lanbideren zerbitzuak; horietatik % 50 langabetuak dira eta % 50 lanean ari diren pertsonak.
Torres lehendakariordeak azpimarratu duenez, “Euskadik funtsezko hamarkada bati egin behar dio aurre, 675.000 enplegu aukera sortuz". Torresek du, Lanbideren Behatokiaren arabera, datozen hamar urtetan 112.500 enplegu berri sortuko direla hedapen ekonomikoagatik, eta 562.500 erretiroen ondoriozko ordezkapenengatik. “Trantsizioko hamarkada baten aurrean gaude, eta erronka handi bat dugu aurretik, talentua ordezkatzearena eta belaunaldien arteko erreleboarena, non funtsezkoa izango den aurrea hartzea, pertsonak kualifikatzea eta enpresei laguntzea”, nabarmendu du.
Era berean, balioan jarri du Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak herritarren eta enpresen zerbitzura dagoen “ezinbesteko” tresna gisa duen zeregina: “Egunero, instalazio horietan aukera baten bila dabiltzan pertsonei eta talentua behar duten enpresei lagunduko zaie. Bi munduak lotuko dira: lanarena eta aukerena”, adierazi du.
Lehendakariordeak azpimarratu du Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak giza baliabideak, baliabide teknikoak eta ekonomikoak bideratzen dituela “inor atzean geratzen ez dela bermatzeko”, eta lehentasuna ematen diola “pertsona guztiek enplegu duina eta kalitatezkoa izan dezaten, eta enpresek hazten jarraitzeko behar dituzten profilak aurki ditzaten”.
Eraldaketa ekonomiko, teknologiko eta demografiko handien testuinguruan, Lanbide pertsonen eta enpresen arteko “funtsezko pieza” gisa finkatu da, “orientazio pertsonalizatua, laneratzeko ibilbideak, merkatura egokitutako prestakuntza, enplegu eta prestakuntza programak eta kontrataziorako laguntzak” eskaintzeko, Torresek berretsi duenez. Eta adibide gisa jarri du LanMentoring ekimena, plantilletan belaunaldien arteko erreleboa planifikatzen eta erakundeetan ezagutzaren transferentzia egiten laguntzen duena.
Beste urrats bat Lanbiderentzat
San Inazioko bulego berria beste urrats bat da Lanbideren estrategian: bulego ireki, eraginkor eta hurbila, arreta hobetu eta auzoen bihotzean enplegu zerbitzuetarako sarbidea errazten duena. “Enplegua da herrialde batek izan dezakeen politika sozial eta ekonomikorik onena. Eta Euskadin, egunero egiten dugu lan etorkizuna bidezkoagoa, inklusiboagoa eta guztiontzat aukeraz betea izan dadin”, defendatu du Mikel Torresek.

Proiektuak lokalaren berritze integrala izan du helburu, eta 950.618 euroko inbertsioa behar izan du, baita zortzi hilabeteko gauzatze-epea ere. 2022ko abenduan erositako lokalak 400 metro koadro baino gehiago ditu beheko solairuan, guztiz irisgarria da (kota zeroan) eta argiztapen naturala du gela guztietan, langileentzat zein herritarrentzat ingurune eroso eta egokia bermatzeko.
Zentro berriak 31 lanpostu izango ditu guztira: horietatik 22 Lanbideri dagozkio eta 9 SEPEri, bi zerbitzuen arteko lankidetza errazten duena. Lanbideren lanpostuak honako zerbitzu hauetara bideratuta daude: orientazioa, prestakuntza, bitartekaritza, enpresentzako arreta eta prestazioen kudeaketa (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta –DSBE/RGI– eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera –BGDS/IMV–).
Instalazioek, gainera, hiru bulego dauzkate: bi arduradunentzat eta bestea genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko. Halaber, hauek ere badituzte: erabilera anitzeko gela jarduera eta bilerak egiteko, itxarongela irisgarri eta erosoa, atseden hartzeko guneak langileentzat, artxiboak eta instalazio teknikoak.
San Inazioko bulego berriak Lanbideren sareari espazio moderno, jasangarri eta irisgarriak eskaintzeko helburua du, zertarako eta herritarrentzako arreta pertsonalizatu eta hurbilagoa sustatzeko eta langileen lan-baldintzak hobetzeko.
Berritze-lanak Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren bulego-sarea egokitzeko eta hobetzeko planaren parte dira. 2020tik, Lanbidek sei bulego erosi ditu eta hamabost bat eraberritze egin ditu, maila desberdinetakoak. Gaur egun, Lanbidek 42 herritarrentzako arreta-bulego ditu EAEn zehar banatuta.
Modernizazio-prozesuak 2025ean eta 2026an jarraituko du, Oion, Donostia-Gros, Irun, Lasarte-Oria, Tolosa eta Zarautzeko bulegoetan aurreikusitako (edo martxan dauden) jarduketekin, helburua izanik sare osoaren eraberritzea.
San Inazioko bulegoaren irekiera Lanbideko eraldaketa estrukturalaren testuinguruan kokatzen da, baita Euskal Enplegu Legearen aplikazioan ere. Lege horrek enplegu-zerbitzuen eskatzaile guztiei honako eskubide hauek bermatzen dizkie: enplegagarritasunaren diagnostikoa, enplegu-plan integrala eta pertsonalizatua, eta erreferentziazko orientatzaile profesional baten laguntza jarraitua.
Era berean, behin Zuzenbide Pribatuko Ente Publikoa bihurtuta, Lanbideren etapa berriak kudeaketa arinagoa, eraginkorragoa eta malguagoa ahalbidetuko du, eta horrek bai pertsonen, bai enpresen beharrei erantzuteko gaitasuna indartuko du eta Euskal Enplegu Sarearen ardatz gisa duen papera sendotu.
Horiek horrela, San Inazioko bulego berria beste urrats bat da Lanbidek zein Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak duten konpromisoan, zertarako eta pertsonak ardatz dituen enplegu-zerbitzu publiko modernoa, eraginkorra eta kalitatezkoa eskaintzeko, eta, horrela, Euskadiko ongizate kolektiboari eta gizarte-kohesioari laguntzeko.