Teknolojia eta berrikuntza arrantza efiziente eta jasangarri baterako

Argitalpen-data: 


      20020531_01_0004.jpg
  • AZTIk soluzio digital eta ingurumen-soluzio berriak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren laguntzarekin
  • Arrantza-sektorearen jasangarritasuna sustatzea egungo erronken aurrean
  • Proposamenen artean: adimen artifiziala erabiltzea, antxoarentzat eta atunarentzat algoritmo prediktiboekin, arrantza-eragiketak optimizatzeko

Sukarrieta, Bizkaia, 2025 04 08  

AZTI zentro teknologikoak argitaratu duen txosten batek arrantza-sektorearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzera bideratutako abangoardiako soluzio teknologikoak proposatzen ditu, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren laguntzarekin. Lan horrek klima-aldaketaren, erregaien prezioaren igoeraren edo arrantza-baliabideen kudeaketa arduratsuagoa ziurtatzeko beharraren ondorio diren erronkei aurre egiteko epe labur eta ertainera aplika daitezkeen tresnak identifikatzen ditu.

Arrantza-sektorearen jasangarritasuna lehentasun estrategikoa da Eusko Jaurlaritzarentzat, eta, ikerketa-zentroekin eta sektorearekin batera, itsasoko baliabideak eraginkortasun eta ardura handiagoarekin eta egungo klimaren eta ekonomiaren testuingurura egokituta kudeatzeko modu berriak sustatzen ditu,

Proposamen aipagarrienen artean dago adimen artifiziala erabiltzea arrantza-eragiketak optimizatzeko. AZTIk algoritmo prediktiboak garatu ditu, besteak beste, antxoa edo atuna bezalako funtsezko espezieak harrapatzeko probabilitate handieneko eremuak zehaztasunez lokalizatu ahal izateko, eta horrek energia gutxiago kontsumitzea eta jarduerari lotutako emisioak murriztea ekarriko du.

Gainera, harrapaketak itsasontzian automatikoki identifikatzeko eta sailkatzeko ikusmen artifizialeko sistemak sartzeak aurrerapen nabarmena dakar baliabideen ustiapen arduratsuagorako bidean, itsasotik merkaturatze-katera arteko kontrola eta trazabilitatea indartuz.

Ingurumen-inpaktu txikiagoa

Txostenak flotaren deskarbonizazioan aurrera egiteko beharra azpimarratzen du, eta, helburu horretarako, AZTIk ontzi-mota bakoitzera egokitutako estrategiak proposatzen ditu, bai eta material alternatiboak, energia garbiak eta kontsumoa optimizatzeko sistemak aztertzea ere.

Era berean, arrantzaren arloan ekonomia zirkularraren ikuspegiari balioa ematen dio: sareak eta tresnak berrerabiltzetik hasita, bai eta itsasoko hondakinak murrizteko soluzioak diseinatzea ere.

Espezie babestuak ustekabean harrapatzeari dagokionez, txostenak proposatzen ditu monitorizazio elektronikoko teknologiak, sentsoreak eta baztertze-dispositiboak, itsas fauna, hala nola dortokak, zetazeoak edo hegaztiak, modu seguruan askatzea ahalbidetzen dutenak, modu horretan ekosistema kontserbatzen laguntzeko.

Ezagutza

EAEko esparru publikotik bultzatutako era honetako ikerketek flota modernizatzeko prozesuak indartzen dituzte, arrantza-enpresen lehiakortasuna hobetzen dute eta datu zientifikoetan oinarritutako kudeaketa babesten dute. Digitalizazioa, prestakuntza eta tresna berritzaileak garatzea funtsezkoa da arrantza-jarduera klima-aldaketaren erronketara egokitzeko eta ingurumen-jasangarritasunaren, bideragarritasun ekonomikoaren eta gizarte-kohesioaren arteko oreka bermatzeko.

Eusko Jaurlaritzak sektoreari itsas ingurunea errespetatzen duen arrantza moderno eta eraginkorrerako trantsizioan laguntzeko konpromisoa betetzen jarraitzen du, belaunaldi-erreleboa eta etorkizuneko erronken aurrean erresilientzia sustatzen diren aldi berean,

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)