Torres lehendakariordeak eta Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak Ermuan terrorismoaren biktimei egingo zaien omenaldian parte hartuko dute

Argitalpen-data: 


      ERMUA_25071116.jpeg
  • María Jesús San Josék terrorismoaren biktimen omenez Ermuko Udalak antolatu duen ekitaldian parte hartu du gaur

María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak adierazi duenez, “memoria demokratikoak izan behar du gure etorkizuna eraikitzeko oinarri nagusia”, eta “egiarekin, justiziarekin eta erreparazioarekin” duen konpromisoa berretsi du. Terrorismoaren biktimen omenez Ermuko Udalak antolatu duen ekitaldian parte hartu du gaur San Josék.

Agustin Ibarrolaren monolitoaren eta herritarren eta erakundeen ordezkaritza zabalaren aurrean —bertan izan dira Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua, Marisol Garmendia Gobernuaren Euskadiko ordezkaria edo Beatriz Gamiz Ermuko alkatea—, sailburuak azpimarratu du “biktimei entzutea, haien duintasuna babestea eta haien aitortza bermatzea betebehar instituzionala ez ezik, betebehar morala ere badela”.

Hitzaldian, San Josék gogoratu du “ez dagoela gizarte justurik basakeriaren biktimak izan zirenak ahazten baditu”, eta erakundeek egia, justizia eta erreparazioarekin duten konpromisoa berretsi du. “Oroitzeko ez ezik, orainaldi justuagoa eta etorkizun askeagoa eraikitzeko bildu gara”, adierazi du. Era berean, memoria demokratikoa bizirik mantentzearen garrantzia azpimarratu du, “gure etorkizuna eraikitzeko funtsezko oinarria”, eta ahaztearen arriskuez ohartarazi du: “zabaltzen bada, ez du iragana soilik ezabatzen, etorkizuna usteldu ere egin dezake”.

San Josék Miguel Ángel Blanco eta Sotero Mazo ETAk eraildako ermuarrak gogoratu nahi izan ditu, eta azpimarratu du Euskadin “ez dagoela ezberdin pentsatzen duenaren indarkeria, intolerantzia eta deshumanizaziorako lekurik”.

Azkenik, erakunde, hezkuntza, kultura eta aktibismo zibikotik errespetuan, duintasunean eta elkarbizitzan oinarritutako memoria kolektiboa zaintzen eta transmititzen laguntzen dutenen lana eskertu du, eta, espresuki familiei zuzenduta, haien testigantza “gure gizartearentzako itsasargi etikoa” dela ziurtatu du. “Haien memoria ondare kolektiboa da, eta konpromisoz zaindu behar dugu”.

Ekitaldia Agustin Ibarrolaren monolitoaren ondoan egin ohi den lore-eskaintzarekin amaitu da, obra sinboliko horrek, sailburuaren hitzetan, “harri tinko bat ahanzturaren aurrean” irudikatzen baitu.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)